Gastua izozteko mehatxua muga bete ez dutenei

Defizit handiko erkidegoei gastu araua zorrotz betetzeko eskatuko die Madrilek. Bruselak «sorpresa handiz» hartu du defizit datua

Gastua izozteko mehatxua muga bete ez dutenei.
Jon Fernandez.
2016ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Pareta atzetik eta ezpata aurretik, halaxe dago Cristobal Montoro. Alde batean, Brusela dauka presio egiten, iazko defizit desbideratzea zuzentzeko 10.000 milioi euroren murrizketak eskatzen. Beste aldean, autonomia erkidegoak ditu, geroz eta zor handiagoarekin: %10,3 handitu zen haien zorpetzea 2014tik 2015era. Neurriak hartuko dituela agindu dio Montorok Bruselari, baina, aldi berean, berretsi du erkidegoen finantzazioa bermatuko duela. Zirkuluaren laukitzea egiteko, ordea, zenbakiak ez datoz bat.

Espainiako Erresumak BPGaren %5,16ko defizitarekin itxi zuen 2015a, agindu baino puntu batekin gehiagorekin. Horrek 10.000 euroko desoreka esan nahi du, baina aurten gehiago handituko litzateke zuloa, erkidegoei ezarritako %0,3ko defizit mugak 24.500 milioi euroko murrizketa eskatuko bailuke. Montorok Gizarte Segurantzari eta erkidegoei egotzi die errua, eta aurrekontuen egonkortasunerako legea zorroztasunez betetzeko eskatuko die. Erkidego gehienek errudun direla ukatu dute, eta azaldu dute egiturazkoak ez diren gastuek handitu dutela defizita. Halere, ministroak esan du murrizketarik ez duela eskatuko: «Ez diegu esango gehiago murrizteko, gehiago ez gastatzeko baizik».

FLA erkidegoentzako erreskaterako funtsetik dirua jaso eta defizita bete ez duten erkidegoei gastu araua betetzeko eskatuko die —Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dute FLAtik dirurik jasotzen—, gastua izozteko, azken batean. Gastu ez-finantzarioaren gaineko gastua mugatzen die erkidegoei arau horrek.

Edozein administraziok politika publikoak egiteko aurrekontuetan aurreikusten duen gastua da gastu ez-finantzarioa; hau da, zorra eta interesak pagatzera bideratzen ez den gastua. Izan ere, legearen asmoa lehentasuna zorraren ordainketan jartzea da. Gastuaren muga ezartzeko Espainiako Gobernuak herrialdearen epe ertainerako BPGaren hazkundea kalkulatzen du —%1,8 2016an—, eta muga hori ezin dute gainditu.

Baina ez dirudi neurri horrek Brusela aseko duenik. Atzo Madrilek emandako defizit datua «sorpresa handia» izan da Valdis Domobrovkis Europako Batzordeko presidenteordearentzat: «Helburua baino dezente gorago dago, eta ikusten dugu zifra erreala oraindik ere handiagoa dela. Garrantzitsua da gobernuak erreakzionatzea eta gure gomendioei kasu egitea». Martxoan, hain zuzen, defizita neurtzeko sistema aldatzeko eta malguago egiteko eskatu zioten zortzi herrialdek—tartean Espainiak eta Italiak— Bruselari. Hark maiatzean emango azken iritzia, eta orduan zigorrak ezar diezazkioke Espainiari gehiegizko defizitagatik, BPGaren %0,2ko isunak —2.200 milioi euro ingurukoak—.

Madrilek arazo handiak ditu defizitarekin eta zor publikoarekin. Espainiaren zorra %3,5 hazi zen iaz, 1,07 milioi euroraino. Zorraren igoeraren arrazoi nagusia erkidegoen zorpetzea izan da, %10,3 igo baita. Iaz Valentziak (%41,3), Gaztela-Mantxak (%35,5) eta Kataluniak (%35,3) izan zuten BPGarekiko zorpetze handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.