Andrea Ibarra

Euskal rockari «hats berri bat» ematera dator Maskak, hauek kendu eta barnekoa erakutsiz

Maskak taldea sortu berri dute Itsasu eta Bidarraiko lau gaztek, eguneroko biziaren abiadura alde batera utzirik, barnera begiratzeko astia hartzeko. Rocka popa eta elektronikoarekin uztartuz, hamabi kantuz osaturiko diskoaren lehena hedatuko dute gaur, otsailak 7ko iluntzean.

Ezkerretik eksuinera, Thomas Saragueta, Patxi Cazenave, Betti Albor eta Battitt Etchartek osatzen dute Maskak taldea.
Ezkerretik eksuinera, Thomas Saragueta, Patxi Cazenave, Betti Albor eta Battitt Etchartek osatzen dute Maskak taldea. (Maskak)

«Bazterrak aldatzen, edertzen, kaltetzen / denbora ari da dena eraldatzen / halako baldintzen menpean kokatzen», horrela abiatzen da Maskak taldearen lehen kantua, album guzia izanen denaren ideia «biziki untsa laburbiltzen» duena, Betti Albor itsasuarraren erranetan. Bera gitarran dela, ondoan Thomas Saragueta baterian zein padean eta Battitt Etchart teklatuan, melodia eman diote Patxi Cazenaven bozari, Maskak taldea sortzeko. Gaurko iluntzean, hau da, otsailaren 7ko 19:00etan, argitaratuko dute YouTuben haien lehen sorkuntza, 'Ekin ala gabe'.

Rock-pop-elektro estiloan, hiru minutu eta erdian, «inguratzen gaituen errealitatearen ispilu» funtzioa bete nahiko luke kantuak. Gizarte honen etengabeko aldaketan, «gizakiak, emazte ala gizon, gure izatea galtzen ari gara, geroz eta egoistago eta indibidualistago bilakatzen gara», deitoratu du Alborrek.

Horregatik, bere hiru kideekin, bilakaera honek sortzen dien ezinegona musikara eramatea erabaki dute, beren sorkuntza guzien «hari gorria» izanen den osasun mentalaren gaiari tiraka: «bizi erritmoa azkartzen ari da, gaur egungo gizartea geroz eta estresagarriagoa da eta gure osasun mentala kaltetua da. Arazo hori emendatu da gazteen belaunaldian eta atzematen dugu ez dela batere aipatzen».

Izatea ezkutatze horretatik, hain zuzen, «Maskak» izena. Objektu hau sentimenduak, beldurrak eta dudak kukutzeko tresna gisa ikusten dute eta artea dela medio, erauntzi nahiko lukete, baita erauntziarazi ere. Taldeko gitarra-joleak azaldu duenez, «guk nahi dugu jendea gomitatu eta sustengatu maska hori kentzeko, beldur eta duda horiek eroriarazteko. Orain arte sekretuan atxikitako gure egiazko natura erakusteko modu bat da».

12 kantu autoekoizpenean

Talde berriaren jatorria 2021ean sortu zen Kakolak taldean da. Azken honen siglapean ekin zioten gazteek rock klasiko batzuk berrartzeari eta lehen pausuak eman zituzten eszena gainean, sasoi batez 20 kontzertu inguru eginez. «Betidanik musikazaleak» izanki, «mundua biziki maitatu dugu eta gure proiektu propioa sortzea deliberatu dugu».

Deliberatu eta egi bilakatu, orain bada urte eta erdi hasi baitziren buru-belarri lanean. 21 eta 24 urte bitarteko lau gazte itsasuar eta bidarraitarrek haien lehen diskoa, Buruz buru (2024), otsaila bukaeran hedatzeko asmoa lukete.

Diskoa osatzen duten 12 kantuek Paxkal Etxepare ukan dute soinu ingeniari gisa, eta bere Hazparneko estudioan grabatu dute osorik, autoekoizpenean. «Bere kontaktua bagenuen eta albuma grabatzeko konfiantza egin digu, guregana etorri da gure estiloa atzematen laguntzeko», azaldu dute taldekideek; «hastapenean ez genuen gogorik album oso bat sortzeko, baina errepika gelan elkartzen ginen ats guziz eta azkenean, bi, lau, hamabi sortu ditugu eta album luze bat egitea delbieratu dugu. Ingurukoengandik sustengatuta, gure ametsa berehala egia bihurtu da».

Euskal Herri osoari begira

Orain albumaren kaleratzea biziki gertu ikusten dutela, xedea argi dute: «Euskal Herri osoan, lehenbailehen, ahalik eta kontzertu gehien egitea». Euskararen zentralitateari garrantzia handia ematen diotela azpimarratu dute, «proiektu huntan dena euskaraz izateari, hitzak eta inguratzen duen guzia».

Euskara eta euskal kulturaren garapenean haien hazia erein nahiko lukete, euskal musikari «hats berri bat emateko», dio Alborrek. Adibidez, «teklatua eta baxu elektronikoa ez dira sobera erabiltzen rock munduan. Estilo mailan zerbait berria ekartzen saiatu gara». Energia eta malenkonia uztartu dituzte, instrumentu ezberdinen bidez, rockaren nagusitasuna poparekin eta elektronikoarekin fusionatuz. Sorturikoa gizarteratzea geratzen zaie: «proiektua ahalik eta urrunen eraman nahiko genuke».