Ekhi monetan 200.000 euro inbertituko ditu Udalak aurten, herrian bi milioi euroko gastua sustatzeko asmoz

Kronika - Erredakzioa 2023ko ots. 25a, 00:00
Mertxe Jimenez, Xabier Lertxundi, Patxi Ibarguren eta Alex Lopez, aurkezpenean.

Hitzarmena berrituta, martxoaren 1etik urte bukaerara bitarte egingo dute hobarien hirugarren kanpaina.

Urtebete da Ekhi moneta martxan jarri zutela Hernanin, eta orain arte egindako bide oparoa ikusita, hitzarmena berritzea erabaki dute Hernaniko Udalak eta Ekhilurrek. Hori horrela, hobarien hirugarren kanpaina jarriko dute martxan, datorren astean bertan: martxoaren 1ean hasi eta urte bukaerara arte luzatuko da, eta 200.000 euro bideratuko ditu Udalak. 

Atzo aurkeztu zuten kanpaina berria, eta errepasoa egin zioten aurreneko urteari, Xabier Lertxundi alkateak, Patxi Ibarguren merkataritza zinegotziak, Alex Lopez Ekhilurreko arduradunak, eta Mertxe Jimenez Berriak Elkarteko ordezkariak.

Alkateak azaldu zuen, aurreneko urtean «42.000 euro pasatxo» bideratu dituela Udalak hobarietara, eta horiekin, «herriko merkataritzan 293.000 euro mugitzea lortu da». Horregatik, nabarmendu zuen «orain arte martxan jarri den sistemarik eraginkorrena» dela. Orain arte, 738 kontu sortu dira Ekhi monetan, eta herriko 80 saltoki baino gehiago daude tartean.

Sistemaren «eraginkortasuna» nabarmendu zuen Alex Lopezek ere: «Baina abantaila nagusia da, aktibitate ekonomikoa sortzeko gaitasuna. Gabonetako kanpainan, 4.000 operazio inguru egin ziren Ekhi monetarekin, eta orain arte, 10.000 operazio baino gehiago izan dira. Beraz, Ekhi monetak sistema ekonomikoa pizten du herriko dendetan. Gainera, hobariek eragiten du­te erosketak errepikatzea, eta horrek ohitura sortzen du». Ekhilurreko arduradunak azaldu zuen, bestalde, sistemari buruzko inkesta egin zutela, eta 155 erabiltzaileren erantzunekin, 7,9ko nota jaso zuela.

 

«Sarea haunditzea», aurtengo erronka

Patxi Ibargurenek azaldu zituen, datorren asteazkenean abiatuko den kanpainaren nondik norakoak. Udalak hilero 20.000 euro bideratuko ditu hobarietara, eta horiek baliatu ahal izango dituzte herritarrek: hilean, gehienez ere, 100 euroko hobaria bakoitzak. Baina bada beste nobedaderik ere, aurten: profesionalen arteko salerosketetan ere aplikatuko dituzte hobariak. «Sarea haunditzea da aurtengo erronka, eta Ekhiren erabilera sustatzea. Beste pauso bat eman nahi dugu, herri ekonomia sustatzeko», azaldu zuen zinegotziak.

Ekhi monetaren balorazio positiboa egin zuen Mertxe Jimenezek ere: «Herriko establezimenduentzat tresna bat gehiago da, interneteko saltokiei zein merkatal gune haundiei aurre egiteko. Profesionalek ere hobariak izateak, eragingo du haien arteko harremanak sortzea. Zaila da behar duten guztiaz herrian hornitzea, baina gauza batzuk lortu ditzakete beraien arteko salerosketan». Berriak El­karteko ordezkariak nabarmendu zuen, gainera, Udalak eta herritarrek Ekhi monetan inbertitutako euro bakoitzak, berriro eragiten duela herriko ekonomian. Kanpaina urte osora zabaltzea «oso garrantzitsua» dela azpimarratu zuen; eta azaldu zuen, herritarrek hilean 100 euroko muga izan arren, horrek esan nahi duela 1.000 euro gastatu dituztela herrian.

Horren harira, Xabier Lertxundik gaineratu zuen, Udalak bideratutako 200.000 euroko hobariak osotasunean erabiltzekotan, «bi milioi euroko gastua» eragingo duela herriko komertzioetan: «Hiri ekonomia sustatzeko estrategia bat da hau, kanpaina bat baino gehiago».

 

Hiru elkarteri, dohaintza

Bestalde, aurreko astean egin zuten Ekhitaldia, Biterin, 25 lagun bertaratuta. Eta bertan, banatu zuten Ekhilur sareko dohaintzen funtsa, hiru elkarteren artean. 505,2 ekhi zeuden pilatuta, erabiltzaileen hileroko dohaintzekin; eta 173 pertsonaren botoarekin, honela banatu ziren: 221,94 ekhi Dobera Euskara Elkartearentzat eta Kronikarentzat (botoen %43,93); 143,09 ekhi Berriak Elkartearentzat (botoen %28,32); eta 140,17 ekhi Herrilur Kontsumo Elkartearentzat (botoen %27,75).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!