Mapa Gastronomikoa

Oreina

Ehiza — Araba

1.- Izena:

Oreina / Cervus elaphus Oreina.

2.- Ezaugarriak:

Tamaina handiko zerbidoa da. Beraien ezaugarria arrek bakarrik daukaten adaje adarkatua da. Udan ile gorria izaten dute, neguan grisaxka eta uzki aldean krema koloreko orban luzanga, beltzez inguratua. Adarrak martxo-apirilean erori eta lau hilabeteko epean berriak ateratzen dira; emeengandik bereizten dira, besteak beste, mantentzen dituzten adar-oinengatik.

Adina zehazteko, gorputzaren silueta, hortzen ezaugarriak eta arren adarren garapena hartzen dira kontuan. Bi urte betetzen dituztenetik aurrera, beste irizpide batzuk sartzen dira jokoan: silueta, adarren oinarritik daukaten altuera eta abar. Zabalduta dagoen iritziaren kontra, adarren punta kopuruak ez dauka zerikusi zuzenik animaliaren adinarekin.

Oreina animalia belarjalea da. Belarrak, fruituak (nagusiki ezkurrak) eta belarra jaten eta kimatzen ari den bitartean lortzen dituen hostoak eta kimuak jaten ditu. Goizaldean aritzen da nagusiki. Taldekoia da eta gizarte egitura hierarkiko konplexua dauka: araldi garaitik kanpo, arrak kumeak dituzten eme taldeetatik bananduta egoten dira. Araldi garaian, ar nagusiak orein taldeak «itxi» egiten ditu. Erditu baino lehen, ernari dauden emeek taldea uzten dute kumea edukitzeko.

Araldia edo «arreske» garaia irailetik urrira bitartean izaten da, ar nagusiek harena defendatzen duten aroa. Ernaldiak 7-8 hilabete irauten du eta erditze gehienak maiatza eta ekaina artean gertatzen dira. Normalean, kume bakarra izaten dute. Titi emate garaiak hiru hilabete inguru irauten du eta oreinkumeak beren lehen urtean emeekin geratzen dira.

3.- Habitata eta kokapena:

Oreina baso inguruetan bizi da; basoen eta larreen arteko trantsizio guneak hobesten ditu.Sasitza altu eta trinkoko guneetan ere bizi ohi da.

Iberiar penintsulari dagokionez, geografia zabalean banatuta dago, baina hedadura ezberdineko nukleo zatituetan; Penintsulako mendikateetan gune horiek zabalgoak izaten dira. Euskal Herrian, oreinak XIX. mendearen bukaeran desagertu ziren. Beraz, bertan dauden populazioak helburu zinegetikoak dituzten birpopulaketetatik datoz. Lehenengo, Gorbeiako mendigunean sartu zituzten eta, ondoren, Ordunte mendiaren inguruetan, Karrantza haranean. 50eko hamarkadaren bukaeran, Gorbeian Toledotik eramandako orein multzo bat askatu zuten eta 1981ean populazioa handitu zuten, Cazorlatik (Jaén) eramandako beste multzo batekin. Karrantzara 1980ean ezarri zituzten oreinak eta, 1989ra arte, Toledotik, Cazorlatik (Jaén) eta Gorbeiatik eramandako hainbat multzo askatu zituzten. Elkarrengandik bananduta dauden nukleo horiez gain, Gorbeia mendiaren inguruetan eta Leitzaran bailaran (Gipuzkoa) daude oreinak. Azken horretara Nafarroaren iparraldeko herri jendetsuetako herritarrak bisitan joaten dira.

4.- Ehiza:

EAEn nagusiki uxa-ehizan ehizatzen da; espezie horretarako berariazko uxaldian edo basurdearekin batera. Gainera, orein selektiboak ibilizko bakar-ehiza larrian ere ehizatzen dute. Ibilizko bakar-ehiza larriaren modalitate horretan, ehiztariak gidari bat izaten du; normalean, ehiza-zaindari bat. Ehizatzeko bi modu horiek erabiltzen dira Penintsulako gainerako lekuetan ere. Erdialdean eta hegoaldean ehizaldi larrian egiten dute. Denboraldi baliogarria, normalean, urritik (Araban azaroa) otsailera artekoa izaten da, adajea osatzen den garaia; hau da, adaxkak estaltzen dituen azala askatzen denetik adarrak aldatzen diren artekoa.

Beasainen, oreinak modu estentsiboan hazten dituen Pagorriaga baserria ere badago. Guztira, 100 bat animalia dauzkate, eme ugaltzaileak, ar helduak, baretoak (adar sinpledunak) eta primalak (urtebetekoak, horiek merkaturatzen dira) kontuan hartuta. Animaliak baserriko larreez elikatzen dira nagusiki eta, tarteka (neguan), horrez gain belar lehorra eta zerealak ematen dizkiete. Produktuak fresko (sukaldaritzarako) eta eraldatuta (pateak, saltxitxoia, txorizoa) merkaturatzen dira.

5.- Sukaldaritza interesa:

Haragi estimatuena animalia gazteena da; izan ere, zenbat eta gehiago hazi, orduan eta gogorragoa eta zapore sendoagokoa da.


E R R E Z E T A

OREIN-AZPIZUN TARTARRA

Lau pertsonentzako osagaiak

180 gr orein-azpizun, 50 gr tipul, 12 gr kapar,

7 gr ziape, 4 gr perrins-saltsa, 8 gr limoi-zuku,

40 ml oliba-olio, 80 gr ogi, piperbeltza,

erromero-hostoak eta ezkaia.

Osagarriak:

Bakoitzaren gustu eta irudimenari.

Elaborazioa

  • Aurreko gauean, utzi haragia ezkaia, piperbeltza eta erromero-hostoekin beratzen.
  • Tipula brunoise finean moztu.
  • Egun berean, espeziak kendu eta haragia labanaz xeheki txikitu.
  • Haragia bol batean jarri eta gehitu kaparrak, tipula, ziapea, limoi zukua eta oliba olioa eta nahastu dena ondo.
  • Moztu ogia xafla finetan.
  • Labe-erretilu batean jarri eta laberatu 200ºCtan 5 minutuz edo txigortuta egon arte.
  • Arrautza-gorringoa haragiarekin nahastu, mugimendu leunak eginez, oliba-olioarekin emultsionatu ez dadin.
  • Perrins-saltsa gehitu eta berriz ere nahastu.
  • Ogi txigortuekin batera plateratu.

Bestelako produktuak