Kultura, erabat geldituta

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 8a, 17:02

Koronabirusak ondorio larriak ekarri dizkigu hainbat arlotan: osasuna, industria, merkataritza, garraiobideak... Eta kultura. Sektore horretako lagunak kezkatuta daude, beste esparru batzuetan gertatu den moduan, "dena geldituta dagoelako". Ana Apika eta Josu Camara aktoreen, Gotzon Barandiaran kultur-eragilearen eta Arkaitz Hormaetxe Baga Biga produkzioak enpresako kidearen testigantzak jaso ditugu kulturgintzaren egoeraren berri izateko. 

"Ederra egin zidan koronabirusak! Izan ere, udaberrian eta batez ere martxoan lan pila nuelako: saio batzuk, Emakumeen Egunaren eta Liburuaren Egunaren haritik; beste batzuk, Bilboko liburutegietan; beste batzuk, institutuetan; beste batzuk, Txorierriko eskoletan... Guztira 22 saio bertan behera utzi behar izan nituen. Guztiak kontratupean, baina ez dira egin eta, ondorioz, ez ditut kobratu. Batzuek esan digute atzeratuko direla, baina, nire ustez, saio asko eta asko ez dira egingo", dio Ana Apika aktoreak. Ana Larrabetzun bizi da aspalditik eta 25 urteko eskarmentua du agertokian: klowna, ipuin-kontalaria...   

Lana ez ezik heziketa ere alferrik galdu du larrabetzuarrak. "Urtean zehar, hitzordu garrantzitsu bi ditut: Durangoko Topaclown eta Bartzelonako Circ Cric jaialdiak. Beste pailazo batzuekin elkartzen naiz bertan eta elkarri erakusten diogu lana. Ezinbestekoa da besteek zer egiten duten ikustea. Oso aberasgarria da, izugarri ikasten dut jaialdi horietan, baina aurten bertan behera gelditu dira, noski".

Anak etxean lan egiteko ohitura dauka, baina bere hitzetan, itxialdia "zoramena" izan da. "Gogorra izan da eta ume txikiak ditugunontzat, are gogorragoa. Arreta gutxi jarri ahal izan diot lanari eta lankideen baldintzak ere ez dira batere lagungarriak izan: biak dira irakasleak, eta biek dituzte ume txikiak. Bakarrik bideo batzuk grabatu ditut, online plazaratzeko", adierazi du Apikak. 

Uda etorri da eta garai honetan larrabetzuarrak ez du lan handirik izaten; ondorioz, oporrak hartzen ditu. "Valentziara joateko asmoa genuen, bikotekidea bertakoa baita eta gurasoak ikusi barik sei hilabete baitaramatza. Hala ere, azkenean ez dakit zer egingo dugun, lan egin beharko dudalako. Ez dakit, esaten dute udan zerbait egingo dela, baina AEDA Ahozko Kontaketaren Profesionalen Elkartearen kidea naiz eta haiek aipatu dute 2021era arte ez dela lanik egongo. Kezkatuta gaude, ez dakigulako krisia noiz arte luzatuko den". 

 

"Kezkatuta gaude, ez dakigulako krisia noiz arte luzatuko den"

 

Perspektiba galdu

Josu Camara aktoreak ere sufritu ditu itxialdiaren ondorioak. "Martxoaren 14an, Martin Zalakain antzezlana estreinatu be­har genuen, baina ezinezkoa izan zen. Eta ez da bakarra izan: beste antzezlan batzuk eta ematen nituen tailerrak ere bertan behera gelditu dira". Lanari dagokionez, lezamarrak esan du kezkatuta dagoela. "Gurea lan obsesiboa da, erabat murgildu behar zara pertsonaiarengan. Hala ere, lanik ez dagoenez, perspektiba galdu dut apur bat". 

Camararen hitzetan, itxialdiaren hasiera "traumatikoa" izan zen. "Fase ezberdinak gainditu ditut etxean geundela: hasieran, oso txarto, eta denboraren poderioz, gizarte mailako arazoa zela konturatu nintzen eta horrek larritasuna ekarri zidan: informazio pila zegoen, batzuetan kontraesanez betea, beste batzuetan erabat aldakorra, irudi tamalgarri batzuk ikusi ditugu... Eta ni zoriontsua naiz, baserri batean, bailara zoragarri batean bizi naizelako, eta ortutik-eta mugitu ahal naizelako".  

Lezamarrak hainbat urte eman zituen Kukubiltxo antzerki taldean eta hori desagertu zenetik, lanean jarraitu du. Itxialdian, orain dela urte bi mahai gainean zuen proiektu bat lantzea erabaki du. "Gotzon Barandiaranek idatzitako Hildako haurra bakarrizketa hasi naiz prestatzen. Ez dakit noiz eramango dudan agertokira, baina gutxienez, testua lantzen dudan bitartean, sasoia ez galtzea espero dut". 

Lezamarrak "laino artean" ikusten du etorkizuna. "Dei batzuk jaso ditut, baina ez dakigu ezer: protokoloek antzerkietan eta ikuskizunetan zelango arauak ezarriko dituzten, jendearen erantzuna, hau da, antzerkietara itzultzeko prest egongo den ala ez... Dena dago ilun. Egoerak zalantza barik atzerapausoa ekarriko dio antzerkigintzari, eta hori gertatzen denean, uste dugu laster berreskuratuko dugula, baina normalean ez da horrelakorik gertatzen: 2008ko krisialdian baldintza batzuk galdu genituen eta ez ditugu horiek oraindik  berreskuratu. Eta hemendik aurrera, ziur, asko gutxiago programatuko da, gutxiago ordaindu, antzezlan txikiagoak izango dira...".

 

"Egoerak atzerapausoa ekarriko dio antzerkigintzari, eta ez dut uste laster berreskuratuko dugunik"

 

Hala ere, Camara ez da erabat ezkorra eta itxaropentsu ere agertu da "egoera larrietan sormena pizten delako".  "Espero dut kulturak formula berri bat asmatzea, 0 kilometroko kultura edo horrelako zerbait: hau da, jendea tokian tokiko ikuskizunak eta artistak ikustera joatea. Ez dakit hori bateragarria izango den erakunde publikoek kudeatzeko erarekin, baina tira", esan du aktore lezamarrak. 

 

Euskal kulturgintza, ahul

Gotzon Barandiaranek uste du euskal kulturgintzak beste kolpe latz bat jaso duela. "Batzuok aspalditik ibili gara salatzen gure kultura-industria ahula dela eta, horrela jarraituz gero, ez duela iraungo. Hainbat eragileok hartzen dugu parte euskal kulturgintzan eta guztien artean ekosistema antzeko bat osatzen dugu: herri eragileak, erakunde publikoak, profesionalak –argitaletxeak, diskoetxeak...–, komunikabideak –premiazkoak, dena zabaltzeko–, hezkuntza –bai gurasoak, bai eskolak– eta bezeroak edo kontsumitzaileak. Elkar elikatzen dugu", esan du Larrabetzuko sortzaileak.   

Barandiaranen ustez, arazoak daude ekosistema horren alde guztietan. "Sortzaileon lan-egoera eskasa da, askotan kontraturik ez dugulako. Azken batean, oso zaila da babes juridikorik gabe lan egitea. Era berean, eskoletan, kulturaren transmitizioa ez dago bermatuta; eta euskaraz lan egiten duten komunikabideek gero eta dirulaguntza eta publizitate gutxiago ematen dizuete, eta gaztelaniaz egiten dutenei, aldiz, gero eta gehiago. Horiek adibideak baino ez dira, baina argi eta garbi uzten dute ekosistema ahula dela".  

 

"Gure kultura-industria ahula da eta, horrela jarraituz gero, ez du iraungo"

 

Barandiaran idazlea eta kulturgilea da. Guztira, bost liburu eman ditu argitara 2004tik 2018ra bitartean. Gainera, beste lan batzuk ere egin ditu: Bihotz Bakartien Klubaren (BBK) eta Katamalo taldearen partaidea izan da; Berri Txarrak taldeko agentea; eta Durangoko Azokaren lantaldean ibili zen 2011tik 2013 arte. "Koronabirusak dena gelditu du, hainbat proiektu bertan behera gelditu direlako. Ez dakigu udazkenean aurrez aurreko ikuskizunak itzuliko diren: agian birtualak izango dira, baina horretarako, baldintzak eta aurrekontuak moldatu egin beharko dira...", esan du larrabetzuarrak.

Besteei gertatu zaien moduan, Gotzonentzat ere gogorra izan da itxialdia. "Etxean egon behar izatea ez da erraza izan, ezin izan diogu arretari lanean eutsi, testuingurua ez delako izan lagungarria: batzuek familiakoak –bai umeak, bai nagusiak– zaindu behar izan dituztelako; beste batzuek, gehienok, diru-sarrerarik izan ez dugulako. Eta oro har, euskarak kolpe ederra hartu du denbora-tarte honetan: erakunde publiko batzuek argi erakutsi dute euskara bigarren mailako hizkuntza dela; ikasle batzuek erabat galdu dute eskolan euskararekin zuten harremana, eta horrek eragin zuzena izango du kulturgintzan...".     

Barandiaranen esanetan, egoera horrek agerian utzi du kulturak arazo bi dituela. "Batetik, kultura etekinari dago lotuta; eta bestetik, politikariek bakarrik hartzen dituzte erabakiak eta hori onartezina da, nork ideologia jakin baten arabera erabakiko baitu. Euskal kulturgintzaren ekosistemaren kideok elkartu behar egin genuke. Eta gizarte mugimenduek aspalditik antolatzen dituzte ekintzak burutu, nork bere herrian, baina gero eta zailagoa da herrialde bakoitzean erakunde publikoek era ezberdin batean kudeatzen dutelako. Ez dakit, guk Larrabetzun gutxienez, zerbait antolatuko dugu udan".

 

Urte sabatikoa

Arkaitz Hormaetxek Baga Biga Produkzioak enpresan egiten du lan eta hainbat musika talde kudeatzen dituzte bertan. Zamudioztarrak bat egin du besteek adierazi duten kezkarekin, koronabirusak bere arloan eragin "zuzen-zuzena" izan duelako. "Bost langiletik, lau gaude aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientearen barruan. Gainera, kontratatuta genituen kontzertu guztiak bertan behera gelditu edo atzeratu egin dizkigute: guztira, 200 saio. Zorionez, askok esan digute datorren urterako egingo dituztela. Laburbilduta, ia urte sabatikoa izango da aurtengoa", esan digu.

Uda garai ona da musika taldeek zuzeneko kontzertuak eskaintzeko, baina aurten aurreikuspenak ez dira oso onak, Hormaetxeren esanetan. "Udan, egia esan, ez dugu ezer antolatzeko ia aukerarik izango. Udalek, oro har, ez dute zuzeneko musika programatzeko gogorik. Zorionez, gutxi batzuek bai, zerbait egiteko asmoa adierazi dute. Eta, horiei esker, zerbait antolatu ahal izango dugu, normalean egiten dugunaren % 2 gutxi gorabehera". 

 

"Udalek ez dute udan zuzeneko musikarik programatuko. Beraz, lanaren % 2 baino ez dugu egingo"

 

Hala ere, Arkaitzek denbora librea aprobetxatu du proiektu berriak planifikatzeko. "Itxialdiaren lehenengo egunetan ezin nuen lana burutik atera: ez nekien etorkizunean zer gertatuko zen eta formula berriak pentsatzen ibili nintzen, musika taldeak kudeatzeko. Horrek urduri jarri ninduen hasieran, baina apurka-apurka lasaitu egin nintzen; pentsatu nuen ezin nuela ezer egin eta datorrenari aurre egingo niola. Eta bete-betean asmatu nuen, burua freskoa izatea lortu dudalako. Ondorioz, datorren urteari begira proposamen berriak pentsatu ditut, bai enpresarako, bai musika taldeentzat".

Proiektu berriak bai, baina berrikuntza handirik, ez, ordea, zamudioztarraren hitzetan, "musika arloan dena edo ia dena asmatuta dagoelako". Hormaetxek adierazi du itxialdian Interneten bidezko musika edo streaming-a garrantzitsua izan dela. "Tresna txukuna da, baina ez etorkizuna delako, baizik eta osagarri ona delako normalean egiten diren kontzertuetarako".

Baga Bigako kideak azpimarratu egin du kulturak duen garrantzia. "Euskal Herrian lagun asko mugitzen dira kulturaren inguruan. Eta batez ere itxialdian argi gelditu da funtsezkoa dela: esate baterako, terrazetan bat-bateko emanaldiek lagundu egin digute guztiok bizi izan dugun egoera zaila –etxean sartuta, kalera atera ezinik, familia zuzenean ikusi barik...– hobeto kudeatzen". 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).