Agustin Azkaratek Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa saria jaso du

Erredakzioa 2021ko aza. 10a, 09:00

Agustin Azkarate, saria jasotzen. / EUSKO IKASKUNTZA

Agustin Azkarate historialari eta arkeologoari eman diote 2021eko Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Saria, astearte honetan Gasteizko Santa Maria Katedralean egindako ekitaldian. Ane Zulaika ikus-entzunezko sortzaile donostiarrak ere saria jaso du.

Astearte honetan, Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien 2021eko Saria emateko ekitaldia izan da Gasteizko Santa Maria Katedralean, erakundeetako ordezkarien eta zientzia zein kultura arloko pertsona ezagunen presentzia zabalarekin. 2020ko Gazte Sariaren irabazleek, Alexander Gurrutxagak eta Joana Otxoak, musikaz alaitu dute ekitaldia, bere errepertorioko hiru pieza interpretatuz.

Aukeratutako lekua sarituetako batekin zerikusi estua izan du. Izan ere, Agustin Azkarate Garai-Olaun (Elorrio, 1953), Historian doktore eta EHUko Arkeologia katedradun, Santa Maria Katedralaren berritze-planaren inspiratzaile intelektuala eta zuzendari zientifikoa izan da. Azkaratek saria egiaztatzen duen diploma jaso du. Eskerrak emateko, "Anboto eta Udalaitz begien bistan" dituen baserri batean bere familiaren jatorria eta haurtzaroa gogoratu ditu, eta saria Gasteiz hiriari eskaini dio, "duela ia 40 urte adoptatu ninduen eta naizen guztia zor diodan hiriari; hiri aitzindari eta berritzaile gisa, ondarearen kudeaketa modu integralean, natura eta kultura uztartuz, sortzeko eta eraldatzeko ahalmen handia duen formula dela erakusten du". Hitzartzearen amaieran, honakoa adierazi du: "Oinordetzan jasotako ondareak, izan ginenaren memoriak, nortasun propioa ematen digu, berezi egiten gaitu, behin betiko indartzen gaitu, globalizazioaren marea geldiezinari arrakastaz aurre egiteko".

Ekitaldiaren hasieran, 2019az geroztik 35 urtetik beherako gazteek aurkeztutako ikerketa eta sorkuntza proiektuak babesten dituen Eusko Ikaskuntza Laboral Kutxa Gazte Saria banatu da: Ane Zulaika Aranburu ikus-entzunezkoen sortzailearen Emakumeak Blai lana saritu dute. "Protagonismorik izan ez duten emakume batzuen istorioak biltzeko" bere proiektuak duen izaera azpimarratu du Zulaikak, emakumearen, euskararen eta ondarearen garrantzia nabarmendu nahi duen film labur batean islatuko da hori guztia.

Hitzartzeak

Horren ostean, hitzaldien txanda ireki du Eva Ferreira Garcia EHUko errektoreak. Bere ustez, Agustin Azkarateren irakaskuntza eta ikerketa lanak "bere diziplinaren esparru espezifikoa, Arkeologia, gainditzen du, beste espezialitate batzuekin elkarrizketa konplexu eta emankorra garatzeko". Horrez gain, Ferreirak adierazi du bere lanean badagoela "ezagutza transferitzeko anbizio handia eta beste esparru zein diziplina batzuetara aplikatzeko alderdi bat".

Ondoren, Txomin Garcia Laboral Kutxako lehendakariak Azkarate irakasleak bere espezializazio arlotik harago "indarrak mobilizatzeko duen gaitasuna" azpimarratu du, "diziplina anitzeko eta lankidetzako dimentsioa, gazteen prestakuntzari nahiz mundu akademikoaren eta erakunde publiko eta pribatuen arteko zubiak ezartzeari aplikatzen zaiona". Garciaren ustez, "finean, pertsona berritzailea eta oso eskuzabala, ondare kultural, sozial eta zientifiko garrantzitsua utzi duena" da Azkarate.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak Araban XX. mendearen hasieran Eusko Ikaskuntzaren kide sortzaile diren Eguren, Barandiaran eta Aranzadi euskal arkeologiaren aitzindariek hasitako lanetan kokatu du Agustin Azkarateren ibilbidea. Lan horiek, Gerra Zibilaren eta gerraosteko lehen parentesiaren ondoren, Arabako Arkeologia Institutuak (AAI) hartu zituen. "Ondarearen Zientziaren arkeologo, irakasle, sustatzaile eta sozializatzailea; ezagutzaren ikertzaile eta esploratzailea, elkarlanaren, ahalegin bateratuaren eta helburu komunen inguruan sinergiak sortzearen aldeko apustua egiten dugunok inspiratu eta bultzatzen dituena", adierazi du Urkizak.

Ekitaldiaren amaieran, Iñigo Urkullu lehendakariak esker ona azaldu dio Azkarate irakasleari: "Eusko Jaurlaritzaren solaskide etengabea izan da, bere ideiak eta proposamenak aurkeztu ditu eta bere lankidetza eskaini du aholkua eskatu diogun bakoitzean".

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide