166 haur izena emanda Udajolasen, ostiralean itxiko da inskripzio epea

Noaua Aldizkaria 2016ko mai. 5a, 10:00

Lau eguneko tartean, 166 haur eta gaztetxok izena eman dute jada Udajolasen. Gogoan izan, 4-12 urte arteko 200 haur eta gaztetxorentzako lekua dago Usurbilgo Udalak NOAUA! K.E.-rekin uztailerako elkarlanean antolatu duen aisialdi eskaintzan. Udajolasen matrikulatzeko azken eguna izango dugu ostiral hau; goizez 10:00-11:00 artean, arratsaldez 16:00-18:00 artean. Aurtengoan, ordainagiria eta izen emate orria beteta ekartzearekin batera, Gizarte Segurantzako txartelaren kopia ere aurkeztu beharko da NOAUA! K.E.-ko egoitzan. Adi zehaztasun hauei:

Izen ematea

Epea: maiatzak 2-6 (bi egunok barne).

Tokia: NOAUA! Kultur Elkartea.

Ordutegia: 10:00-11:00 / 16:00-18:00.

Kuota: 80 euro. Familia ugariek 65 euro (familia ugarien txartela edo familia liburuaren kopia ekarri behar da).

Aurkeztu beharrekoa: izen-emate orria, ordainketa agiria eta gizarte segurantzako txartelaren kopia.

Ordainketak: Laboral Kutxako kontu zenbaki honetan (haurraren izen abizenak adierazi):

3035 0140 34 1400025811

Nori zuzendua: 4-12 urte arteko (HH3-LH6) haur eta gaztetxoei.

Gehienezko plaza kopurua: 200.

Oharra: behin izena emanda, ez da dirurik itzuliko.

Udajolas

Epea: uztailaren 4tik 29ra.

Ordutegia: 09:30-13:30.

Oharra: guraso bilera, ekainaren 2an 17:00etan Potxoenean.

Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.

Matrikulazio epea zabalik, Zubietako udako txokoetan

Zubietako Guraso Elkarteak 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko txokoak antolatu ditu uztaila eta abuzturako. Interesdunek zabalik izan dute aurre izen ematea, apirilaren 30era arte. 20 euroko ordainketa egin eta inskripzio orri bat bete behar zen, “norberaren beharrak zehaztuz”. Apuntaturiko haur kopuruaren eta zehazturiko beharren arabera, behin betiko egitaraua finkatu eta matrikulazio epea zabalik dute, maiatzaren 20ra arte. Tarte horretan, “matrikula orria bete beharko da eta epe barruan bakoitzak dagokion kuota ordaindu beharko du”. Izen emateko idatzi zubietatxoko@gmail.com helbidera edo bestela, Zubietako Eskolan eskura ditzakezue inskripzio orriak. “Epez-kanpo izen ematen duenak ez du tokia ziurtaturik izango. Izen eman gabeko edo matrikula ordaindu gabeko haurrak ez dira onartuko”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Lasarte-Oriako Ttakun Elkarteak kudeatuko dituen txokoak astelehenetik ostiralera izango dira uztaila eta abuztuan, goizez eta lau orduz, 09:30-13:30 artean. Txoko hauek hamabostaldika antolatuko dira. “Haurrek lagun artean jolastu, tailerretan parte hartu, irteerak egin eta abar luze bat egiteko aukera izango dute”, berri eman dute antolatzaileek.