Joseba Azkarraga: "Kolisio momentu bat bizi dugu eta kolapsora ez dago pauso handia"

Txomin Madina Milikua 2012ko mar. 21a, 01:00

Durangoko Azokaz geroztik eskuratu daiteke Joseba Azkarraga soziologoaren azken lana, Euskal Harriak izeneko saiakera liburua. Bertan, HUHEZIko irakasle eta ikerlariak egungo krisi ekonomikotik haratago doan hausnarketa egiten du.

Zer da Euskal Harriak?

Asko laburtu beharko banu esango nuke gure Mendebaldeko garapen ereduari buruzko irakurketa kritiko bat dela. Gaur egun, ia gau eta egun hizpide dugu krisi ekonomiko eta finantzarioa eta egiten dudana da atzera pauso bat eman eta gaur egungo munduaren nondik norakoa perspektiba gehiagorekin ikusten saiatu. Diagnostikatzen dena da krisi ekonomiko bat baino konplexuagoa den askotariko krisi  bat dela. Krisi ekonomikoa eta bere eragina oso ukigarriak eta neurri baten berehalakoak egin zaizkigu; baina badaude azpitik tendentzia batzuk, akaso epe ertainera eragin larriagoak izan ditzaketenak eta hor aipatzen dira krisi energetikoa, klimatikoa, bioaniztasunaren gainbehera... 

Munduaren osasunari buruzko azterketa honetan, zein da ondorio nagusia?

Urte asko eman genituen esaten bestelako mundu bat posible dela. Gero posible dela esatetik beharrezkoa dela esatera pasa ginen, eta liburu honek maneiatzen duen tesi nagusia da bestelako mundu bat saihestezina dela; bai ala bai etorriko zaigu beste mundu bat. Azken hamarkadetan bizi izan ditugun aldaketak benetan garrantzitsuak izan dira, hainbat eremutan gainera, ez bakarrik teknologikoan: identitatearen eremuan, ekonomiaren eremuan... Aldaketa hauek ez dira epidermikoak edo azalekoak izan, sakonak baizik, aipatutako eremu horien muina eta bihotza ukitu dutenak.Tesia da hurrengo hamarkadetan biziko ditugun aldaketak beharbada handiagoak izango direla. Gure munduak duen kontraesanik handiena da gure metabolismo sozioekonomikoa gero eta konplexuagoa dela, gero eta material eta energia gehiago erabiltzen dela gure prozesu produktiboetan. Baina gero mundua dena da, gure biosfera finitua eta mugatua da eta zentzu horretan sekulako kontraesana bizi dugu. Baliabide larregi kontsumitzen dugu, mundu honek berriztatzeko duen ahalmenetik gora; era berean hondakin larregi sortzen dugu, munduak xurgatzeko duen ahalmenetik gora. Horrek adierazten duena da kolisio bat. Hazkundearen mugak liburua 1972an idatzi zen, eta orduan maneiatzen zen tesi nagusia zen gizadi moduan kolisio norabide baten geundela. 40 urte pasa dira abisu hori heldu zenetik eta egun kolisio momentu bat bizi dugu eta kolisiotik kolapsora ez dago pauso handi bat.

Nola heldu gara honetara?

Zaila da faktore bakarra seinalatzea, baina faktore moduan, hor dago hazkunde ekonomikoa bera: zenbat eta hazkunde ekonomiko handiagoak, orduan eta material eta energia gastu handiagoa dakar. Materialen erabileran eta energiaren kontsumoa gero eta eraginkorragoak izan arren, konputo globalak dioena da gure kontsumoa handitzen doala ikuspegi guztietatik. Nahiko kuriosoa da, zeren eta hazkunde ekonomikoa gertatzen dela entzun bezain pronto gure entzefalograma ikaratu eta beldurtu hori lasaitu egiten zaigu. Baina hazkunde ekonomikoak azken hamarkadatan areagotu egin ditu ezberdintasun ekonomikoak, bai euskal gizartean eta baita munduan orokorrean. Era berean, hazkunde ekonomikoaren ondorioz egundoko hondatze ekologikoa bizi dugu, gure historian inongo aurrekaririk ez duena. Beste alde batetik, hazkunde ekonomikoaren gaineko irakurketa konplexuagoa egin behar dugu derrigorrez: ez da egia hazkunde gero eta handiagoa izan, orduan eta hobeto bizi garenik, gure bizi poza, zoriontasuna edo ongizate subjektiboa hobetzen denik. Gainera, hazkunde garaiak bizi izan ditugunean, Mendebaldean biderkatu egin da antsiolitikoen kontsumoa. Hazkunde ekonomikoaren irakurketa konplexuagoa egin beharko genuke.

Gauzak konponduko dituelakoan krisi honetan denok gaude hazkundearen zain, baina zu ez zaude ados.

Zabaltzen den aro historiko berri honetan sektore batzuek deshazkunde prozesu bat bizi beharko dute edo bizi dute honezkero eta beste sektore batzuk hazi egin beharko dira. Eta populazio sektore batzuk deshazkunde prozesua bizi beharko dute, eta beste populazio sektore batzuk euren ongizate materiala hazten ikusi beharko lukete, bai Hegoaldean eta baita Iparraldean ere; irakurketa konplexua izan daiteke. Baina egia da giza ongizatearen inguruko gogoeta sakonago bat egin beharko genukeela; galdera da: zerk ematen digu guri espezie moduan ongizatea? Ekoizpen materiala eta produkzio ekonomiko materiala ongizate iturrietako bat da, oso garrantzitsua gainera eskasia materialeko sasoi historikoetan eta lekuetan. Baina gutxienez beste bi ongizate iturri daude. Bat dira oinarri monetariorik ez duten gizakien arteko elkartrukeak: afektua, nortasuna, komunitatea. Iturri hori oso garrantzitsua da eta askotan hazkunde ekonomiko garaiek egin dutena da iturri hau txikitu. Hirugarren iturria da ekosistemetatik heltzen zaigun dena, ekosistema zerbitzuak deitzen direnak: oxigenoa, ura... Gure mendebaldeko gizarteek lehenengo iturria asko garatu dute, baina garapen horren kausaz beste biak txikitu egin dira.

Euskal abertzaletasuna ere aztertzen duzu post-hazkundearen garai honetan.

Liburuan etengabe dago kulunkatze hori: mundu mailako irakurketa dago, baina gure Euskal Herrira ere ekartzen da gaia. Gainera, etorkizunari begira planteatzen da burujabetzaren kontzeptua are garrantzitsuagoa izango dela, nahiz eta ez guk normalean ulertzen dugun moduan. Defendatzen dena bada burujabetzaren kontzeptua zabaldu egin behar dela herri honetan, burujabetza politikoaz haratago dagoen  burujabetza batzuk integratu beharko genituzke gure lexikoan: elikadura burujabetza, energia burujabetza, autohornikuntza...

Norendako da Euskal Harriak?

Gaiak ikusita iruditu daiteke liburua konplexitate handikoa dela. Baina ez da hori, inondik inora; uste dut nahiko irakurterraza dela, horretan ahalegindu nahiz behintzat, eta irakurri dutenek esan didate oso errez irakurtzen dela. Publiko nahiko zabal batendako pentsatutako eta idatzitako liburua da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak