Eguberrietako argien "alferrikako gastua" murrizteko eskatu du Eguzkik

Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 11:10
Gabonetako argiak murrizteko eskatu du talde ekologistak. / Alea

Eguberrietako argiak hilabete batera mugatzeko eskatu talde ekologistak.

Gasteizko Udalak ostiral arratsaldean piztu zuen hiriko Gabonetako argiztapena. 286 arku instalatu ditu 35 kale eta plazatan, LED argiak 210 zuhaitzetan, bai eta 137 irudi ere, eta hori bera kritikatu du Eguzki talde ekologistak: "Glasgowko goi-bileraren izpiritua di-da batean ahaztu zaigu. 15 egunez jardun gara kezkati itxuran klima-larrialdia dela-eta neurriak hartu egin behar direla esaka, eta, begira, astebete geroago, eguberrietako argiak topera piztuta".

Eguzkik salatu du argindarraren prezioa goraka doanean eta familia asko hurrengo erreziboaren aurrean "zeharo ikaratuta" daudenean, Udala 42 egunez "energia xahutzeko prest" dagoela. "Udalak zertarako itzaltzen ditu udaletxeko fatxadaren argiak apirilaren 22an (Planetaren Egunean), baldin eta  gero, eguberrietan, 42 egunez argindarra xahutzen badu, harrabots handiarekin, gainera? Zer koherentzia-klase da hori? Planetaren Egunekoa itxura hutsa al da?".

Hala, Eguzkik argindar xahutze hau "pixkat leuntzeko" bi neurri proposatu ditu. Udalak argiak gaueko bederatzietan itzaltzea, batetik, eta datozen urteei begira eguberrietako argiak hilabete batera mugatzea, abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra, bestetik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide