Auzolanerako datu basea

Gipuzkoako Aldundiak 2006az geroztik bere ardurapean egindako itzulpenak eskaintzen dituen datu basea sareratu duMolde askotako 28.000 dokumentu ditu Creative Commons baimenez eskuragarri

Itzultzaileak izango dira erabiltzaile ohikoenak, baina edonorentzat izan daiteke baliagarri datu base irekia. - / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
«Auzolanerako» tresna gisa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ardurapean egindako itzulpenak jasotzen dituen datu base irekia. Nahi duten itzultzaile guztientzako sarean eskuragarri jarri ditu aldundiak 2006tik gaur arte erakundearen ardurapean egindako itzulpen lanak, 28.000 gora dokumentu guztira, 52.000tik gora segmentu edo esaldi. Itzulpen memoria horrek «laguntza handia» eskainiko die itzultzaileei, Administrazioan lan egiten dutenei batik bat, Karlos del Olmo itzultzaile eta Donostiako Udaleko euskara teknikariaren iritziz, eta Administrazioko itzulpenetan denboran —eta, horrenbestez, dirutan— «%25eko aurrezpena» ekarriko du «oso epe laburrean, ia-ia berehalakoan».

Gipuzkoako Aldundiaren datu baseko itzulpenen %90 gaztelaniatik euskarara edo euskaratik gaztelaniara egindako itzulpenak dira, baina bada frantsesera, ingelesera, katalanera, alemanierara eta latinera egindako itzulpenik ere. Gaiak eta dokumentu motak ere askotarikoak dira: foru dekretuak, foru aginduak, deialdiak, gutunak, kontratuak… Baina artearekin, literaturarekin, musikarekin eta beste sormen adierazpen batzuekin zerikusia duten testuak ere badira, Arteleku, Koldo Mitxelena Kulturunea eta gisako zentroen ardurapean egindakoak.

UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroak atondu du, Aldundiaren enkarguz, datu basea, eta bildutako dokumentuak bi erabilera nagusitarako prestatu ditu: terminoen araberako bilaketa egiteko —soila nahiz aurreratua— eta itzulpen memoria fitxategiak eskuratzeko, itzulpen laguntzarako Wordfast, SDL Trados edo antzeko programekin lan egiteko. Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia baimen batez sareratu dira eduki guztiak.

Itzulitako dokumentuetan ageri diren datu pertsonalak babesteko, dokumentazioko datu pertsonal eta pribatu guztiak ezabatu egin dituzte datu basetik, pertsonen izenen ordez A hizkia ezarriz, eta identifikazio zenbakien ordez 0 zenbakia.

Datu base irekia da aldundiarena, eta egiten diren itzulpenak datu basera sartzen joango dira aurrerantzean. «Aldundiaren 2.0 programaren barruan kokatzen da, bere helburuetako bat delako informazio eta komunikazio teknologien bitartez gizarteratze sistematiko bat bilatzea, euskararen edukiari dagokionez», Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak azaldu duenez.

Datu basearen erabiltzaile nagusiak itzultzaileak izango dira. «Gipuzkoako udaletako itzultzaileak izan daitezke onura handiena jaso dezaketenak, baina baita beste herri erakundeetako itzultzaileak ere», Aranbururen iritziz. «Hirugarrenik, itzulpeneko profesionalentzako ere bada. Eta baita ere, gero eta gehiago, Administrazioan euskaraz lan egiten duten langile eta teknikarientzako. Itzultzaileak dira, beraz, subjektu zuzenak, baina beste edozein ere izan daiteke».

«Normalizaziorako tresna»

Funtsean, Gipuzkoako Aldundiaren itzulpenen memoriaren datu basea Euskal Herriko Unibertsitatearen Ereduzko Prosa Gaur datu basearen (http://www.ehu.es/euskara-orria/euskara/ereduzkoa) antzekoa da, baina Administrazioko testuetan espezializatua, hots, «ereduzko prosa administratiboa», Del Olmoren hitzetan. «Inongo zentsuratatik edo apetatatik edo hizkuntz egituratatik pasatu ez dena, egia da, inork ez baitu ezer ordenatu; baina badira gutxien-gutxienez 15, 20 edo 30 lagunek landutako ereduak».

«Euskararen normalizaziorako tresna indartsua» da aplikazio berria, Del Olmoren ustez. «Bere burua euskaraz lan egiteko prestatzen ari den trebagaiak hizkuntz eskakizunen aldetik maila handiagoan daudenek eman dituzten soluzioak topatuko ditu hemen. Guk, esaterako, Donostiako Udalean egiaztatuta daukagu beren burua euskaraz jantzi nahi duten trebagaiek hiztegietara eta horrelakoetara baino gehiago jotzen dutela itzultzaileek egindako lanetara. Gaurtik aurrera euskaltzale guztiek, euskaraz trebatu nahi duten guztiekbeste zerbitzu bat dute eskura, baita itzultzaile ez badira ere, datu aberatsak ematen dituelako».

@Datu basearen helbidea honako hau da:

www.gipuzkoa.net/imemoriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.