Bilboko Aste Nagusia

Irudimenezko uholde bat

Aurten 40 urte dira Bilbon uholdeak izan zirela, eta konpartsa askok urteurren horretara jo dute txosnak apaintzeko. Trikimailuk Delorean autoaren erreprodukzio bat egin du, eta dekoraziorik onenaren Kanpaia saria irabazi. Ohiko gaiak ere badaude: turistifikazioa gaitzetsi dute, besteak beste.

3. Hontzak. Euskal oasiaren kontzeptua kritikatu dute, Andoni Ortuzar EAJko buruaren irudia erabilita. ANDONI CANELLADA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2023ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun

Hor Dago Abante konpartsaren txosnan gelditu dira pare bat emakume, Bilboko Areatzako Teilapeen gunean, konpartsaren ikurra den elefantearen aldamenean eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohiari egin dioten erretratutik gertu: marka beltz batzuei begira daude, adierazten dutenak zenbat igo zen ur maila orain dela 40 urte, 1983ko uholdeetan, Aste Nagusi betean. Ur azpian geratu zen dena; hala iradokitzen dute trazuek: guztiak daude andreen gainetik kokatuak; gora begiratu behar dute nahitaez haiek diotena irakurtzeko. Toki horretan, Zingira kalean, 2,10 metrora heldu zen ura; San Nikolasen, 2,72 metrora; eta Zazpikaleetan, hiru metroak gainditu zituen.

 

Hala oroitu dute Abantekoek ezbeharraren urteurrena. Eta gogoan izan dute, era berean, Bilboko konpartsa askok. Batzuek apalago, aipamen hutsez; beste batzuek sakonago, eta sendoago. Eta, hain justu, uriolak oinarri-oinarrian ditu aurtengo Kanpaia saridunaren dekorazioak: Trikimailu konpartsa gailendu da txosna onenen artean, boto gehien lortuta. Kontrara, Irrintzi izan da galtzailea, bosgarrenez: iaz legez, oraingoan ere harenari iritzi diote txosnarik itsusiena, eta, hala, hark eskuratu du Eulia saria. Atzo iragarri zituzten irabazleak.

Deigarria da Trikimailuren proposamena: Back to the Future (1985) filmeko Delorean auto sonatuaren erdia taxutu dute, eta txosnaren erdigunean kokatu, barraren gainean. «Aurreko urteetan, nabarmentzen ziren elementu txikiagoak egin izan ditugu, baina, txosna hain handia denez, ez zuten hainbeste luzitzen», azaldu du Maider Landeta kideak. «Aurten, uste dut oso dekorazio indartsua egin dugula. Autoa eskala errealean eginda dago: lan handia eduki dugu. Eta badaude nabarmentzen diren beste elementu pila bat; argiak eta horietarako baliabide teknikoak ere aintzat hartu behar dira... Hainbat batzordek koordinatu behar izan dugu». Hirurehun lagun inguruk osatzen dute konpartsa, esan duenez, eta batzordeka antolatzen dira askotariko lanak egiteko. Irudiari dagokion taldean, hamabost bat kide daude. Autoak biltzen du arreta guztia, baina ez da elementu bakarra: haren ondoan, pantaila baten inguruan, uholdeen irudi mordo bat jarri dituzte.

Politika, ezabaezin

Bakoitzak bere ildoaren arabera moldatu du gaia. Mekauen konpartsak, kasurako, memoria eta internazionalismoa uztartu ditu, eta aspaldiko jazoerak egungo aldarriekin batu dituzte irudi erraldoi batean. «Gai internazionalistaren bat bilatzen dugu beti, Bilborekin lotuta dagoena, herriekiko elkartasuna eta antikapitalismoa adierazteko», azpimarratu du Hibai Castro kideak. Basa artean kokatu dituzte hainbat elementu: nabarmendu egiten dira lokatza garbitzen ari diren konpartsakideak, «auzolanari gorazarre egiteko», eta haiekin bat egin dute «borrokan dauden gainontzeko herriek» ere, hala nola Palestinak eta Kurdistanek.

Eta ageri dira haien oinetakoak eta erratzak zikintzen dituzten elementu batzuk ere. «Lokatzaren artean daude, adibidez, El Correo Español, ertzainen kaskoak, EAJren ikurra, etxebizitza turistikoen ikurra... Lokatzarekin metafora bat egin dugu, irudikatzeko sobran ditugun eta ekarpen handirik egiten ez diguten gauzak». Eta aspaldiko ezagun gehiago ere bildu dira irudian, «etekinak jaso eta jaso besterik egiten ez dutenak», konpartsakidearen irudiko: Iberdrolaz mintzo dira, lehengo Iberduero izena erabilita, baita BBVAz ere, hasierako Banco de Vizcaya hura. «Loturak egin ditugu orduko eta oraingo lokatzen artean».

Marearen artetik, ordea, badaude beste gai batzuei heldu dietenak ere; urteroko protagonistak errepikatu dira, urteurrenak urteurren. Eguzkizaleak-eko kideek olatuak erabili dituzte 1983ko ezbeharra oroitzeko, bai, baina baita klima aldaketaz mintzatzeko ere. Helikoptero batetik dingilizka, Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea eta Andoni Ortuzar EAJko burua kokatu dituzte, irribarretsu, eta, ondoan, lelo hau: Haien luxua, gure kolapsoa. Eta Ortuzar ageri da, halaber, Hontzak-ekoen txosnan: errotulu handi batean, El Oasis Vasco idatzi dute (Euskal Oasia), eta, ondoan, jeltzalearen irudi erraldoi bat paratu dute: diruz betetako anforaz eta poltsaz inguratuta dago, eta hainbat arbola idor ditu gertu; zuhaitzotatik, oasiaren gako batzuk jarri dituzte, batzuk euskaraz, beste batzuk gazteleraz: euskara, ingurumena, lan baldintzak, etxebizitza, turistifikazioa, lana, hezkuntza. Ortuzarren atzean dago konpartsaren panpina, zelatan bezala.

«EAJren euskal oasiaren kontzeptua kritikatu nahi izan dugu», esan du Fernando Toja kideak. Sozialistez ere akordatu dira, ordea: Ortuzarri itzala ematen ari baita eguzkitako gorri bat, «PSE-EE» eta «PSOE» idatzita dauzkana. «Ez da erraza ezagutuko den aurpegi bat egitea panpina batean, eta pozten gara jendeak hazpegiak asmatu dituelako».

Sonatuak dira Hontzak-ekoen dekorazioak, eta aitortuak: konpartsa hori da, hain justu, Kanpaia sari gehien irabazi duena: sei, guztira. «Alde batetik, sari bat jasotzea beti gustatzen zaizu. Baina, beste alde batetik, ez digu batere graziarik egiten hainbestetan irabazteak». Izan ere, konpetentzia gutxi izaten dute, kidearen berbei erreparatuta. «Txosna batzuk hobetu egin beharko lirateke; urtez urte errepikatzen dira, dekorazio laua dute... Bilboko herritarrek uzten badigute hau dena muntatzen jaia animatzeko, uste dut trukean eremu atsegin bat eskaini behar diegula, zaindua eta landua».

Turistifikazioaren aurka

Politikoa da Kranba okupazioaren aldeko konpartsaren apainketaren oinarria ere: kutsadura mediatikoa dute hizpide, komunikabideek okupazioaz helarazten dituzten «gezurrak», Ane Lindane konpartsakidearen arabera. Aurreko irudian, pintura fantastiko eta terrorezko bat jarri dute, komunikabideetako mezuen izaera «fantastikoa» erakuste aldera. Besteak beste: «Ezin badute ordaindu, lan egin dezatela, edo joan daitezela beste herrialde batera, ez?» edo «Biolentzia ez, dirua bai; turistak asko, eta okupei egurra».

«Helarazten dute auzokide okupa bat izateak arazoak ekartzen dituela», adierazi du Lindanek. «Baina sekula ez dute hitz egiten pisu turistikoek eragiten duten kalteaz, ez soilik bloke batean, baizik eta hirian». Lindanek aletu ditu kalteok: alokairuen eta etxeen garestitzea, etxeak turistentzat izatea, komertzio eta tabernetan ezin erostea prezioengatik, auzoa oroigarri dendaz betetzea... «Eragiten duten auzo eredua turistari begira dago, eta kanporatu egiten gaitu. Bilbon gero eta kale gehiago daude ez ditugunak geureak sentitzen. Hobe etxe okupatuak, etxe turistikoak baino».

Are argiagoa eta zuzenagoa da alde bateko irudia. Tarik Khbabez Marokoko boxeolaria ageri da, Daniel Toledo Desokupako kideari ukabilkada bat ematen. «Behin, sekulako jipoia eman zion, eta KO utzi zuen; hori da KOaren momentua. Argazki ikaragarri ona da», esan du Lindanek. Gizonaren tatuaje pilak ezabatu ditu, eta hainbat sinbolo jarri dizkio gorputzean: Desokupa ageri da, baita hura «babesten» duten beste elementu batzuk ere, hala nola Securitas Direct enpresa. Eta, inguruan, beste hainbat mezu. «Jabetza pribatua suntsitu», handian. «Eta boxeolari marokoarrak esaten du: 'Hostia pegar, muñeco bailar' [Ostia eman, eta panpina dantzan]. Ekintza zuzenaren aldeko mezuak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.