Thailandia

Thailandiako erregeak urtebetera murriztu du Thaksinen espetxe zigorra

Berez, zortzi urteko espetxe zigorrari egin behar zion aurre lehen ministro ohiak. Thailandiako Auzitegi Gorenak 2008an eman zuen hura atxilotzeko agindua, baina erbestera ihes egin zuen.

Argazkiaren erdian Thaksin Shinawatra lehen ministro ohia, Thailandiara itzuli zen egunean, joan den astean. RUNGROJ YONGRIT / EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 1a
15:57
Entzun

Thailandiako errege Maha Vajiralongkornek urtebetera murriztu du lehen ministro ohi Thaksin Shinawatraren espetxe zigorra. «Ustelkeria, monarkia iraintzea eta agintekeria» egozten dizkiote lehen ministro ohiari. Thailandiako Auzitegi Gorenak 2008an eman zuen haren aurkako atxilotze agindua, baina erbestera egin zuen ihes. Erresuma Batuan izan da hamabost urtez, baina joan den astean itzuli zen herrialdera.

Hasieran, zortzi urteko espetxealdiari egin behar zion aurre lehen ministro ohiak. Baina, hegazkinak lur hartu bezain laster, erregeari barkatzeko eskatu zion. Hark gaur eman du erantzuna. Barkamena onartu du, eta urtebetera murriztu du Thaksinen kartzela zigorra. Monarkiaren arabera, Thaksinek aitortu egin ditu leporatutako delitu guztiak, eta, aske geratu ondoren, «kartzelan irabazitako gaitasunak, esperientzia eta jakintasuna erabili ahal izango ditu nazioaren, gizartearen eta herriaren onerako».

Horrez gain, Vajiralongkornek Thaksiniren osasun arazoak ere aipatu ditu haren zigorra murrizteko arrazoien artean. Lehen ministro ohiak 74 urte ditu, eta zenbait osasun arazo ditu, hala nola bihotzeko arazoak. Haren osasun egoeraren adierazgarri izan zen, hain justu, herrialdera itzuli zen lehen egunean gertatutakoa. Hegazkinak lur hartu zuenerako, jarraitzaile talde handi batek egin zion harrera, baina ministro ohiak ez zuen tarterik izan jarraitzaileak agurtzeko, ospitalera eraman behar izan baitzuten gau hartan. Horiek hala, Thaksin bakartuta egongo da espetxealdiko lehen hamar egunetan, osasun arazoengatik eta COVID-19aren protokoloarengatik.

Lehen ministro ohi Prayut Chan-Ochak ere sinatu du erregearen agindua. Haren postua hartuko du laster Pheu Thai alderdiko Sretta Thavisinek. Thaksin Thailandiara itzuli zen egun berean izendatu zuten Thavisin herrialdeko lehen ministro.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.