'Juana' liburua argitaratu du Jon Artano kazetari zestoarrak

Onintza Lete Arrieta 2023ko urr. 26a, 15:00
Jon Artano kazetaria, gaur goizean Donostian, 'Juana' liburuaren aurkezpenean. (Elkar)

Tene Mujika Bekari esker idatzi du ez fikziozko lana, eta gaur aurkeztu du Donostian. "Kazetariza su geldoan" egin nahi zuela azaldu du Artanok, eta hasierako asmoa istorio multzo bat kontatzea bazuen ere, azkenean istorio bakarrak hartu dio 160 orrialdeko lana: Juana Perea Platarena. Hura 2020an erail zuten gizon armatu batzuek, Kolonbian.

Jon Artano kazetari zestoarrak Juana liburua ondu du Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Tene Mujika Bekari esker, eta gaur goizean aurkeztu du Donostian. "Kazetaritza su geldoan" egin nahi zuen Artanok, eta bekak eman dio horretarako aukera. Hasierako asmoa Euskal Herria eta diaspora lotzen zituen istorio multzo bat kontatzea zuen arren, azkenean istorio bakarrak hartu dio 160 orrialdeko lana: Juana Perea Plata zenarenak. 

Euskal jatorria zuen Perea kolonbiarrak; haren aiton-amonak 1936ko gerratik ihesi joan ziren Bilbotik Kolonbiako hiriburura, Bogotara, eta aitonak –EAE-ANVko buruzagia, bera– harreman estua izan zuen Jose Antonio Agirre lehendakariarekin. Juana Perea 2020ko urriaren 28an erail zuten gizon armatu batzuek Kolonbian –larunbat honetan hiru urte beteko direla gogorarazi du Artanok–, eta krimena argitzen saiatzeaz gain, liburuan Perearen biografia ere landu du zestoarrak, abentura asko bizi izan zituelako, Artanok kontatu duenez: "Nerabetan etxetik alde egin zuen abentura bila Karibera. Urpekari profesionala izan zen, belaontzietan bizi izan zen, Hungariako telebista batentzat reality showak eta produzitzen aritu zen, eta Afganistanen ere ibili zen, gerran, AEBetako armadarekin. Hil zutenean, Choco-n (Kolonbia) hotel bat eraikitzen ari zen. Jo eta ma gelditu nintzen istorioarekin".

Zorroztasunez

Perea nork eta zergatik hil zuen ulertzeko, krimena gertatu zen tokira bidaiatu, lekukoekin mintzatu, eta ikerketako agiriak arakatu ditu Artanok. "Eta kazetaritzak zor duen zorroztasuna muturreraino eramanaz egin du hori, gerra garaiko Bizkaia eta gaur egungo Kolonbiako ertzik basatiena lotuz epopeia harrigarrian", azpimarratu dute Elkarreko arduradunek. Artanok berak ere esan du "errigorea mantentzearekin obsesionatuta" aritu dela, istorioa "modu entretenigarrian" kontatzearekin batera.

Perearen familiarekin hitz egindakoa eta Perearen izeba batek idatzitako testuak bospasei historialarirekin kontrastatu dituela zehaztu du kazetariak. "Perearen izebak ez sinesteko istorioak zituen idatzita 1936ko gerraz, baina horiek egiaztatu ahal izan ditut, harrigarria da", esan du kazetariak. Hala, liburuan bi istorio gurutzatzen dira: Perearena, eta haren familia euskaldunarena.

Artanok aurkezpenean kontatu du Perearen istorioari liburu osoa ematea erabaki aurretik "zakukada istorio" bilduak zituela bekaren harira Argentinan, Txilen, Perun, Bolivian, Ecuadorren eta Kolonbian egindako egonaldietan, eta ez du baztertu horiekin beste libururen bat egitea aurrerago.