Uxue Urzelai Dorronsoro. Iraultza Txikien Akanpadako kidea

«Feminismoari buruzko gaiek geroz eta presentzia handiagoa dute»

Zabalik dago ITAn parte hartzeko izen ematea. Izarran egingo da, uztailaren 19tik 23ra. Euskal Herriko herri mugimenduetako kideak izango dira bertan, aniztasunean gai desberdinak jorratzea helburu.

BERRIA.
Irati Alvarez Malaxetxebarria
2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Irekita dago Iraultza Txikien Akanpadan izena emateko epea. Izarran izango da, Ostuño parkean (Araba). «Herri mugimenduaren eta bertan dabiltzanen topagunea» da ITA, «Euskal Herriko borroka ezberdinen plaza». Hirugarren aldia du ekinaldiak, herri mugimenduak saretzeko helburuarekin. Egitarau zabala izango du: hitzaldiek, mahai inguruek, kultura eskaintzak, haurrentzako aktibitateek, azoka batek, jolasek... osatuko dute. Antolakuntza lanetan ibili da Uxue Urzelai Dorronsoro (Ordizia, Gipuzkoa, 1988), eta aldi berriaren nondik norakoez hitz egin du.

Akanpada herri mugimenduaren eta bertan dabiltzanen topagunea dela diozue. Nola definituko zenuke herri mugimendu bat?

Herri mugimendu bat, beste hainbat gauzaren artean, gaur egun dugun sistema kapitalista heteropatriarkalak sortzen dituen desberdintasunei eta ondoezei aurre egiteko alternatibak sortzeko lanean dabilen jende talde bat edo mugimendu bat da.

Behar baten ondorioz sortu zenuten akanpada, ezta?

Beharra zen, eta gaur egun ere bada, Euskal Herrian dagoen herri mugimendu masa handia denbora tarte batez elkartuko zituen espazio bat sortzea. Batetik, elkar ezagutu eta aliantzak sortzeko; eta, bestetik, jorratzen ditugun gaiak edo kezkatzen gaituztenak, gure artean dauden kontraesanekin, landu eta elkarrekin modu eraginkorragoan alternatiba bat sortzeko.

Borroka askotarikoak diren heinean, desadostasunak egongo dira.

Finean, nahiz eta bide desberdinetatik gai desberdinak jorratzen ditugun, herri mugimendu definizio horretan, norabide berera goaz. Horregatik, begirada horiek guztiak mahai gainean izatea eta kontuan hartzea beharrezkoa da.

Nola egingo duzue saretze hori?

Akanpadan zehar Euskal Herriko mugimenduen mapa gauzatuko dugu.

Zer dela-eta topaketen lekualdaketa? Zergatik aukeratu duzue Araba?

Tokiz aldatzeko, lehen beste herrialde batzuetan egin ditugulako, eta Araba ahaztuago dagoelako. Araban herri mugimendurik ez dagoela ematen du, baina ez da horrela. Bestetik, Gasteiz hiriburua izan arren, argi geneukan landa eremuan egin nahi genuela.

Gaur egun pil-pilean dauden gaiak topatu daitezke aldi berrian (lodifobia, trantsizio ekosoziala...). Zerk mugitu zaituzte gai bat edo bestea hautatzera?

Egia esan, asanblada orokorra ez da izan hitzaldien gaiak aukeratu dituena. Euskal Herri osoko dozenaka kolektibori zabaldutako galdetegi bat egin zen, proposamenak jaso eta gaur egun Euskal Herriko herri mugimenduetako kideei interesatzen zaizkien gaiak identifikatzeko. Bai norberak lantzen dituen gaiekin lotuta, bai beste gai batzuekin lotuta. Azkenean, egitaraua gaur egun herri mugimenduak dituen interesen eta landu nahi dituen gaien erakuslea da.

Bada bereziki gailentzen den gairik?

Nagusiki ez dakit, baina feminismoarekin loturiko gaiak geroz eta presentzia handiagoa hartzen ari dira, zorionez. Orain arte hain ikusgarriak izan ez diren gaiak dira, ekofeminismoa edota lodifobia, adibidez. Berdin zaintzarekin. Jendeak presenteago ditu, are gehiago zaintzaren inguruan, azaroaren 30ean Euskal Herri osoan egingo den greba feministaren bidez.

Hitzaldiez gain, eskaintza kulturala ere egongo da.

Bai, eguerdi eta gauetan izango dugu eskaintza kulturala. Batetik, praktika artistiko politizatuei beraien tokia emateko; eta, bestetik, gozamenari ere lekua egiteko.

Haurrak ere barne hartu dituzue egitarauan.

Adin desberdinetako jendeak espazio politizatu hauetan parte hartu nahi badu ere, haurrak eta nerabeak maiz ez dira aintzat hartzen horrelako topaketetan. Joan den urtean saiakera egin genuen, eta jaso genuen erantzuna positiboa izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.