Udako kanpaldirako aurre inskripzio epea ireki du Ziortzak

Noaua Aldizkaria 2016ko mar. 29a, 12:55

"Lagun arteko abentura bila zabiltza?", hala bada, Ziortza Gazte Elkarteak badu zuentzako proposamen eder askoa hurrengo oporraldirako, uda parterako alegia. Uztailerako kanpaldia antolatu baitute, Usurbilgo Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. "Uda gertu dugu eta beste behin ere martxan gara #kanpaldia16-ari begira!", iragarri dute sare sozialen bidez. Ohi bezala, bi txandatan banatuko dute kanpaldia; lehenengoa uztailaren 5etik 19ra, DBH-ko ikasleentzat izango da. Bigarrena, uztailaren 19tik 29ra LH 5-6 mailakoentzat. "Anima zaitez!", luzatu dute gonbita.

LH 5-6 eta DBH ikasten ari direnentzako antolatu duten aisialdiko ekimenerako izena aurrez emateko epea zabaldu dute jada. Apirilaren 8a izango da inskripzioa bideratzeko azken eguna. Izen emate orriak, Ziortza Gazte Elkarteak Facebooken duen atarian, Parrokian edota Sutegi liburutegian eskuratu ditzakezue. Esku-orria datuekin beteta, Parrokiko postontzian utzi beharko da, edo bestela, datuak ziortzage@gmail.com helbidera bidali. "Ez dira epez kanpoko izen emateak onartuko", ohartarazi dute antolatzaileek. Gogoan izan, plaza kopurua mugatua izango da. Argibide gehiagorako: ziortzage@gmail.com edo WhatsApp bidez, 639 879 409 telefono zenbakian.

Jai egun hauen aurretik, kanpaldia antolatzen hasi direla iragartzeko Ziortzako kideek ateratako taldeko argazkia duzue ondokoa.