"Mundu guztia helburu baten atzetik elkarregaz lanean dabilela ikusteak asebete egiten du entrenatzaile bat”

Joseba Derteano 2021ko eka. 11a, 09:40

Mikel Garitaonandiak (Durango, 1984) hamarkada bat baino gehiago darama Zornotza Saskibaloi Taldeari lotuta, ia urte denak entrenatzaile. Taldeko ardura hartu eta lehenengo denboraldian EBA mailatik Zilarrezko Mailara igo zuen taldeak. Harrezkero, behin baino gehiagotan egon da Urrezko Mailara igotzeko puntuan. Gatxa da zornotzarren aulkian beste aurpegi bat imajinatzea, baina oraingoz ez du argitu hurrengo denboraldian bertan jarraituko duen. Denboraldi exigente baten ostean, atseden hartu gura du, etorkizunari buruz berbetan hasi aurretik.

Denboraldi hasierako elkarrizketa batean esan zenuen: “Gure helburua zaleak berriro maitemintzea da. Berriro talde alaia eta dibertigarria izatea”. Helburuak bete direla esango zenuke?
Zorionez, aurten taldeak oso maila handia izatea lortu dugu. Joko erakargarria egin eta partidu asko irabazi dugu. Horrek beti erakartzen du jendea. Zoritxarrez, COVIDa dela-eta zaleak ezin izan dira kantxan gugaz egon, baina kalean eta sare sozialetan sentitu dugu euren berotasuna. Horrek asko betetzen gaitu, gure lanaren zentzua zaleak direlako.

Bizkaiko jokalarien aldeko apustua egin duzue, hutsuneak atzerriko jokalariekin beteta. Alkimia lan horretan asmatu duzuela dirudi.
Gure aurrekontuagaz, udako fitxaketen merkatuan lehiatzea oso gatxa izaten da. Guretzat oso garrantzitsua da maila ona duten Bizkaiko jokalariak klubera ekartzea. Baina ez da erraza. Askotan uste da gure kontua dela bakarrik, eta ez da horrela. Jokalariek euren bidea izaten dute eta, batzuetan gure bideagaz bat egiten dute, eta beste batzuetan ez. Aurten, zorionez, sei bizkaitarregaz hasi genuen denboraldia.

Zertan laguntzen du etxeko jokalari gehiago izateak?
Garrantzitsua izaten da taldean giro ona lortzeko. Gauzak txarto badoaz, errazagoa da egoerari buelta ematea taldea elkartuta badago. Hori argi dago. Dena dela, azkenean maila bat behar da. Taldera bizkaitarrak edo euskaldunak sartzeagaitik, horrek ez du esan gura goian egongo garenik. Zorionez, aurten etorri direnek oso maila ona eman dute. Hemen falta dena kanpoan bilatzen ahalegintzen gara. Horretan, asmatu egin dugula uste dut. Gainera, atzerritarrak oso ondo barneratu dira bizkaitarrek osatu duten taldean. Horrek guzti horrek ondorioak ditu emaitzetan.

Play off-etan hain gora helduta, aurkari denak gatxak izaten dira. Baina Bartzelona B zen finaleko zozketan saihestu gura zenuten taldea batez ere?
Bai, zalantzarik barik. Gure jokatzeko moduagaitik, talde batzuk beste batzuk baino egokiagoak dira guretzat. Esaterako, Menorca gu baino kalitate eta esperientzia handiagoko taldea zen, baina ondo zetorkigun gure joko erarako. Oso lehiakorrak izan ginen eta aurrera atera genuen kanporaketa. Bartzelonaren aurka justu kontrakoa gertatu zen. Bartzelona ez zen, beharbada, azken txanpako talderik onena, baina gure jokamolderako txarren zetorkiguna zen. Euren joko erritmoa, fisikoa, jokalari txikien kalitatea…

Larreatik Urritxe aldera begiratuta, inbidia apur bat sentitzen da?
Inbidiarik batere ez. Amorebietak egin duen denboraldia txapela kentzeko modukoa da. Merezita lortu dute igoera, inork espero ez zuela. Gure partetik, asko poztekoa da. Herriarentzat sekulako lorpena da. Baina eurek lortutakoak ez du gurea gutxiesten. Gurea oso maila handiko lorpena izan da, pronostiko guztien kontra zegoelako. Final bat galtzeak ez du hori aldatzen. Amorebietaren denboraldia sekulakoa izan da eta baita gurea ere.

19.000 biztanleko herriak zer du, bada, halako mirari txikiak izateko?
Pasioagaz eginiko lana, ez dago beste sekreturik. Sakrifizio handia dakarren lana, eta grinaz egin beharrekoa. Amorebieta futbol taldearen eguneroko lana ez dut larregi ezagutzen, baina nabaria da lan bikaina izan dena. Eta berdin gure kasuan ere. Sarritan, zoratzeko moduko lana izaten da. Egunero bertan buru-belarri sartuta egoten gara, nahiz eta profesionalak izan ez.

Ez zarete profesionalak?
Jokalari gutxi batzuk bai, baina kluba daramaten lagunak ez. Ni ere ez, entrenatzaile lanetan. Nik neure lana daukat, eta gero Zornotza Saskibaloi Taldean nabil. Jokalari askoren kasuan, berdin, edo lana egiten dute edo ikasten dabiltza. Ehuneko ehunean saskibaloira dedikatzen direnak taldeko jokalari amerikarrak baino ez dira.

COVID-19aren ondorioz ezohiko denboraldia izan duzu, arraroa. Entrenatzaile baten ikuspuntutik, zer da gehien kostatu zaizuna kudeatzea?
Taldeko partaide izatearen sentimendu hori kantxatik kanpora ezin izan dugula jorratu izan da egoera honen gauza txar bat. Afari baten bueltan edo zerbeza baten inguruan, konexio ugari sortzen da eta aurten ez dugu horrelakorik izan. Entrenamenduetatik kanpora deskonektatzeko eta beste kontu batzuetan pentsatzeko modurik izan ez dutenez, jokalarientzat urte gogorra izan da. Zenbakietan, aurtengo entrenamendu kopurua iazkoaren oso antzekoa izan da, baina askoz gehiago entrenatzen ziren sentsazioa zuten jokalariek. Kantxatik kanpora deskonektatzeko aukera faltaren ondorioa da hori. 

Etxeko partiduetan zale barik jokatzea beste erronka txiki bat izan da, jokalariak estutzen eta duten dena ematera eramaten dituen aldagai hori falta izan delako batez ere. Hori ere kudeatu beharreko alderdi bat izan da.

Makina bat kontu, beraz.
Bai, eta beste faktore bat ere aipatu gura nuke. Bat-bateko planifikazio aldaketa. Sarritan egokitu zaigu honako egoera hau: astean sei-zazpi saio egin partidua prestatzeko, eta barikuan neurketa bertan behera geratzea, edo gutariko norbaiten edo aurkarietariko norbaiten positibo batengaitik. Eginiko lana alboratu eta beste partidu bat hutsetik prestatzen hasi beharra gogorra izan da niretzat eta jokalarientzat. Gainera, egoera horren beste ondorio bat da astean hiru-lau partidu pilatu zaizkigula. Hori aurtengo beste buru-hauste bat izan da.

Entrenatzaile batentzat zeregin garrantzitsua da jokalarien animoa altu mantentzea. Baina nork mantentzen du altu entrenatzailearen animoa?
Niri eguneroko lanak ematen dit animo edo grina hori, zeregin honi astean 30, 35 edo 40 ordu eskainita ere. Egunero-egunero jokalariek egin duten lanak eta mundu guztia helburu baten atzetik elkarregaz lanean dabilela ikusteak asebete egiten du entrenatzaile bat. Partiduak irabaztea gehigarri bat da, jakina, baina emaitza batek ezin du dena ordezkatu. Eguneroko lanak asko betetzen nau eta lan horretan taldeak ondo erantzuten badu, errazagoa da animoa goian izatea.

Klubean hamaikagarren denboraldia bete duzu, euretariko bederatzi, entrenatzaile. Kostatzen da urterik urtera formula berriak bilatzea eta erosotasunean ez jaustea?
Bai, zalantzarik barik. Gure lana aldatu egiten da urtetik urtera. Iazko eta aurtengo nire planifikazioak alderatuta, zeharo desberdinak dira. Urtero makina bat partidu ikusten dut, eta ikasten nabil beti. Gero, kontuan hartzekoa da emaitzak beti ez direla eginiko lanaren isla izaten. Iaz oso justu eta atzeko postuetan ibili ginen, eta aurten igotzetik partidu batera geratu gara, baina ez dut uste iazko lana txikiagoa izan zenik. Egia da emaitzak ez zirela on-onak izan eta zerbait ez zela egin zegokion moduan.

Talde berean hainbeste urtean egoteko, faktore askok egin behar dute bat?
Gauzak aurrera ateratzeko eta talde batean luzaroan egoteko baldintzarik garrantzitsuenetarikoa zugan ipintzen duten konfiantza da. Zorionez, zuzendaritzak sekulako konfiantza du nigan, eta nire erara lan egiten uzten didate. Lasaitasun horregaz jarduten dut. Taldeari dagozkion erabakiak neuk hartzen ditut, eta batzuetan ondo irtengo dira eta beste batzuetan ez, baina presio hori nire gain hartuta, nigan ipinitako konfiantzak lasaitasuna ematen dit.

Bederatzigarrenaren ostean, hamargarrena etorriko ote da?
Beti esan dut Zornotzaren parte naizela eta Zornotza neure sentitzen dudala. Era batera edo bestera, ehuneko ehunean esan dezaket Zornotzagaz egongo naizela. Entrenatzaile izan, zein ez. Orain ez da hori erabakitzeko unea, taldea zoriontzekoa eta atseden hartzekoa baino. Denboraldia amaitu eta segituan horri buruz berba egitea ez zait gustatzen. Orain denok deskantsua behar dugula uste dut. Denboraldiak amaitzen direnean hustuta sentitzen naiz eta saskibaloia ez den beste gauza batean pentsatzeko astia hartu gura izaten dut. Zelanbait esanda, arnasa apur bat hartu behar izaten dut.

Batzuetan ematen du bizi osoa daramazula entrenatzaile lanetan, baina 36 urte baino ez dituzu oraindino.
Denboran atzera begiratzen dudanean, nire bizitzaren ia herena Zornotza Saskibaloi Klubean daramadala konturatzen naiz. Urte asko dira eta bertigo apur bat ematen du, egia esanda. Sekula ere ez dut izan saskibaloitik bizitzeko grinarik edo animorik. Nagoen tokian nagoela, gustura egotea eta jendeak nigan konfiantza duela sentitzea dira niretzat inportanteena. Zornotzako lehenengo taldea entrenatzen ez badut, ba, beharbada umeen talderen bat hartuko dut, edo beste zerbait, eta nagoen tokira egokituta, nire lana eta konpromisoa berdinak izango dira.

Labur-labur

Musika talderik gustukoena?
Oso musika gutxi entzuten dut, baina lanean nagoela musika klasikoa jartzen dut batzuetan.

Bigarren kirolik gustukoena?
Txirrindularitza.

Janaririk gustukoena?
Indaba gorriak.

Arnasa hartu eta lasaitzeko erabiltzen duzun
Durangaldeko txoko bat. Durangaldean bizi nintzenean, Pol-Pol aldera igotzea asko gustatzen zaitzaidan. Orain Gernikan bizi naiz eta Atxarrera joatea gustatzen zait.

Partidua hasi aurretik, baduzu maniarik?
Superstizioei ez diet baliorik ematen, baina badut bat. Partidua hasi aurretik, aulkian dauden denei eskua ematen diet, eta ez edozelan: ordenean, eta noan noranzkoa errespetatuz. Hau da, eskumarantz banoa eta eskumako eskua luzatzen badut, eurek eskumako eskua eman behar didate. Eta alderantziz.

Hurrengo denboraldiari begira, zein jokalari fitxatuko zenuke, Lebron James ala Kevin Durant?
Kevin Durant.

Erreferente duzun entrenatzaile bat?
Dusko Ivanovic.

Umetan zirrara eragiten zizun jokalari bat?
‘Magic’ Johnsonen bideoak ikusten hezi nintzen saskibaloian. Geroago, Kobe Bryant.

Amaitu esaldia: “Hamar urte gazteagoa banintz… Gauzak oso antzera egingo nituzke”.

Amaitu esaldia: “Hamar zentimetro txikiagoa banintz… Lepoko min gutxiago izango nuke”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!