Doktrina - Zuzenbide Zibila - Zati orokorra

Page 116

arau-haustetzat hartu. Baldintza horiek betez gero, egintza deuseztzat jotzen da errotik. Bistan dugunez, aplikatu beharreko araubidea bereziki zorrotza da, araubide horren ezaugarriak hauexek baitira: deuseztasun adierazpena lortzeko akzioa ez da preskribatzen, deuseztasun adierazpena atzeraeraginekoa da, auzitegiek ofizioz aintzat har dezakete deuseztasun hori alderdiak azaldu beharrik gabe. Gainera, egintza deuseza eta errotikako deuseztasunaren gainerako aldeak ezin dira konpondu edo baliozkotu, kasu berezi batzuetan salbu. Egintza juridikoen eragingabetasuna aztertzen dugunean, gai hori sakonduko dugu.

BIBLIOGRAFIA AMORÓS: Comentarios a las reformas del Código Civil, I. liburukia, Madril, 1977, sub 6. art. 1, 2 y 3; CABANILLAS: Comentarios al Código Civil y Compilaciones forales, I1. liburukia, 2. argitaraldia, Madril, 1992, sub 6. art. 1 y 2; CAFFARENA: Comentarios al Código Civil y Compilaciones forales, I1. liburukia, 2. argitaraldia, Madril, 1992, sub 6. art. 4; CARRASCO: Comentarios al Código civil y Compilaciones forales, I1. liburukia, 2. argitaraldia, Madril, 1992, sub 6. art. 3; CARRIÓN: «Algunas consideraciones en sede doctrinal sobre el error de derecho», in Centenario del Código Civil, I. liburukia, Madril, 1990; CARRIÓN: «El error de derecho en la jurisprudencia del Tribunal Supremo», RDP, 1990; GULLÓN: Comentario del Código Civil, I. liburukia, Madril, 1991, sub 6. artikulua; LALAGUNA: Comentarios a las reformas del Código Civil, I. liburukia, Madril, 1977, sub 6. art. 1; MORALES: «La incidencia del error de derecho en los contratos», in Centenario del Código Civil, II. liburukia, Madril, 1990; NAVARRO: El fraude de ley, Madril, 1988; SOLS: El fraude a la ley, Bartzelona, 1989.

Hamabigarren gaia ARAUEN INDARRALDIA ETA ERAGINGARRITASUN ESPARRUA Laburpena: 28. Indarraren hasiera eta amaiera.— 70. Arauak indarrean jartzea.— 71. Arauak indarrik gabe uztea. Isilbidezko indargabetzea.— §29. Arauen indarraldia.— 72. Arauen atzeraeragina eta atzeraeraginik eza.— 73. Espainiako Konstituzioaren 9.3 artikuluko atzeraeraginezerako bermea.— 74. Zuzenbide iragankorra: antolaketarako gakoak.— 75. Kode Zibilaren xedapen iragankorrak: A) Xedapen iragankorrak eratzen dituzten printzipioak; B) Antolaketarako oinarrizko erregelak.— §30. Arauen indar berezia.— 76. Lurralde indarraren esparrua zehaztea.— 77. Nazioarteko zuzenbide pribatua.— 78. Eskualde arteko Zuzenbidea.

§28. INDARRAREN HASIERA ETA AMAIERA 70. Arauak indarrean jartzea Konstituzioak ez duenez beren beregi bestelakorik adierazi, Kode Zibilaren 2.1 artikuluaren arabera, «legeak indarrean jarriko dira Estatuko Aldizkari Ofizialean osoosorik argitaratu eta hogeigarren egunean, legeek eurek besterik xedatzen ez badute». Manu horrek indarra du segidan azalduko ditugun Konstituzioaren manuek xedatutakoaren arabera. Izan ere, EKren 9.3 artikuluak arauen publizitatea bermatzen du, bai eta segurtasun juridikoa ere, eta printzipio horiek bideratzen dute, hain zuzen, KZren 2.1 art.aren interpretazioa. Interpretazio horri helduz, erabaki edota manamenduak ez dira arauak izango, baldin eta behar den moduan ezagutarazi ez badira. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea da publizitate hori lortzeko biderik arruntena; izan ere, beste arau batzuek ere, Konstituzioaren arauek eta arau arruntek, horixe diote. Nazioarteko itunei dagokienez, Konstituzioaren 96. artikuluak ezarri duenez, barne antolamendu juridikoa osatuko dute «Espainian modu ofizialean argitaratu eta gero», eta hori Estatuko Aldizkari Ofizialean agertuz egiten da.

Hogei eguneko epea, KZren 5. art.aren arabera, Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasten da zenbatzen; jaiegunak ere epe barruan sartzen dira. DE CASTROk esan zuenez, Estatuko Aldizkari Ofizialean lege berberari buruz berriro egiten diren argitalpenak ez dira kontuan hartuko, inprimatzean egindako errakuntzak edo akatsak zuzentzeko baldin badira; hau da, Aldizkarian testua lehenengoz sartzen den egunean bertan gauzatu da aldarrikapena. Argitalpen zuzentzaileak legea interpretatzen badu, ordea, testu berriak eraenduko du, berori


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.