Festa gogoa asebete dute Sasoetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 3a, 10:53

Hiru urte itxaron behar izan dute Sasoetako bizilagunek auzoko festak berriro bizi ahal izateko. Zain egondako denbora, ordea, erraz ahaztu dute eta gogotsu ospatu dute berreskuratutako aukera. Sasoeta Sasoian elkarteko kideek egitarau zabala prestatu dute ostiraletik igandera giro onean gozatzeko.

Suziri hots ugari entzun dira asteburuan. Lehena, ostiral arratsaldean lehertu zen Sasoetako jaiak hasi zirela adierazteko. Metxa piztu aurretik, pregoia irakurri zuten Lourdes Gundinek eta Oihana Aizpuruak eta Bagri liburu dendako Antonio Barrenetxea eta Conchi Grijalba senar-emazteak omendu zituzten, auzoaren alde egindako lanagatik. Hunkituta eskertu zuen Grijalbak aitortza, eszenarioan berarekin ziren pregoilarien eta plazan ziren beste bizilagun batzuen negarra ere eraginez. 

Aldi berean, Uzturre plazan Los Chavales de Martijak antolatutako  kirol jolasetan parte hartzen ari zen haur talde bat. Ordura arte eutsi bazion ere, euria gogoz hasi zen. Tarte batez gelditu baziren ere, euripean jarraitu zuten. Txikidiskoa, berriz, atzeratu egin zuten eta estaldura batzuk jarri haien azpian dantzatzeko. Txokolate beroa eta bizkotxoa ere banatu zieten, ilara luzea osatu zuten gaztetxoei. Jaien hasiera Kontraband eta Overloud taldeen kontzertuak itxi zuten. 

Larunbatean, goizetik gauera, jardueraren bat izan zen auzoan. Haurrak nagusi izan ziren goizean, bereziki. Aspertzeko aukera gutxi izan zuten. Jaizkibel plazan, Dulce Tentacion denda aurrean, eskulanak egin eta aurpegia margotu zuten, baita heldu batekin bikotea osatuta futbolin txapelketan parte hartu ere. Ondoren, Andatza plazara joan ziren gehienak LOZETeko buruhandiengandik ihesi aritzeko. Bien bitartean, txoko batean herri bazkarirako paella prestatzen ari ziren. 140 bat lagunentzako adina zegoen. Batzuek plazan bertan jan zuten, beste batzuek eraman egin zuten beste norabait. Karpa azpiko mahaietako batean otordua egin zuten Agustin Valdivia alkateak, Txus Alonso, Jon Antxordoki, Estitxu Garmendia eta Uxue Loinaz zinegotziekin batera. Indarrak hartuta, arratsaldeko txanpari eutsi zioten bizilagunek. Hitzordu nagusia helduen danborrada izan zen. Lagun ugari bertaratu zen plazan jotako martxak entzuteko eta auzoan barrena egindako ibilbidean ere lagundu zituzten dabor eta barrilak. 

Egun luzearen ondoren, igandea lasaiagoa izan zen. Haurrak puzgarri eta jolasetan zebiltzan bitartean, su artean trebeena nor izan zen erabakitzeko lanetan zebiltzan patata tortilla lehiaketako epaileak. Oso parte hartzailea izan zen, hogeita bi dastatu behar izan zituzten, horietako bi, birritan, onena aukeratzeko. Puntuak emateko arduradunak Aitona kafetegiko Borja Cerda,  Alcar Leihoak-eko Ana Laureano eta Extremadura Etxeko Angel Barrera izan ziren; sarituak, berriz, lehenengotik hirugarrenera, Patricia Gomez, Oier eta Axel, eta Borja Quintana. 

Festen azken jarduera arratsaldeko haur danborrada izan zen. Marbell ile apaindegiak babestua, bertako Mari Mar Palaciosek Sasoetako bizilagun elkarteko bandera mugitu zuen jotako martxetako batean, eta, halaber, parte hartu zutenei opari bana eman zien amaieran. Atseden labur baten ondoren, errifen zozka egin zuten. Txartel irabazleak 59 eta 94 zenbakidunak izan ziren, baina plazan ez zeudenez, ez dakite nork irabazi dituen urdaiazpikoa, txorizoak eta gazta. Ez  badituzte datozen egunetan erreklamatzen, berriro zozkatuko dituztela jakinarazi zuten. Jarraian, traka eta azken suziriekin datorren urtera arte esan zieten festei.

Erlazionatuak

Festa piztu dute Sasoetan

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 01 Gizartea

Haurrak nagusi, auzoko jaien bigarren egunean

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 02 Gizartea