You are on page 1of 63

Nerea Loiola Pikaza (Deba, 1985)

Ingeniaritza Mekanikoan graduatua da, eta Bigarren Hezkuntzako matematikako irakaslea


lanbidez.

2018an argitaratu zuen bere lehen liburua haur literaturan, Harri bat poltsikoan; eta 2019an,
bigarrena, Azken lanhütarra. Azken urteetan haur eta gazte literaturan kokatu den arren, beste
alor batzuk jorratzen ere aritu da: iritzi zutabeak Urola Kostako Hitzan eta helduentzako
ipuinak batez ere.

Epizentroa da egindako lan horren aurreneko emaitza.


Obra honen edozein erreprodukzio modu, banaketa, komunikazio publiko edo aldaketa
egiteko, nahitaezkoa da jabeen baimena, legeak aurrez ikusitako salbuespenezko kasuetan
salbu. Obra honen zatiren bat fotokopiatu edo eskaneatu nahi baduzu, jo CEDROra
(Centro Español de Derechos Reprográficos, www.conlicencia.com; 91 702 19 70 / 93
272 04 47).

Liburu honek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso
du.

1. argitalpen digitala: 2021eko maiatzean

Azala:
Erein
Azalaren irudia:
Maddi Zumalabe eta Jon Aranguren, Asteazkenak
Maketazio elektronikoa:
Erein
© Nerea Loiola Pikaza
© EREIN. Donostia 2021

EREIN Argitaletxea
Tolosa Etorbidea 107
20018 Donostia
T 943 218 300
erein@erein.eus

Edizio digitalaren ISBN zenbakia:


978-84-9109-606-1
Digitalizazioa:
Erein S.A.
www.erein.eus
Izioki-eneako lurrikara eragile txikiei;

eta ez hain txikiei.


CUISINE ET SANTÉ
I
Zenbatekoa espainolez eskatu dio taxi-gidariak, aurretik hitzik gurutzatu ez badute ere.
Saioak dirua atera bitartean, pinu formako aire-gozagarriaren kulunka eten du gizonak.
Taxiko atea itxi eta ondorengo asteetan bizileku izango duenari begira askatu du ile-mototsa.
Cuisine et Santé. Etxe makrobiotiko bat?, marmarikatu zion Ainarari honek egonaldia
proposatu zionean. Garbi jan, deskantsatu eta zure buruarekin konektatzeko aukera emango
dizu. Ez zela joango esan zion, baina hantxe dago, U itxurako eraikin baten aurrean, bere
adats gorrixkako korapilo bat atzamarrekin askatzen.
Eraikin multzoa hiru gorputz baldarki pilatuk osatzen dute. Zati bakoitzak ditu molde
bateko teilatu-hegalak, leihoen arotzeria desberdinak, zein bere aldetik doazen hutsarteak,
koloreak eta erritmoak, zeintzuek erabateko harmonia eza sortzen duten eta, agian, atalen
arteko dialogo posibleak erakusten. Bi kolunpio daude eraikinak erdialdean gordetzen duen
belardian, neskato bat gogo-hotzez din-danean. Dozena bat lagun ikusi ditu aspaldi batean
zuriak izango ziren plastikozko mahai eta eserlekuetan sakabanaturik, batzuk irakurtzen,
tertulia goxoan besteak; lasaitasuna darie.
Haiengana hurbiltzeko tentazioa izan du, pare bat pauso ere eman ditu norabide horretan
atzamar artean kateatu zaizkion ileak lurrera erortzen uztean; baina, aski giharrik ez eta
Recepció esaten duen kartel zahar bati jarraiki zeharkatu du ate txuri bat.
Ateak, ordea, jantoki handi batera eraman du, ez harrera-leku batera. Han ez inor.
Est-ce votre première fois?
Berealdiko sustoa eman dio eskua sorbaldan jarri dion ahotsak. Kopetako ileak alboratu,
eta denboratxoa behar izan du ezustekoari aurre egin eta frantses herdoildua bizkortzeko.
Agure zahar bat du solaskidea. Maximek –hala aurkeztu du bere burua– bideratu du
harrera-lekura, aurretik Saioaren ustetan pertsonalegiak ziren pare bat galdera egin eta gero.
Harrera-lekua edo. Hamar minutu ere ez dira igaro iritsi denetik eta Saioa ulertu ezinik
dabil nolatan egoten den Ainara, den zurrunarekin, hain gustura toki hartan. Gela txiki bat da
harrera-lekua, biltegi edo trasteleku bat ere izan zitekeena, arroz integral zakuak, baskula
handi bat, kontserban jarritako fruta ontzi ilarak, argazkiz estalitako hormak, liburuak
non-nahi; eta, bazter batean, egurrezko idazmahai maiztua, koaderno, liburu eta orri solteez
gainezka. Burutik pasatu zaio, akaso, ez duela Ainara uste bezain ongi ezagutzen, bera, Saioa,
izan dela protagonista nagusia bien arteko laguntasun performancean; bere pozak ez ote diren
beti ospakizun handiagotarako motibo eta ez ote dituzten bere tristurek biak neurri berean
kolpatu. Ez da jabetzen jarrera hori hartu izanaz; beti hor egon izan balitz bezala da, bere
izenean hautatua.
Komunik gabeko gela bat aukeratu zuen erreserba egin zuenean; zorrotzago begiratzen
die orain gastuei, bizitzako beste etapa bati ekiteko lana utzi zuenetik. Baina etxe
makrobiotikoaren ardura duen gizonak korridoreko komuna erakutsi dionean –eta sudurra
hurbildu duenean– damutu egin da. Atsekabe sakon bat irribarre batekin nahastu zaio
begitartean. Ez da ausartu unean bertan gelaz aldatu nahi duela esaten; sukaldera itzuli arte
itxaron eta mesede bat eskatzen ariko balitzaio mintzatu zaio, begiak apur bat kizkurturik.
Je voudrais une chambre avec salle de bains.
C’est bien labur eta irribarretsuaz erantzun eta koaderno lodikote baten orriak aurrera eta
atzera paseatzeari ekin dio gizonak.
Ez duzue kudeaketa informatizaturik?, galdetu dio ia.
À voir, esan du hark orri batean idatzitakoak hatz erakusleaz errepasatzen dituen
bitartean, désolé mais pas possible.
D’accord, c’est bien. Sumindura aukeratu du Saioak; oso emozio sentigarria da, aterpe
perfektua gehiegi lan egin nahi ez duen batentzat.

II
Afaltzeko ordua dela adierazten duen kanpaitxoa. Liburua ohe gainean utzi eta nagiak atera
ditu leiho ondoan. Ezkila-hotsari men eginez mezetara joaten diren eliztarren tankeran sartzen
ari da jendea jantokira; erabateko baretasunean denak, hain txukun eta kontrolpean, elkarren
artean nahasteko
baldintzaturiko gizarte-kide zentzudunak, drama guztiak barnean gordeko diren ostiral
arratsalde honetan.
Elikadurak salbatuko zaituzte!
Kolunpioetako batean iltzatu du begirada, maizterrik gabe kulunkan, joan-etorri
otzanean. Neumatiko zahar bat erabiliz egin zion osaba Albertok zabu bat. Intxaurrondo
erraldoiaren adar batetik zintzilikatu zuten.
Zeruraino, osaba, zeruraino!
Zerua hegaztiena dun, Kukita! Hankak lurrean izan behar ditinagu beti, entzun?
Nik airean ditut, ba!
Hankak airean eta mingaina beti dantzan, mari-matraka galanta haiz hi… To zeruraino!
Ihes egin behar izan zuen osaba Albertok Saioak hamabi urte zeuzkanean. Zer gertatzen
da sendatzen ez diren eta sekula sendatuko ez direla dakizun zauriekin? Pisu-kide bihurtzen
direla, edo, kasurik onenetan, maskota. Kolunpioa txikitu zuen amorruaren amorruz.
19:30ak. Afaldu nahi duenak ordu horretan egin behar omen du. Goizegi da, baina joan
egingo da hala eta guztiz ere. Afaltzen duenetan hamaikak aldera ohi du, CSI Miamiren azken
kapituluarekin batera eta True Detective jarri aurretik. Afaldu zuen batean joan zitzaion
Ainara etxera abisatu gabe. Eskandalizatu egin zuen Saioaren itxura narrasak, Saioa baino are
lorrinago zegoen etxeak eta esku artean zeukan aurrez prestatutako espageti japoniarren
potoak. Ainararen erretolikari, Ez da hainbesterako esan zion Saioak sofatik, eta bereari eutsi;
harik eta, erantzunean, Ainararen ahotik entzun zuen arte: Zakarrontzian beste lau espageti
poto daude, bada hainbesterako. Bere onetik irten zen. Zaborra arakatu didazu? Alde
hemendik! Eta halaxe egin zuen Ainarak. Hurrengo goizean itzuli zen, ordea, goraino
betetako hiru tuper eta etxe makrobiotikoaren esku-orriarekin.

Beste apopiloek egiten dutena imitatuz hartu du self-service erako afaria: ardo beltzaren
koloreko zopa, porlanezko arroz integrala eta lurrazaletik desagertutzat jotzen zituen
barazkiak. Ontziak eskuetan, bazter batean zutik geratu da besteak nola esertzen diren
asmatzeko. Iruditu zaio nahieran aukeratzen dutela norbere lekua mahai luze horietan.
Solasaldi behartu bati eusteko gogorik ez eta, egoerari iskin egiteko beranduegi izanik,
afaltzera jaitsi izanaz damutu da. Goizeko gizona ikusi du halako batean, Maxime, eta haren
begirada bilatu; aldamenetik burumakur pasatu zaio, eta zoko batean eseri da jateko ezer ez
eta liburu bat esku artean. Zoparen ontziak hatz-mamiak erre dizkio. Euskaraz hizketan aditu
dituen gizonezko baten eta bi haurren ondoan eseri da azkenean; dibortziatua, bere artean.
Haurren ama mahaian eseri denean kontrako eztarritik joan zaio zopa Saioari: garaia,
sendoa, mantso begiratzen duten begi grisak, eta ile kizkurra; Inesen sekulako antza du. Hitz
egiten hasi denean, ordea, berehala egin du alde bere bikotekide ohiaren mamuak jantokitik.
Ahots zorrotza dauka Aliziak, bitxiki trauskila bere gorputz lirainarentzat; eta azkarregi hitz
egiten du, esaldiko azkeneko hitza bi aldiz errepikatuz askotan.
Zerbait esatearren zopa gaziegia dagoela komentatu du Saioak, eta umeen aitak azaldu
dio nahita egiten duten zerbait
dela, gorputzaren energiari orekatzen laguntzeko: jendea oso Ying dagoela eta gatzak
Yangizatu egiten duela bat. Interesa antzeztu du. Dena den, tertulia polita izan du azkenean,
batez ere Aliziarekin, True Detective telesailaren gainekoa.
Seme txikiena jolasean ari zela erori egin delako eta besteak txizagura zuelako, bi
gurasoak mahaitik aldendu dira une batez. Poltsikoak miatu ditu Saioak, gelan ahaztu du
mugikorra. Jantokiaren panoramika azkar baten ostean, Maxime zaharrari erreparatu dio.
Irakurtzen jarraitzen du, atearen eta beheko suaren arteko zokoan. Ez luke jakingo esaten
gizona hirurogeita hamarretan edo laurogeietan dagoen. Gorputz ihar luzea du, esku eta oin
handiak; argaltasunak gorputz-adarren tamaina anplifikatzen dio. Jantokiko gehientsuenak
bezala, maiztutako arropekin jantzita dago. Esango luke, hala ere, Maximen kasuan ez dela
atseden-testuinguruak ekarritako zerbait; zaila egiten zaio eskale itxura hori gabe irudikatzea;
jakin badaki kalean ikusita ez litzatekeela hurreratu ere egingo. Euli bat pausatu zaio buru
gainean. Zakileko ileak ere hain zuriak izango al ditu? Soila ere izan daitekeela pentsatu du.
Kolpetik, burua altxatu du Maximek Saioa dagoen lekurantz, beha zeukala nabaritu izan balu
bezala; eta honek beste alde batera begiratu du derrepentean.

III
Afalostean ying eta yangari buruzko hitzaldi korapilatsu bat entzun du, ez gaia batere
interesatzen zaiolako, ezpada bederatzietarako afalduta eta zeregin handirik gabe zegoelako.
Ondoren, Anna Karenina irakurtzen aritu da logelan. Ainarak gomendatu zion liburu bat
eramateko eta, zalantzak jota, klasikoari heldu zion. Lotarako jarrera egokia aurkitu ezinik
dabil; Tolstoiren hitzek atximur egiten diote. Ba zeukan ba nahikoa orkestra bere buruarekin.
Maitatzaileak eta maitatuak. Inesak eta Saioak. Ia pertsona guztiek maitatzaile izan gura dute;
nahiago dute maitatu maitatuak izatea baino. Maitatuaren lekua hartzea jasanezina da
askorentzat, maitatzailearen nahien zerrendako lehen postuari eutsi beharra; nahiz eta jakin,
berandu baino lehen, produktu erakargarriago batek aldaretik eraitsiko zaituela. Sarritan
pentsatzen du estimulu bat besterik ez zela izan Inesek urteetan pilatutako maitasunarentzat.
Ohean egiten duen mugimendu bakoitzeko arnasa apur bat gehiago estutzen zaio.
Burkoaren luzerak ohearen zabaleraren erdia gainditzen du justu-justu eta mehea da oso.
Eskuarekin kolpe batzuk eman dizkio, mikrouhinean berotzen diren hazi-zaku horiek etorri
zaizkio gogora. Bada zerbait bere gogamenaren barrenean sosegua itoarazten diona.
Aterabide bat baino ez zaio geratzen krisialdi bat izan nahi ez badu: masturbatzea.
Lehen laztanetan, Inesen mingaina irudikatu du bere klitoriarekin jolasean. Inesekin
zebilenean, beste emakumezko batzuekin egiten zuen larrutan masturbatzen zenetan; baina,
bien arteko harremana bukatu zenetik, geroz eta maizago ekartzen du Ines. Jolas arriskutsua
dela badaki, gehienetan negar saio batek jarraitzen baitio orgasmoari. Eguzkiaren ondorengo
ekaitza. Azken aldia erabakitzen du orduan, baina berandu gabe heltzen da beste azken aldi
bat. Taupadak bizkortu zaizkio. Hatzak nahi ditu barruan. Bat-batean, Inesen irudia galdu du
eta Alizia agertu zaio. Begirada konplizea, alu bero eta bustian sartu dizkio atzamarrak sendo.
Oharkabean harrapatu du irudiak eta gelditu ere egin da une batez. Baina bero dago. Gutxi
falta zaio. Eta ze demontre. Mingainarekin, goxotasun oldarkorrez, bere klitoriaren jabe egin
da Alizia eta atzamarrak barruan utzi ditu korritzen den bitartean, berari gustatzen zaion
bezala.
Alua eta eskua lehortzera korridoreko komunera joan den bitartean, zortziko nota jarri
dio orgasmoari. Bueltakoan, logelak desberdin hartzen du arnasa, aurkitu du leku bat
burkoaren hazi artean eta Inesi mendekutxoa hartu diolakoan lokartu da.

IV
Ez dugu kaferik hemen; arroz krema dago hor, han misoa edo soyua… Zerbait bota nahiko
bazenio, sukaldeko arduradunak lehor.
Ez dio antzeman berez den emakume mukerra edo kafearengatik galdetu diolako dagoen
uzkur eta, urduri, irribarre inozoz eman dizkio eskerrak. Zerbitzatu orduko sekulako
atzerakoa eman dio arroz krema delako ahia likatsuak eta badaezpada miso eta soyurik bota
gabe eraman du mahai huts batera. Ez dago txarra. Ezta ona ere.
Arroz krema hobetuko luketen osagaietan pentsatzen ari dela, Alizia ikusi du etortzen,
seme txikiena besoetan.
Egun on. Kopetako ileak alboratu ditu Saioak.
Zure lehen aldia da?, galdetu dio Aliziak gosaria seinalatuz, isekaz.
Errudun sentitu da, zer dabilen bera emakume heterosexual-bikotedunak ameskerietan
lesbianizatzen. Mahaian eseri zaio Alizia berritsu asko eta hizketaldiari jarraitu ezinik dabil
Saioa, ezin dituelako begiak haren eskuetatik apartatu. Luze eta delikatuak ditu,
aihen-belarren antzeko. Konturatu da detaile bila dabilela, iruditegi erotikoari
sinesgarritasuna emateko beharbada; eta sumatu du, halaber, agian ez dela hain errudun ere
sentitzen.
Begira geratu zaio Alizia, erantzun baten zain bezala. Ez daki zer galdetu dion ere,
mendiaz ari dela uste du eta bai-bai orokor batez erantzun dio, baina aurpegi keinu arraro
samarra egin du parekoak eta, lotsaturik, kopetako ileak alboratu ditu berriro. Isiltasuna egin
da, deserosoetakoa. Poz hartu du Aliziaren seme txikiaren negar-hotsa entzutean. Ihes egiteko
unea; liburua hartu eta lorategiko banku batean jarri da.
Norbait eseri zaio ondoan. Burua biratu du Alizia izango delakoan eta ezustekoa hartu du
Maxime ikustean. Zaharrak ez du atentzioa liburutik apartatu Saioaren mugimendua nabaritu
arren. Haren liburuarekiko interesa piztu dio horrek. Zer irakurtzen ari den jakin nahi du,
helduta daukan bezala ezin asmatu du, ordea. Begirada Anna Kareninan jarri du ostera, baina
ez du irakurtzen jarraitu; begi-ertzetik zaintzen du Maxime, hark zirkinen bat egingo duen
zain. Zaharrak ezer susmatu ez dezan bi orrialde pasatu behar izan ditu nahi duena lortu
aurretik: Homo Deus. Ezaguna du, etxeko apaletan dauka. Hasi eta berehala utzi egin zuen,
etorkizunak arnasa eteten dio, nahikoa lan egunean bertan zer bazkalduko zuen erabakitzen.
Agian, horregatik hasi da eroso sentitzen leku horretan, zer jango duten ere beste norbaitek
erabakitzen duelako. Istantean, Alizia atera da jantokitik, eta liburuak eskaintzen dion
ezkutalekutik zelatatu du. Semea besoetan duen arren arin-arin mugitzen da, ihiaren
dotoreziaz.
Oraindik ez du nabaritu gustuko duzunik.
Liburua kolpean itxi eta salto txiki bat eman du aulkian. Begirada milimetro bat ere
mugitu ez duen agureari ezer esan gabe jaiki, mototsa askatu eta logelara erretiratu da.

V
Makurtuta dago Maxime loretxo more baten aurrean. Haren ahoa mugitzen ikusten du
Saioak, baina urrutiegi dago zer esaten duen entzun ahal izateko. Ez dute hitzik egin zaharrak
nabarmenkeria hura bota zionetik. Badaramatza egun batzuk gizona zelatatzen, kolpea itzuli
nahi dio. Behea jotzen hasia dago. Agure bat da, besterik ez. Beha egon zaio gosaltzen,
bazkaltzen, afaltzen (gutxitan egiten duen arren), ikusi du jendearekin hizketan, umeekin
xake jokoan, harrikoa egiten; eta bere senean dagoela dirudi gehienetan. Batzuetan, ordea,
gauza estrainioak egiten ditu: korridoreko zutabe baten atzean ezkutatuta aurkitu zuen
aurrekoan, aurpegia paretari so eta besoak gorputzari pega-pega jarrita, Hemen ez naute
aurkituko esaka.
Eskuarekin loreari agur esan eta banku batean eseri da irakurtzen hasteko. Adi-adi
begiratu dio Saioak, disimulurik
gabe orain. Zaharrak liburua zabaldu duenean bai! txiki bat atera zaio, altxatu eta aldamenera
joan zaio. Azkenekoan Maximek egin zuena imitatuz, bere liburua ireki du eta hogei
arnasketa sakon zenbatu ditu isiltasuna hautsi aurretik:
Lantzean leku batean zabaltzen duzu, itxurakeriatan ari zara.
Zaharra 1 - Saioa 1 hitzak dituen markagailu erraldoi bat irudikatu du eta irribarretxo bat
oparitu dio bere buruari begirada liburutik besteratu gabe. Joan dira bi, hiru minutu eta
Maximek ez du ezer egin, ez du ezer esan. Saioa ondoan izango ez balu bezala jarraitu du,
irakurtzen. Entzun ote dion zalantza egiten hasia da, esaldia berriro errepikatu ala ez. Agure
alu hau. Pixkanaka hustu zaio umorea, zulatutako puxikak nola.
Norbait hilko baduzu erabili pozoia, burdina artean ez amaitzeko modu bakarra da, esan
dio bat-batean Maximek.
Ez dut inor hil nahi.
Erantzun izanaz damutu da esaldia amaitu aurretik. Tonu kezkatsuan erantzun diolako.
Zirin. Urtsu. Kalkulua egin duena da garaile, eta ez, dena eman duena. Bertatik alde egin nahi
du, urrundu; baina zaharrak hizketan jarraitu du.
Polonio 210a da probatu ditudanetatik hilkorrena, zalantzarik gabe. Nahikoa da gramo
baten milarena gizon bat akabatzeko…
Saioak begiak itsu begiratzen dio bere liburuari.
Polonio gramo bat Hiroshimako bonba bezain hilgarria da, baina ahaztu pozoia, tamalez,
erabat ezinezkoa duzu hura eskuratzea.
Isiltzeko esan nahi dio. Ez. Dut. Inor. Hil. Nahi. Etenda sentitzen du eztarria. Ez du
bertan egon nahi; eta, hala ere, geldirik geratu da. Kanpotik behatuta sortzen duten bikoa
irudikatu duenean, banku hartan, pozoi eta heriotzez mintzatzen, barre algara batek egin dio
ihes. Absurdoagorik!
Azido prusikoa duzu beste aukera bat, kafetan edo tetan disolba dezakezu. Azkarregi
eragiten du, ordea: ia ez zidan alde egiteko denborarik eman.
Liburuari adi jarraitu du Maximek, irakurtzen, edo irakurtzen ariko balitz bezala.
Saioak jantokira alde egin du, kanpoaldeari bizkarra emanez zutik geratu eta, gauzak
mahai gainean utzita, ile-mototsa berregin. Kukicha te katilu beterekin, atearen eta beheko
suaren arteko zokoan babestu da.
Anna Kareninaren paragrafo berbera hirugarrenez irakurri duenean, liburua itxi du eta
mugikorra atera. Ingurua zaindu du bilaketa egin aurretik, lekukorik ez dela ziurtatzeko,
artega eta lotsaz. Begiratu dituen web-orri guztietan esaten da Estatu Batuetako eta Errusiako
zerbitzu sekretuek erabili izan dituztela pozoi horiek. Artikulu batek eman dio atentzioa:
Pozoia: emakume-arma, hiltzaile isila. Hari horri tiraka iritsi da XIX. eta XX. mendeetan
serieko hiltzaile izandako emakumeen zerrenda amaigabe batera: Anne Monoham, bi senar
eta iloba bat, artsenikoa; Anjette Lyles, bi senar, amaginarreba eta alaba, artsenikoa; Belle
Gunnes, berrogeita bederatzi biktima, hainbat senar, seme eta ezagun, estriknina; Ellen
Etheridge, lau semeorde, artsenikoa; Lyda Catherine Ambrose, bost senar, artsenikoa; Mary
Cowan, bi senar, hiru seme eta semeorde bat, artsenikoa; Nancy Doss, bost senar, bi seme, bi
biloba eta ama, artsenikoa… Maximek ez dio artsenikorik aipatu, femeninoegia agian
zerbitzu sekretuentzat.
Pauso lasaian, eskuak patrikan, beiratera hurbildu da zaharraren bila. Lehengo lekuan
jarraitzen du. Aukera horrek sortzen dion ikara, ikara baino askoz haratago joan da, eta
argitasun atsegin moduko bat bihurtu da. Bat-batean, Maximek begirada ernea zuzendu dio,
eta, ostera ere, hotzikara bat sentitu du Saioak gorputzean behera.

VI
Izerditan esnatu da goizaldeko hiruak aldera. Negarrez. Negar txiki bat, benetako negarraren
ertzetatik oin-puntetan igarotzen dena, intziri diskretu bat agian. Ohean eseri eta eskuei
erreparatu die. Dardarka dauzka. Odoletan zituen segundo batzuk lehenago. Etxe hartako
sukaldaria akabatu berri du ametsetan, sukaldeko labanarik handienarekin. Atzetik, ezustean,
hotz. Gorpua lurrera erori denean, ordea, ez du sukaldaria ikusi bertan, Saioa baizik; eta
ohartu da labana hartu orduko bazekiela bere burua erailko zuela.

VII
Gosaldu ondoren ibilalditxo bat egiten hasi da goizero, herrira joan eta etorri, bost bat
kilometro guztira. Erritmo bizian egiten du, egunsenti freskoetan ere jakaren beharrik izan
gabe. Ohi baino haize finagoa dabil gaur, ordea, ihintzez blaituta larre eta bideak; eta hotzak
dago. Gelditu egin da une batez, besoak igurtzi eta atzera begiratu; herria gertuago egon eta
bidezidorrean aurrera jarraitu du. Pausoa bizkortuz berotuko delakoan, arnasestuka igo du
aldapa azkenerako.
Egun batzuk dira iritsi zenetik eta, Ainarak iragarri bezala, bere buruarekin konektatzen
hasia da; kontua da, ez zaiola batere gustatu konexio horren beste muturrean aurkitu duen
emakumea. Zintzilikario margul penagarria. Azken hamarkadako gaitzespen eta minak lehen
aldiz ihes-balbula bat aurkitu nahian ari direla dirudi; inoiz esan gabekoak esan nahi dizkio
bere buruari, baina esateko duena ikaragarria da, eta beldurra ematen dio. Madarikatu ditu
Ainara, Ines eta etxe makrobiotikoa; eta, zenbat eta gertuago herritik, orduan eta garbiago
dauka kafe batekin hartuko diela guztiei mendeku. Eta baita croissant batekin ere.
Saioa!, entzun du kafetegi barrenera sartu aurretik. Aliziak, lo-erritual bihurtu zaizkion
orgasmoak eragiten dizkion neskak, irribarretsu astintzen du besoa terrazako mahai batetik.
Irribarre ortopediko samarrarekin erantzun eta oraindik estututa dituen ukabilak lasaitu ditu.
Bakarrik egoteko gogoa dauka, bakarrik eta kafetegiaren epelean goxo.
Zu ere kafea hartzera, orduan?, galdetu dio Aliziak zerbitzariak katilu ketsua mahai
gainean utzi bezain laster, uste nuen ni nintzela etxe horretako pertsona normal bakarra!, eta
algara ozen batez eskua jarri dio sorbaldan Saioari.
Inhibiziorik gabeko Alizia arras polita iruditu zaio, eta atsegina izan nahi duen
jendearentzat erreserbatutako irribarrea egin dio Saioak. Aliziak aitortu dio senarrari esan
diola
umeentzako fruta pixka bat erostera zihoala, Erretxindu egingo da bestela, gehitu du
begi-keinu batez, Zero-kafe egonaldia, nori okurritu zaio!? Kontatu dio, bide batez, Saioak
kafeari lehen zurrupada eman aurretik, etxe makrobiotiko gogaikarri hori ez zaiola batere
gustatzen, senarrarengatik joaten direla. Eta nabaritzen diola, berak ere ez duela gogoko,
ezta? Zuzen dabilela erantzun dio, baina ez da hala. Hortaz ohartzeak sekulako bihotz-ikara
eragin dio, egun gutxi batzuk gelditzen zaizkio bertan; eta ondoren, zer? Egunak daramatza
sentsazio horrekin, mintz babesle baten barruan mugitzen delako sentsazioarekin, merkurio
gisa flotatzen. Bere burua ikusi du CSI Miami eta fideo japoniar artean eta higuina eta
bertigoa nagusitu zaizkio. Ia hasi zaio Aliziari hori guztia esaten, baina, honek,
makrobiotikaren aurkako bere diskurtsoarekin jarraitzen du gogotik. Ez du solasaldiaren
giroa aldatu nahi, ez du haren errukirik nahi, akabo tira-erotikoa, bestela.
Kirolik egiten al duzu?
Eee… beno, korrika egiten nuen lehen, erantzun dio Saioak, lehen gutxienez bi urte
badirela adierazi gabe.
Ze ona! Ia gauero ateratzen naiz, zer iruditzen bihar elkarrekin egiten badugu?
Egiten badugu hori burutik baztertu nahian eman dio ezezkoa, ez duela aspaldi egin eta
kirol oinetakorik ere ez duela ekarri. Baina temati jarraitu du Aliziak, Nik bi pare ekarri ditut,
eta hanka-neurri bera dutela frogatu du oinari oin. Pentsatuko dut esan dionean egin du alde
zuribide gisa erabiltzen duen fruta erostera. Bueltakoan, post-it bat itsatsi du mahai gainean
eta Saioak ulertu ez duen zerbait murmuratu ostean desagertu da.
Egoera modu objektiboan analizatzen saiatu da, bururatzen zaizkion modu subjektibo
guztietan Aliziak bere ohean bukatzen baitu. Behin eta berriz errepikatu ditu bere baitan
ezinezkotasunaren mantrak: Bi umeren ama da. Ez da bollera. Ezkonduta dago. Bi umeren
ama da… Papertxo horiko zenbakiak mugikorrean gordeta ekin dio egoitzarako bideari,
urdaileko zentrifugazioa menderatu ezinik.

VIII
Bazkalorduan hiruzpalau aldiz egin du topo Aliziaren begiradarekin eta, zirrarak eramanda,
mezu bat idatzi dio: ezer esan gabe bestearen pentsamenduan gorpuzten zaituen horietako
bat. Siesta egin aurretik jaso du erantzuna: Saioa! Oso gustura egon naiz lehen. Errepikatuko
dugu.
Nagiak atera eta komunera joan da hortzak garbitzera. Aurpegia ispilutik zentimetro
gutxira jarri eta atzamarrez bekainak orraztu ondoren, mingaina atera dio parez pare duen
neska irribarretsuari.
Talioa erabili beharko zenuke, errazena da manipulatzen.
Ez dira bost minutu Maximen ondoan eseri dela. Eskailerak jauzika jaitsi eta
entretenigarria izan daitekeelakoan aldamenean jarri zaio banku batean liburua eskuan
dagoen zaharrari. Alboan sumatzerako hasi zaio berriro ere pozoi kontuekin. Ez nuke inoiz
inor hilko, esan nahi dio.
Beti bada ezabatu nahi genukeen norbait, aurreratu zaio zaharra.
Inesekin pentsatu du. Ezabatu egin nahiko luke benetan? Eta haren neska lagun berria.
Agertu ez balitz. Orduan zer. Inesek sabelean daraman haurtxoa. Nola ausartu da.
Aurrez aurre dauka Maxime. Liburua itxi du eta gorputza pixka bat biratu Saioarengana.
Barne-begirada aratza eskaintzen ari zaiola iruditu zaio eta garden mintzatu zaio,
defentsa-mekanismo guztiak alde batera utzita.
Zergatik dakizu hainbeste pozoiei buruz?
Maximek esku bat pausatu du Saioaren belaun gainean eta buruen arteko distantzia
murriztu du nabarmenki. Keinua ikusita, berak ere hurreratu du burua doi bat.
Galdera horri erantzungo banio, hil egin beharko zintuzket.
Isilune labur bati zaharraren algara ero burrunbatsuak jarraitu dio, eta ingurukoen arreta
bereganatu. Disimulatzeko beharrak bultzatuta-edo barrez hasi da bera ere oharkabean.
Pitzatuta dago, joder. Hasieran irri bortxatua zena algara zintzo eta gozagarri bilakatu da,
zerbait askatu zaio diafragmaren eta hesteen artean.
Maxime so duela nabaritu du atzera eta, malkoak lehortuta, keinua bueltatu dio
irribarretsu. Agurea serio dago, ordea; suge begiez. Hotza sentitu du Saioak. Eta tristura.
Isiltasuna da nagusi berriro ere, baina ez da lehengo isiltasun bera. Zauskada iheskor batek
zeharkatu dio orduan gorputza: berarekin jolasean dabil Maxime. Iritsi bezain pronto, bere
sentimendu-erruletaren jabe egin zen gizona eta dindili-dantzan darabil, distira eta itzalen
arteko jolas ankerrean. Ikaratu egin da ulertu duenean bat-batean nabarmena egin zaion
errealitatea aspalditik duela bere. Aitortu behar duelako:
eroso dago. Erosoa zaio nola sentitu behar duen besteek bideratzea, besteek erabakitzea.
Hala, existitzera muga daiteke bera, bere buru kulunkariaren maizter izatera. Besoak zabaldu,
eta, datorrenari zainetan txirikordatzen utzi. Eta hondoa jotzen badu, txirikordatutakoa askatu
ezingo duen arren, ez du erruaren lasta bere gain hartu beharrik izaten. Lau egunez jarraian
aurrez prestaturiko fideo japoniarrak jatearekin, kito.
Errugabe asko hil nituen; Estatu Batuetako gobernuko goi-karguei bizitza konplikatzen
zion jendea: oinezko muturluzeak eta urdanga lotsagabeegiak gehienetan.
Liburuan finkatu ditu begiak Maximek. Beste algara baten zain egon da Saioa, baina,
etorri ez, eta bere liburua zabalduta zaharraren jarrera bera hartu du. Polizia-telesailen
abstinentzia-sindromea baretzeko balioko ahal dio ero arraioak. Isilune labur amaigabe baten
ondoren ekin dio agureak berriro, hurbildu egin zaio Saioa besoarekin besoa ukitu arte.

IX
Ni ere oso gustura egon naiz zurekin! Gabon! :-). Hamaika hizki konbinazio baztertu
ondoren, gaueko hamaika eta erdiak aldera eman dio mezua bidaltzeko ikurrari.
Maximen kontuetan pentsatzen itxi ditu begiak. Gaixo omen dago, eta gordeta zeuzkan
diru apurrak deskantsu-etxekoei eman dizkiela dio, hil bitartean ohatze bat eta jana izatearen
truke. Bere burua zaintzeko gaitasuna galduko
balu, erresidentzia batera joango litzatekeela sinarazi bide zioten; arazorik batere sortu ez
zion kontua, seguru baitaki halakorik gertatu aurretik hilko dela, edo bere buruaz beste
egingo duela bestela, Talio pixka bat kukicha tean eta aio pelayo!, azaldu dio begi-keinu bat
eginez. Munizio guztia entregatu gabe hartu nuen erretiroa, eta klisk begiarekin berriro ere.
Lo hartu eta berehala mezu baten soinuak esnatu du.
Esna zaude?, galdetu dio Aliziak.
Irakurtzen.
Zerbait idazten ari dela ikusi du pantailan Saioak. Denboratxoa hartu du solaskideak eta
testu luzea espero du.
Zer ari zara irakurtzen?
Zer ari zinen idazten? Zerbait ezabatu duzu azken mezua bidali aurretik. Ausart sentitu
da pantailaren atzean, gelako bakardadearen babesean.
Aliziak ez du berehalakoan erantzun.
Garagardo bat eskaini behar nizun.
Orain?
Beranduegi?
Atzeko aparkalekuan bost minutu barru?
Azkar baina tentuz jantzi eta aurpegia freskatu du atera aurretik, bihotza eztarrian
taupaka. Alizia zain dauka eskailera maila batean eserita, garagardo ireki berria eskuan.
Nondik atera dituzu?, galdetu dio eseri eta bere botilatxoa hartu duenean.
Esan nizun ez zela nire lehen aldia hemen.
Topa egin dute. Kostata sartu zaio lehen tragoa. Isilik geratu dira. Iluntasunarekin lehian,
aparkaleku sarrerako kale-argi zaharkitu bat besterik ez.
Xelebrea zer da ba Maxime zahar hori.
Nor da Maxime, agurea?
Pitzatuta dago.
Lastima ematen du, aitonatxo bakartia. Beti bere xake jokaldiak gora eta peoi eta
erregeak behera, jokatzeko lagunik ez, ordea.
Noiz arte egongo zarete hemen?, galdetu dio, pozoiena aipatu edo ez zalantzan.
Bihar bazkalostean joango gara. Azkenean!
Lehendabiziko garagardoa amaitzen lanak izan dituen arren, gozo sartu zaio bigarrena.
Konbertsazioak joera konbergentea hartu du kasik berehala, eta, arbi eta arbi-azen arteko
desberdintasunak barre artean disekzionatu ostean, gai intimoez mintzatzen hartu dute
hirugarrena. Saioak Inesekin bizi izandakoak kontatu dizkio: hark eten zuen harremana
haurrik izan nahi ez zuelako. Miserablea. Ustela. Hiru hilabete barru erdituko da. Alizia
gurasotasunaren alderik gaiztoenak jaulkitzen hasi da, baina, okerraz ohartuta, barkamena
eskatu eta isildu egin da.
Goiko logeletako batetik intziri eta ulu segida bat entzun da, gizonezko baten orroaz
amaitu dena. Elkarri begiratu eta barrez lehertu dira. Eskaileretan behera amiltzear den
garagardo botila huts bat jasotzera makurtu dira biak batera. Kontaktua sumatu duenean
gelditu egin da Saioa eta iruditu zaio Aliziak ere hala egin duela. Garagardoen karga
nabaritzen du. Lurruna ahotik joan-etorri azkarrean, gauean zuri, itzalian ke. Botila hutsean
geratzen ziren azken tantak nola isurtzen diren behatu eta mugimendu doi batez
lagunarengana biratu du apur bat aurpegia. Musu labur bat.

X
Alizia ikusteko gogoz joan da gosaritara eta jantokian oroitu du egunean bertan utziko zutela
etxea haiek. Hesteak korapilatu zaizkio eta korapilo artean trabatu hitzak nonbait, ez baita
ezer esateko gai izan goiz guztian. Denbora dezente egin du eserita, hura noiz ikusiko. Ez da
ez Alizia ez haren senar edo umerik azaldu. Zentzugabekeria galanta dela ondotxo dakien
arren, harekiko lotura estua sentitzen du, engantxatu egin da. Gaizki ulertu ez bazion,
bazkalostean abiatuko ziren, eta beraz, han izan behar zuten oraindik. Deitzeko imintzioa
egin du pare bat aldiz, baina botoi gorriari eman dio deia hasi eta berehala, beste eskuko
hatzamar batekin ile-xerlo bat kiribiltzen duen bitartean.
Bazkalaurretik dutxa bat hartzeko gelara erretiratu denean ikusi du senarra atzeko
aparkalekuan seme zaharrenaren laguntzaz maletak auto barruan sartzen. Bart gaueko
garagardo hutsen ondotik igaro dira. Egun on, Alizia!, idatzi du orduan, gelan bakarrik
egonda mezua gustura jasoko duelakoan. Konektatuta dago. Dutxatik atera eta konektatuta
jarraitzen duen arren, erantzunik ez duela ikusita zapuztu egin da. Hor zaude?, bidali dio.
Ezer ez. Hamar minutuko tartea emango dio. Joan dira hogei minutu eta deus ez. Senarra ere
bertan izango da dagoeneko. Handira jo du hordagoa: Bart gauekoa asko gustatu zait.
Mugikorra ohe gainera jaurti du. Berehala atzetik bota du bere burua luze, eta, damututa,
mezua ezabatu du ziztu bizian, oraindik konektatuta jarraitzen duen Aliziak irakurriko ez
zuen esperantzarekin. Batzuetan hain gaude geure istorioan murgilduta, ez gara konturatzen
beste pertsona baten istorioan bigarren mailako aktoreak besterik ez garela. Edo estrak. Edo
dekoratua.
Ezaguna egiten zaion jarrera obsesibo-konpultsiboa errotik eteteko mugikorra itzali du
eta bere burua behartu liburua hartzera eta amaitu arte irakurtzera. Irakurtzera kastigatuta!,
halaxe zigortzen zuen amak umetan. Eta iragarpen ororen aurka, horrela zaletu zen:
kastigatuta eta Los Hollisteren konpainian. Bi egoeren antzekotasunaz ohartu denean,
irribarre mikatzez ekarri du ama gogora. Dena hain gaizki egin al dut ba? galdetu zion egun
hartan, isilik geratu beharrean, eman beharreko erantzuna bururatu zaio orain: Ez, ama, dena
ez, irakurtzeko zaletasuna zuri esker daukat eta.

XI
Irakurtzekorik gabe jaitsi da nahiz eta afalordua urrun egon oraindik. Bizkarra luzatzeko
mugimendu batzuk egin ditu ate parean, eta ingurua aztertzeko aprobetxatu. Sekuoia erraldoi
baten itzalpeko eserlekuan Maxime, disimulurik gabe ari zaio keinuka liburuaren gainetik. Ez
du haren jolasean segitzeko intentziorik eta beste leku batean jarri da. Ipurmasailek ohola
ukitu duten unean, dar-dar egin dio patrikak: Ez idatzi gehiago, mesedez. Bitan pentsatu gabe
ezabatu du Aliziaren zenbakia. Besoak eserlekuaren bizkarraldean zabaldurik, burua atzeraka
erortzen utzi eta zeruan finkatu du begirada. Laino bakartiak, zaharraren biloa bezain zuriak,
trinkoak. Beste etapa bati ekin nahi dio, beste hasiera bati. Berria. Horretarako utzi zuen lana.
Hasiera berri batek, ordea, benetan berria denean, krisia sortzen du. Benetako edozein
aldaketak beldurra sortzen du. Beldurrik ez baduzu, ez da benetako aldaketa. Hodeietako bat
irribarrez ari dela dirudi, Nitaz trufatzera etorri zara zu ere?
Soinu astun bat kolpetik. Maxime lurrean ikusi duenerako eginak zituen hiru bat metro
norabide horretan. Ahoz gora dago, begiak itxita. Talio pixka bat kukicha tean eta aio
pelayo!, oroitu du Saioak. Ondoan belaunikatu zaio, eta eskuekin paparra astindu. Arnasa
hartzen du, esan du norbaitek. Lehertu egin da Saioa orduan. Eztanda egin du barrutik eta
kanpotik. Negar-arrantzaka, zaharraren bularrean gordeta. Eta hala jarraitu du
anbulantziakoak iritsi direnean ere. Lasai, neska, zure aitona ez da hilko, esan dio parean
makurtu eta eskuak sorbaldetan jarri dizkion erizain gazteak. Zorabialdi bat izan eta konortea
galdu du, besterik ez. Esan nahiko lioke dagoeneko begiak irekita dituen agurea ez dela bere
aitona, azaldu nahiko lioke bizkarra zuzendu berri duen gizona ez dela nor bere bizitzan eta
ez dakiela zergatik ari den negarrez. Baina hezur-mamizkoa baino gehiago kristal-likidozkoa
sentitzen da. Ezin da mugitu. Mugitzen bada hautsi egingo da. Eta hausten bada, noizbait
pertsona fresko eta duin bat gorde zuen edukiontziaren arrasto mingarriak baino ez dira belar
gainean geratuko.
Burua belaun artean bilduta geratu da belardian, bere baitatik desagertzen. Begirada apur
bat goratu duenean jantokian ikusi du Maxime osasun langilez inguraturik. Tentsiometroa eta
bestelako aparatuak kendu nahian dabil gizona eta iruditu zaio eskuaz belardiko punturen bat
markatzen ari ote den, inork jaramonik egiten ez dion arren. Liburua. Belarretatik hura jaso
eta bizkarra guztiz zuzendu gabe sartu da jantokira zaharrari eskatzen duena entregatzeko. Ez
du inoren akusazio-begiradarekin, edo oraindik okerrago, inoren aurpegiera errukiorrarekin
topo egin nahi eta patiora atera da atzera.
Iluntasunean desagertzen ari dira bi kolunpioak, baita kulunkan dabilen neskatoa ere.
Mantso hurbildu zaio, eta, nahikoa gerturatu denean, neskatoa ahapetik kantatzen ari den
melodiaz gozatzen geratu da. Baimena eskatu dio keinu batez. Baiezkoa egin dio honek
buruarekin, kantua eten gabe. Ile-motots gorria askatuta, begiak itxita, kulunkan hasi da.
Aurrera, atzera. Aurrera, atzera.
Aurrera.
LAN-ISTRIPUA
Ahots bat entzun zuen korridore nagusiaz bestalde. Berandu zetorren. Bulegoko atea
zabaltzera joan aurretik, Irenek koadroetako bat zuzendu zuen, ziurtatu arte ezkerreko eta
eskuineko koadroekiko oreka. Batera erosi zituen hiru margolanak, itsasertzeko arrats
ilun-gorri guztiak ikusi zituenean bertan harrapatuta. Bere burua irudikatu zuen goizero itsaso
desberdin bati begira, aharrausi bat ostertza zabaltzen. Baina, zintzilikatu zituen lehen
egunetik zebilen teman erdikoarekin; etxeko korridoretik kendu eta bulegoko paretan jarrita
ere ez zen sesioaz libratu. Okertu egiten zen. Oker egon nahi zuen. Hasiera batean, efektu
optiko bat izan zitekeela otu zitzaion, hain justu pintura horrek zituelako pintzelkadarik
luzeenak eta gehienak inklinatuak zirelako. Aste oso batez bere horretan utzi zuen, ezer
mugitu gabe, ohituko zela sinetsi nahian. Bigarren aste oso batez ere eutsi zion eta
zegoen-zegoenean utzi zuen. Hirugarrengoan etsi zuen: goizean goiz, ohetik altxatu orduko
koadroa orekatu zuen bi eskuez tentuz, mugimendu doi batez; eta, aspaldiko partez, arnasa
sakon hartu zuen artelan eder eta aldakorrari begira.
Ahotsa hurbilago entzun zen bigarren aldiz, korridore nagusitik berriro ere; eta,
bigarrengoz, ez zion erantzun. Bizkarra zuzendu eta janzkiei azken ukitu bat eman zien.
Idazmahaiko tiraderan zegoena gainbegiratu eta zenbait dokumentu hartuta bulegotik atera
zen azkenean. Honek beste gela handiago batera ematen zuen. Alde banatara idazkarien
mahaiak, karpetaz eta kartoizko kutxaz betetako apalategi zabalez inguratuta.
Korridore nagusirako atea parez pare zeukan Irenek, zeharkatu aurretik ataurreko
mahaitxoa zentratu eta besaulkiko kuxinak harrotu zituen. Zetorrenak atea jo zain geratzea
ebatzi zuen.
Txirrin melodikoa entzutean, arnasa sakon hartu, hiru arte zenbatu eta, irribarre atsegin
bezain neurtuaz, zilar-koloreko heldulekuari tira egin zion.
Curriculumeko argazkia ikustean zalantza sortu zitzaion arren, aurrez aurre izan orduko
jakin zuen bera zela. Bat-batean, eta arrangura eta sosegu konbinazio estrainio batekin, egiten
ari zenaz jabetu zen Irene eta, une batez, parekoa aienatzeko bulkada sentitu zuen, «sentitzen
dut etorrarazi izana, postua esleitu berri dugu» batekin. Alabaina, keinu batez, atearen beste
aldean zegoen emakumea sartzera gonbidatu zuen.
Estherrek hauspoa airez bete nahi izan zuen, atea ireki zion emakumeak adierazitako
bulegoa zeharkatzen zuen bitartean. Korrika eta presaka iritsi zen, berandu, jakinagatik
garrantzitsua zela hasiera-hasieratik lasaitasuna eta segurtasuna transmititzea. Etxetik
ateratzeko prest zegoela, lau eta sei urteko alaben arteko ika-mika batean sartu eta tenpera
gorriz zipriztindu zitzaizkion sudurra eta masail bat. Komuneko paperarekin saiatu zen arren,
makillaje guztia garbitu eta berriro eman behar izan zuen azkenean. Halabeharrez lortu behar
zuen lanpostua alaben zaintza partekatuari eutsiko bazion, edo behintzat, atiko eguzkitsuari,
garbitzaileari eta alabentzako balleteko klase partikularrei.
Harritu egin zuen elkarrizketatuko zuten gelan inor ez zegoela ikusteak, enpresa
ezagutzen zuen lagun batek esana baitzion horrelakoak Javier izeneko batek egiten zituela,
eta huraxe espero baitzuen bulegoko mahai zuriaren beste aldean. Begiak eskuineko paretako
hiru koadroetara joan zitzaizkion, koloretsuegiak gelaren estetika soilerako. Margolariaren
sinadura antzematen saiatu zen, elkarrizketak irauten zuen bitartean arteaz eta, zehazki,
margolan horri buruz bi hitz egitea mesederako izan zitzaiokeelakoan; ez zuen halakorik
aurkitu, tamalez.
Atea ireki zion emakumea eseri zen elkarrizketatzailearena behar zuen lekuan. Mahaiaz
bestaldeko bi aulkietako batean esertzeko gonbita egin zion esku keinu batez.
Mahai gainean jarri zuen Irenek esku artean zeukan orri sorta, Estherren curriculuma
agerian utzita. Atseginez erreparatu zien haren begi-nini urduriei: curriculumetik
ordenagailura, ordenagailutik leihora, eta buelta curriculumera.
—Irene dut izena.
Eskua luzatu zion aulkitik altxatu gabe. Une bat hartu zuen parean zeukan emakumea
aztertzeko, apropos; horrek bestearengan nola eragiten zuen begiesteko. Irribarre bat egin
zitzaion ohartu gabe eta begirada jasotzean konturatu zen Esther keinuari erantzuten ari
zitzaiola.
—Berandu zatoz.
—Sentitzen dut; ezusteko bat izan dut etxean atera aurretik, alaba txikiak, badakizu…
—Puntualtasuna ezinbestekoa da gurean.
Bera baino gazteagoa izan behar zuela ondorioztatu zuen Estherrek ikusi bezain laster eta
pentsatu zuen horrek konektatzen lagunduko ziola; aurkakoa gertatzen ari zela zirudien,
ordea. Emateko zuen guztia hasieratik erakutsi beste aukerarik ez zuela deliberatu eta hitza
hartu zuen berehala, elkarrizketatzaileak beste iruzkin edo galderarik egin aurretik.
—Poz handia hartu nuen zuen deia jaso nuenean, sektoreko onenak zarete eta aspalditik
jarraitzen dut zuen lana.
Geldiune bat egin eta erantzunik jaso ez zuenez, hasieran baino sentsazio hobearekin
jarraitu zuen aurrera.
Ondorengo minutuetan bere lan esperientzia azaldu zion begirik kentzen ez zion
emakumeari; lanpostu berrian baliagarriak izan zitezkeen ikastaroez mintzatu zen, bai eta
talde lanerako eta enpatiarako gaitasunez ere; kontatu zion bi alaba zituela eta ez zirela
oztopo izango bere jardunean, zaintzaile bat baitzuen goizetik gauera haien kargu.
Ur botila txiki bat atera zion Irenek. Estherrek gustura egin zuen trago muturretik. Irenek,
edarientzako termo luze bat atera zuen mahaipetik eta metalezko lastotxo bati tiraka busti
zuen eztarria.

* * *

Liluratuta begiratzen zien Alexek arreba gaztearen besakada luzeei. Hamasei urte besterik ez
eta laster hautsiko zituen berak lortutako markak. Azken luzeari ekin zionean hatz erakuslea
kronometroan jarri zuen eta, beheko ezpainari koxka eginez, bizi dantzatu zituen begiak
zenbakietatik
igerilekura eta igerilekutik zenbakietara. Besoak garaile hurbildu zen Irenerengana:
astebetean segundo erdia hobetu zuen bere denbora. Igerilekuaren ertzean eseri zen, arrebak
betaurreko bustiak gomazko txapel beltzaren gainera erretiratu zituenean bere burua ikusi
zuen haren begi urdin xareetan. Fisikoki zeukaten antzak lasaitasun sozial moduko bat
ematen zien, lotura biologiko eta ez-biologikoen inguruko azalpenak saihesteko
behin-behineko aukera. Hala ere, arreba bazen bere jatorriari buruzko ezinegona ziklikoki
itzultzen zion ispilu hotza ere.
Zortzi urte zituen gurasoek Ireneren etorreraren berri eman ziotenean, Errusiatik ekarriko
zuten hura ere. Oroitzapen gaiztoak zituen garai hartaz: gurasoen bidaia luzeak, bi urteko
haur iritsi berriaren negar kontsolaezinak, etengabeko antza handia duzue atsegin ustekoak;
eta amesgaiztoak, amesgaiztoak Errusian, amesgaiztoak etxean gurasorik gabe edo ezagutzen
ez zuen beste emakume batekin: amesgaiztoak izan ziren okerrena.
—Berriro saiatu nahi dut, hobetu dezaket –Irenek ezpainak okertuta.
—Badakit, baina ez gaur. –Arrebaren buruari bultza egin zion hondora eta azaleratu zain
egon zen hizketan jarraitzeko.– Ez da ona giharrak behartzea. Egidazu kasu, ez ditut alferrik
irabazi txapelketa horiek guztiak.
Ahoa bete eta txorrotaz aurpegia blaitu zion Irenek, anaiak putzura salto egin eta luze bat
egin zuen ahalik eta azkarren.

* * *

Termoa plastikozko ur botilaren ondoan utzi eta orri-sorta txukundu zuen Irenek atzera.
Leihora hurbildu zen Estherri hitzik esan gabe. Erakargarria eta aldi berean itogarria egiten
zitzaion zortzigarren solairu hartan neguak arratsetan ezartzen zuen iluntasun erabatekoa.
Bulegoko leihoa argi bat zen hiriko puntu garai batean, farozainik gabeko ur zementatuen
bide-erakusle.
Estherren curriculuma hartu eta baiezko keinua egin zuen eseri zenean. Esther Barroso
Garcia. Izen-abizen kateari begira eman zituen segundo batzuk, termoari beste zurrupada bat
eman eta hitza hartu zuen:
—Hemen jartzen du marketin ikasketak 2001. urtean hasi zenituela –pausa bat egin
zuen–; kalkuluak gaizki egin ez baditut, 21 urte zenituen orduan.
Estherrek buru-mugimendu geldo batez erantzun eta galdera ikur bat bidali zion
begiradarekin.
—Zer egin zenuen aurretik? Esan nahi dut, zergatik ez zenituen marketin ikasketak 18
urterekin hasi?
Begirada koadroetara joan zitzaion Estherri nahi gabe. Urduritu egiten zuen Ireneren hitz
egiteko erak. Saiatu zen arreta emakume harengan jartzen, ez S&I marketin enpresako
elkarrizketatzailearengan, ezpada aulkian eserita zegoen adin ertaineko emakumearengan.
Konektatzeko bidea aurkitu behar zuen. Ezaguna egiten zitzaion zerbait ikusi zuen haren
aurpegian, haren begi urdin izoztuetan. Ez zen sentsazioaz gehiegi fio, ordea: azkar
eskaneatzen zuen jendea eta, hamar minutu igarotzerako, gehienak iruditzen zitzaizkion
ezagunak. Pentsamendu hori baztertu eta, besterik ezean, elkarrizketatzailearen galdera
apetatsuari modu emankorrenean erantzuten saiatu zen.
—Zuzenbidea, ados. Eta, zergatik utzi zenituen ikasketak? –galdetu zion azalpena jaso
eta berehala.
—Aitak bultzatuta hasi nuen zuzenbidea. Zalantza asko izan nituen hasieratik, baina
hirugarren urtean garbi ikusi nuen Marketin ikasketak egin nahi nituela. Ikus dezakezun
bezala, ikasketa berriak hasi eta urtez urte gainditu nuen dena, emaitza oso onak lortuz
gainera.
Irene aulkitik altxatu eta leihora hurbildu zen ostera. Ireki egin zuen, bi besoak
altzairuzko markoan bermatu eta arnasa baretzeko segundo batzuk eman zizkion bere buruari.
Alex ez zen Estherren curriculumetan azaltzen.
Espediente akademikoa orbangabea zen.

* * *

Izozki bana eskuan, portuko arrapala nagusiaren petrilean eseri ziren Alex eta Irene. Ilunabar
gorriak itsasoa argiztatzen zuen oraindik.
Ordubete lehenago, harriduraz jaso zuen Irenek anaiaren eskaintza. Lagunekin batera
hirira joateko autobusa galdu zuen berak, aitak afaria zuen eta gidabaimenik ez amak. Joateko
uste izpirik ez zuenean azaldu zen Alex ez-ohiko erreskatera.
Arrapalan gora mugitu zuen ipurdia narraska anaiarengana gerturatzeko eta olatu
ilun-gorrien dantza hausten zuen piraguista taldeari begira geratu zen. Umetan askotan joaten
ziren harraldera izozkia jatera, paseoaren osteko saria izaten zen. Irenek oroitzen zuen
gustatzen zitzaiola ezezagunekin gurutzatzea Alexen ondoan paseoan ari zela. Kamarada
deitzen zion nebari, arrebatxo erantzuten zion hark.
Alexi begiratu zion, piraguei beha zegoen eta ez zen Ireneren mugimenduaz ohartu.
Egunen batean, Errusiara bidaiatuko zuten biek, horixe agindu zion aspaldi, elurretako
oreinez estanpaturiko pijamaz jantzita, Irenek galdetu baitzion hango zerbait oroitzen al zuen.
Amesgaizto baten ostean izan zen, anaiak ohean lekutxo bat egin eta besoen artean babestu
zuenean arreba.
—Muravéinik opilak jatera joango gara Moskura elkarrekin, eta ederra izango da, eta ez
duzu gehiago amesgaiztorik izango.
Izozkia amaitu zuenean, ordulariari begiratu zion lagunen maila etilikoa kalkulatu ahal
izateko. Film bat ikusteko aitzakian Sararen hamaseigarren urtemuga ospatzekoak ziren, litro
batzuk bazter ilunen batean eta alde zaharrera gorputzak astintzera.
—Proposamen bat –esan zuen Alexek handik pixka batera–. Aterako al gara elkarrekin
aurtengo lasterketa mixtoan?
Harritu egin zen Irene.
—Ni motela naiz haren aldean. Hobe duzu Anerekin aurkeztu.
—Abiadura handia lortu duzu eta baduzu oraindik hobetzeko tartea. –Kolpe txiki batzuk
eman zizkion eskuaz izterrean arreba gazteari–. Zer, bai ala ez?

* * *

Egoera berriro ere kontrolpean zuela iruditu zitzaionean, Irenek gorputza biratu eta leihoaren
markoaren gainean jarri zuen ipurdia, hankak luze gurutzatu eta begirada koadroetan finkatu
zuen. Oker zegoen berriro ere erdikoa. Astiro, Estherren atzealdetik zeharkatu zituen
bulegoak zabalean zituen dozena bat pausoak, eta zuzendu egin zuen margolana. Eserita
zegoen emakumearengana hurbildu eta bere parean gelditu zen.
—Bi alaba txiki dituzula esan didazu?
—Bai, baina…
Esku imintzio batez eten zuen Estherren azalpena, haren lepoaldeko giharrak tenkatzen
nabaritu zituen.
—Ez dizut gezurrik esango: kezkatu egiten nau horrek. Arreta handia eskatzen dute
haurrek. Zertan egiten du lan zure bikotekideak?
—Bananduta nago.
—Bananduta, ados. –Marka bat egin zuen paperean–. Eta zer moduzko harremana duzue
orain?
—Barkatu, ez dut lotsagabea izan nahi, baina zertan eragiten dio horrek nire lan
moduari?
—Uler bedi gure enpresa etengabe aurreratzen zaiola etorkizunari, eta horrek asko
estutzen du. Eskarmentua dudalako esaten dizut laneko presio eta erritmo honekin bizi ahal
izateko beharrezkoa dela oreka emozional sendoa izatea.
—Bi urte dira banandu ginela baina ondo konpontzen gara. Prest nago lanpostu honek
eskatzen duen exijentzia mailari aurre egiteko.
—Ados, ondo dago hori.
Estherren curriculuma arretaz irakurtzeko une bat hartu zuen Irenek. Beste hautagaiek
baino formakuntza borobilagoa zuen, espezifikoagoa eta lan-eskarmentu apur bat handiagoa.
—Lanpostu hau lortuko bazenu, zeintzuk izango lirateke zure helburuak, lehentasunak,
epe-laburrera?
—Neure onena eman nahi nuke hasiera-hasieratik.
—Primeran, Esther. Orain ezaugarri batzuk aipatuko dizkizut binaka, eta zuk bat
aukeratu behar duzu. Zure burua non kokatuko zenukeen, alegia. Ulertu duzula egiaztatzeko
adibide bat jarriko dizut lehendabizi, ados? Ea ba, ezkerra edo eskuina zara?
—Eskuina.
—Erraza, ezta? Hasi egingo gara orduan. Erabakitzailea edo kolaboratzailea zarela
esango zenuke?
—Erabakitzailea.
—Apurtzailea edo neurritsua?
—Neurritsua.
—Arrazionala edo intuitiboa?
—Barkatu berriro, baina ez zait iruditzen aurkako ezaugarriak direnik, egoeraren arabera
batean edo bestean kokatuko nuke neure burua.
—Intuitiboa, orduan.
—Ez dut halakorik esan.
—Arrazionala? Bata edo bestea aukeratu behar duzu.
—Intuitiboa.
* * *

—Nik ez dut berde-urdina gustuko, Alex. Ez datoz bat.


—Konbinazio txarra dela diozu? Noiztik zara zu modan aditua, arrebatxo?
—Zenbat aldiz esan dizut niri arrebatxo ez esateko! Zu bezain luzea naiz dagoeneko!
–Ukabilarekin kolpea eman zion Irenek kamaradari.
Lasterketan elkarrekin parte hartuko zutela erabaki zutenetik ia egunero entrenatzen
ziren, eta atseden hartzen zuten arratsaldeetan lasterketarekin zerikusia zuen zerbait egiten
zuten: ondorengo entrenamenduak planifikatu, denborak aztertu, jatordu egokiak diseinatu…
—Nire ekipazioa betidanik izan da berde-urdina, badakizu, eta buru erdi bat falta zaizu
oraindik ni harrapatzeko!
—Diozun bezala zure ekipazioa berde-urdina izan da betidanik, baina oraingoan ez zara
zu, gu baizik; eta gure ekipazioa gorri errusiarra izango da.
—Zure esanetara, Íshchenko!

* * *

—Lehiakorra edo produktiboa?


—Produktiboa.
—Irmoa edo aldakorra?
—Malgua esango nuke aldakorra baino.
—Ados. Azkeneko ezaugarri parera iritsi gara: gidari edo kopilotu?
—Gidari.
—Elkarrizketarekin bukatzen ari gara, Esther. Ur apur bat gehiago ekartzerik nahi?
—Ez, mila esker.
—Amaitzeko, lanean gerta daitezkeen hiru egoera deskribatuko dizkizut eta zuk horien
aurrean nola jokatuko zenukeen jakin nahi nuke. Ulertu duzu? Tira, pentsatu eta hartu
erantzuteko behar duzun denbora.
»Demagun gaur arratsaldean amaitzen dela zure lan-taldeak entregatu behar duen
proiekturako epea eta lankideetako batek ez duela bere atala bukatu edo gaizki egin duela.
Zer egingo zenuke?
Lasterketa baino astebete lehenago gertatu zen istripua. Itzulipurdizko biraketak fintzen
ibili ziren arratsaldeko entrenamenduan, Irene gogaitzeraino. Istant bakoitza,
segundo-hamarren bakoitza garrantzitsua zela errepikatzen zuen Alexek: Ez du onenak
irabazten, prestatuen dagoenak baizik! Irenek ez zuen etxeko telefonoa entzun goizeko
seietan, amaren garrasi hautsiak esnatu zuen. Gidaria ez beste guztiak hil ziren.
—Primeran. Bigarren egoera orain: atseden gelara sartu zara mokadu bat egitera eta ikusi
ezin duzun lankidea bakarrik dago bertan. Nola jokatuko zenuke?
Istripuaren ondorengo ordu eta egunetan gertatutakoen oroitzapenik apenas zuen Irenek;
ur uherretan egindako esprint bat, bere bizitzako azkarrena, baina kamera geldoan gertatu
zena. Hiletako istantanea batzuk baino ez zituen gogoan: bainu-jantzi eta txano berde-urdinak
hilkutxaren gainean, aitaren belaunen dardara eta Esther. Esther gurpildun aulki batean,
igeltsua hanka eta beso banatan, aurpegia arrasta eta zauriz beteta, negarrez.
—Ongi, mila esker, bukatu dugula uste dut.
—Hiru egoera deskribatuko zenituela esan didazu… Bat falta da.
—Aski informazio bada aurreko erantzunetan eman didazuna, ez da beharrezkoa izango
hirugarren egoeraren planteamendua. Lanposturako hautatzen bazaitugu, jasoko duzu gure
deia.
ITSASO ZURIA
Amonak galdetu dit ea zergatik egon nahi dudan gaur ere aitaren zain gosaltzen hasteko. Nik
sorbaldak goratuz erantzun diot, eta sofako mantaren azpian ezkutatu naiz gehixeago. Egia
esatera ausartzen ez naizelako. Aitak iragazki bat erabiltzen du nire ColaCao katilura
esne-gainik ez erortzeko, eta aran-marmelada gehiago ipintzen dit galleta bakoitzean.
Amonaren etxean egiten dut lo amarena gertatu zenetik, Peitzenean.
Agian, esan beharko nuke amarena gertatu zenetik amonaren etxean bizi naizela.
Baina tristeegi jartzen nau horrek.
Horregatik esaten diet galdetzen didaten guztiei bertan lo egiten dudala.
Erantzun horrek gertuago mantentzen nau dena gertatu aurreko garaietatik.
Aitak ospitalean igarotzen du gaua, eta gosaltzeko orduan etortzen da. Eskolara eramaten
nau eta ospitalera joaten da atzera. Gure etxean bizi ginenean, amarena gertatu aurretik,
lagun- eta guraso-talde batekin joaten nintzen eskolara patinetean; amonaren baserria, berriz,
herritik aparte dago eta aitak eraman behar izaten nau autoan. Bera amarekin egon ahal
izateko jangelan bazkaltzen hasi naiz, gainera; hala ere, ez naiz horretaz kexatuko, jateko
goxoa ematen dute eta lagunekin jolasteko denbora gehiago izaten dut eguerdian. Beharbada,
ama sendatu ondoren, gure etxera bueltatzen garenean, jangelan bazkaltzen jarraitu nahi
dudala esango diet.
Sukaldeko txapa gainean bizi den kafeteraren eztanda txikien soinuarekin batera entzun
dut sarrerako atea irekitzen. Orain ere marmarrean, ama?, esan dio aitak ahots jostariz, beso
artean galdu natzaio ni. Zahartzen ari nauk, Edu, zahartzen, erantzun dio amonak kafeteratik
isuritako kafea trapu busti batez lehortzen duen bitartean. Hik entzungo huen, ba, kafetera
pla, pla, pla?, bota dit jarraian niri. Sorbaldak goratu ditut berriro. Entzun dut, bai, ez zait
burutik pasatu ere egin, ordea, abisatu behar nionik. Aitari begiratu diot, eta begi-keinu batez
lagundu duen irribarreak asko lasaitu nau.
Ez dakit zer duen amonak beti haserre antzean egoteko. Amak esan zidan amonari
gaztetan ez ziotela haserre egoten uzten, ez berari ezta beste neskei ere, eta orain ari zaizkiola
orduko zaputzaldi guztiak ateratzen.
Hemen bizi naizenetik, kafe egin berriaren usaina asko gustatzen zaidala deskubritu dut.
Gurean ez da kaferik hartzen. Osasunarentzat txarra dela esan zidan amak; eta, goxokiak eta
txokolatea bezala, noizean behin bakarrik hartzea komeni zela. Aitak, orduan, esan zidan
amak arrazoi zuela, baina amarena gertatu zenetik goizero hartzen du kafea Peitzenean. Aita,
jan dezaket txokolate pixka bat?, esan diot amonak kikara bete kafe mahai gainean jarri dion
unean. Ezta pentsatu ere!, erantzun dit barrezka, ezta txistea egin banu ere. Batzuetan, ez dut
ezer ulertzen. Neure burua hobeto azaldu nahi nuen, baina amona aurreratu zait eta galdetu
dio ea zer moduzko gaua izan den.
Isilik eta erne gelditu naiz orduan.
Nire gosariari begira, disimuluan.
Ohartu bainaiz aurpegira begiratzen ez badiet, beste zerbaitetan pentsatzen ari naizela
uste badute, amari buruz gehiago hitz egiten dutela nire aurrean.
Ez didate ama ikusten uzten. Aitak esaten dit gaixotasun kutsakor bat duelako dela. Ez
dakit, ba. Sara nire lagunaren aitonak gaixotasun kutsakor bat izan zuenean, bisitatu ez, baina
telefonoz hitz egiten zuen berarekin. Eta nik ezin dut amarekin telefonoz hitz egin. Aitak esan
zidan amak eztarria ere gaixo duela eta horregatik ezin didala telefonoz deitu. Senak esaten
dit ez kosk egiteko amuari, aurreko batean aitari telefonoz entzun bainion esaten medikuek
oraindik ez dakitela amari zer gertatzen zaion.
Gauza asko esaten ditu aitak telefonoz.
Gaur, nire atsekaberako, berehala bukatu dute, gaua ona izan dela besterik ez dio esan
aitak. Amona mahaitik altxatu da sukaldeko sutara beste mukur bat sartzeko. Kafetera txapa
gainean utzi du atzera. Aitak, begietara begiratu, eta beste galletarik nahi dudan galdetu dit.
Irribarrea behartu egin duela iruditu zait oraingo honetan. Argazkietarako nik egiten dudan
bezala. Nola egiten dira buruko probak?, galdetu diot itsumustuan. Ia erori zaio eskuetatik
marmeladaz beteriko galleta, eta ustekabean zabaldu zaizkion begietako amildegia
disimulatzen saiatu da. Antzeko aurpegia jarri zuen aitona hil zenean Noiz hasten gara
hiltzen? galdetu nuenean. Eta, orduan egin zuen bezala, galdera batekin erantzun dit gaur ere:
Zergatik galdetzen duzu hori? Kargu hartzen dit nik gauza bera egiten badut: Galdera bati
ezin zaio beste galdera batekin erantzun. Edukazio txarrekoa da. Horregatik jakiten dut, berak
horixe egiten badu, galdetu behar ez nuen zerbait galdetu dudala.
Berdin zait.
Amari zer egingo dioten jakin nahi dudalako. Atzo telefonoz norbaiti esan zenion buruko
proba gehiago egin behar zizkiotela! Burua jaitsi dut, negarrari eusteko. Ordea, malko gehiegi
igo zaizkit sabeletik begietara, eta tantatxoek pijama-prakak nola bustitzen dizkidaten ikusi
dezaket. Berehala, aitaren beso artean aurkitu dut neure burua. Erantzunik gabe. Baina
babesean.

Nire ama ez dago erotuta, esan diot Josetxori ukuilua etxearekin elkartzen duten
eskaileretatik.
Amonaren ukuilua erabiltzen duen auzoko artzaina da Josetxo, Barbarenekoa. Aitona hil
zenetik ez dago etxe-abererik Peitzenean, eta abeletxe hutsak gizaetxea hozten duela dio
amonak. Horregatik, muturra okertuta, baina Josetxori alokatzea erabaki zuen bi axuri
xixtrinen truke.
Sukaldean nengoela entzun dut haren autoa iristen, eta korrika batean jaitsi naiz. Barruko
egurrezko eskaileratik jaisten naiz ia beti. Josetxo, ordea, kanpoko ate nagusitik sartzen da,
amonaren sukaldetik igaro ere egin gabe.
Horixe ez dagoela erotuta, erantzun dit, bere lanak egiteari utzi gabe. Ukuiluak hiru gune
nagusi ditu: ardientzako bi itxitura handi eta korridore bat. Iritsi naizenean, azaldu dit axuri
txikiak jaiotzen hasi direla eta ardientzako gune horietako batean gela txiki gehiago egin
behar dituela. Ardi eta axuri batzuek habitazio pribatuak behar dituztelako. Zera ere esan dit:
ardi batzuek ez dituztela maite beren kumeak, eta horrelakoetan, beste ardiren batek
maitatzea lortu ezean, biberoia eman behar izaten zaiela.
Niri amak biberoia eman zidan txikitan, baina badakit maite nauela; pertsonak eta ardiak
desberdinak dira horretan. Nolanahi ere, asko gustatzen zait axuriei biberoia ematea, Josetxok
beretzat lan nekeza dela errepikatzen duen arren.
Lehen aldia da nire amaz hitz egiten diodana.
Amarena gertatu zenetik, ez dut inorekin hitz egin horri buruz.
Lagunek esan didate buruko probak egin behar badizkiote burutik jota dagoelako dela.
Josetxo, esku arteko ohol luzea lurrean utzita, nigana hurbildu da. Gustuko dut Josetxo. Goxo
hartzen nau beti, esaten dudana esaten dudala ere. Ardi-gorotzetan itsatsitako lasto txikiz
beteriko katiuska egurrezko maila batean pausatu, eta tolesturiko belaunean bermatu ditu
eskuak. Eta zuk zer esan diezu?, galdetu dit begira-begira. Nire ama ez dagoela erotuta,
erantzun diot, begirada haren katiuska zikinean jarriz. Horixe ez dagoela erotuta, errepikatu
du, eta lanera bueltatu da.
Asko haserretu naiz gaur Sara eta Kaiarekin ikastolan. Ezkutaketan ari ginen gustura, eta
aurkitzen ez nindutela eta, adostutako mugetatik kanpo ezkutatu naizela aurpegiratu didate.
Ezetz nik. Baietz haiek. Ezetz. Baietz. Ezetz. Baietz. Tranpetan ari zirela leporatu diet,
aurkitu ezin nindutelako. Nire ama bezala burutik jota nagoela erantzun dit Kaiak. Nire ama
ez dago erotuta. Erotuta ez badago, orduan zer gertatzen zaion esateko eskatzen zidaten behin
eta berriz. Ez nuen erantzunik. Ez dakizue ezer, esan diet. Etxean entzuten duguna dakigu,
erantzun didate orduan.
Asko haserretu naiz.
Aitarekin ere haserre nagoela uste dut orain.
Ez didalako kontatu nahi amari zer gertatzen zaion.
Badatoz Josetxoren ardiak barrura. Eskerrak. Hotzak nengoen. Ardiak barrura sartzean,
berehala berotzen da ukuilua. Ardi-usaina belar lehorraren usainarekin nahasten hasi zait
sudur-zuloetan. Gero eta ezagunagoa egiten zait usain hau. Desatsegina zitzaidan hasieran.
Nirea balitz bezala da orain. Etxekoa.
Baina ez dut nahi.
Neure etxera itzuli nahi dut.
Amarekin.
Josetxo agurtu gabe, binaka igo ditut eskailerak, eta gelara sartu naiz negar egitera.

Gaur ez naiz joango ikastolara! Ama ikus dezakedala esan dit aitak. Azkenean!
Ospitalera iritsi garenean labirintoaren jolasa egin dugu lurreko marra urdin bati jarraituz.
Mantal zuriz jantzitako gizonezko batengana iristea zen helburua, ez edozein mantal
zuridunengana, ezpada Fer izeneko batengana. Aurkitu dugunean, aita Ferrekin hitz egiten
geratu da korridorearen
erdian. Ama ikusi nahi dut. Ez zait gustatzen ospitaleko usaina. Bazter guztietan amonak
garbiketarako erabiltzen duen likidoa zabaldu dutela dirudi.
Mostradore baten gainean ikusi ditudan lore batzuetara hurbildu naiz, horiek usaindu eta
nire sudurra berriro ere pozik jartzeko. Altuegi daude. Mostradore atzeko emakumeak globo
bat nahi dudan galdetu dit. Ez dit ilusio berezirik egin baina, aitak berriketan jarraitzen
duenez, baietz esan diot. Gomazko eskularru bat puztuta egin du globoa, eta irribarretsu eman
dit. Ez dut gustuko haur txiki bat banintz bezala hitz egitea niri. Gainera, globo izatera iristen
ez den gomazko eskularru honek oso usain txarra dauka baita ere.
Aitona zahar bat atera dute gela batetik gu gauden korridorera. Gurpildun ohe batean
etzanda dago. Gurpildun aulkiak ezagutzen nituen; ez, ordea, gurpildun oherik. Sarak eta
Kaiak ere flipatu egingo dute. Aitona triste dagoela ematen du. Gertu nagoen arren, ez dit
begiratzen, sabaira begiratzen du denbora guztian. Esna-baina-lo dagoela ematen du. Kaiak
esan zidan bere anaiak batzuetan begiak irekita egiten duela lo. Lo egongo da agian.
Gizon bat etorri da eta oheari bultzaka hasi zaio. Gurpilek kirrinka egiten dute, ñi-ñi-ñi,
amonaren sukaldeko suaren burdinazko atetxoak bezala.
Aitak gizon horrekin hizketan jarraitzen du. Fer. Fernando. Fermin. Ez dut Fer hizkiez
hasten den izen gehiagorik ezagutzen. Fernando aurpegia du Ferminena baino gehiago. Ama
ikusteko irrikaz nago. Gela hauetakoren batean egongo ote da? Aitona atera duten gelako atea
erdi irekita dago eta lurreko marra urdinaren gainetik ekilibristarena eginez hurbildu naiz, eta
burua sartu dut. Ez dago inor. Makina eta pantaila pila bat daude, eta usain arraroa, baina ez
dago inor.

Dardarka ditut belaunak. Egun hartatik ez dut ikusi ama, eta oso urduri jarri naiz bat-batean.
Hala ere, logela batera joan beharrean, gela arrunt batera sartu gara, bi sofa eta mahai txiki
bat dituen batera. Beste behin ere ez dut ezer ulertzen. Mantal zuriko emakume bat sartu da
gure atzetik, eta atea itxi du.
Ama non dagoen galdetu diot aitari. Makurtu, niri eskuetatik heldu, eta begietara begira
hasi zait hizketan. Gorroto dut zerbait esateko bi eskuetatik heltzen didanean, gustatuko ez
zaidan zerbait izango den seinale. Ama geroago ikusiko dugu. Orain mediku hauekin hitz
egin behar duzu eta arratsalde hartan gertatu zena kontatu. Buruarekin ezezko keinua egiten
hasi naiz. Ez diet bi hauei ezer kontatu nahi. Nik ama ikusi nahi dut. Sendatzea nahi duzu,
ezta? Asko lagunduko diozu horrela. Mesedez.
Hankak zintzilik uzten dizkidan sofa handi batean eseri naiz, begirada lurrean finko.
Denak niri erne daudela nabaritzen dut. Non zaude ama, zu ikustera etorri naiz. Beren izenak
esan dizkidate bi mantalzuriek, Virginia eta Fer, eta medikuak direla azaldu didate. Hori
banekien. Jateko zerbait nahi dudan ere galdetu didate. Eta, ezetz erantzun diedan arren,
txokolatezko batido bat atera du poltsikotik Virginia izeneko medikuak. Zer moduz nagoen
galdegin dit ondoren.
Ama ikusi nahi dut.
Aitak sorbalda laztandu dit, baina Virginia izeneko medikuak ezer entzun izan ez balu
bezala jarraitu du. Bere betaurreko biribilen atzetik mintzatu zait, nire adinerako oso neska
altua naizela, eta balleteko dantzari gorputza daukadala. Gustatu zait Virginia. Egun hartan
egin nuena kontatzeko eskatu dit orduan, goizean altxatu nintzenetik amarena gertatu zen
arte. Oso urduri jarri naiz. Ez dakit zer egin nuen nik egun hartan, amaren irudia da burura
etortzen zaidan gauza bakarra:
Amaren txaketa hondarretan erortzen,
ama biluzten,
ama uretan aurrera eta aurrera egiten.
Zer gosaldu zenuen egun hartan?, galdetu dit orduan Fer izeneko medikuak. Erantzun
hori badakit eta lasaiago sentiarazi nau horrek, egunero esnea galletekin gosaltzen dudalako.
Gure etxeko sukaldea ikusi dut orduan, eta uste dut egun hartako goiza izan daitekeela
gogoratu dudana. Ikastolako atarian ama agurtu artekoa azaldu diedanean, Fer izeneko
medikuak galdetu dit ea ama normal zegoen goiz hartan. Esan nizuen, gaineratu du aitak,
baietz erantzun dudanean.
Pixkanaka, gogoratu nahi ez dudan une horretara iritsi gara, eta dena kontatu behar izan
diet.
Negargura daukat, baina ez zait malkorik ateratzen.
Biluzten hasi aurretik zerbait esan zizun?, Virginiak.
Ez, uzkur-uzkur eginda nik.
Neronek hautsi dut jarraian egin den isilunea.
Nire ama erotuta dago?
Ez! Nola ba, esan dit berehala aitak, amatxo gaixo dago, oraindik ez dakite zehazki zer
duen; baina sendatuko da.
Aitak hitz egin duen arren, nik Virginia eta Fer izeneko bi medikuei begiratu diet, eta
haiek buruarekin egiten ari diren baiezko keinuetan katigatuta geratu naiz.

Peitzenean larunbatak eta asteko beste egunak ez dira bereizten. Kafetera betiko lekuan,
pla-pla-pla, eta ñi-ñi-ñi mukur bakoitzeko ekonomikako atetxoak, irratia bolumen berean,
molestatzeko lain baina ez diot ulertzen, leihotik ikusten ditudan zuhaitzek kolore bera dute,
ez zaie hostorik aldatu, mugitzen ditu haizeak alde batera eta ondoren beste aldera, alde
batera eta bestera, ze inporta zaie zuhaitzei larunbata edo asteartea den, ze inporta zaio beti
hutsik dagoen hormigoizko bideari.
Amesgaiztoak izan ditut bart: Ama itsasora sartzen biluzik eta ama itsasoan desagertzen
eta ni amari garrasika. Zutitu eta haren bila joan nahi nuen arren, hondarretan itsatsirik nituen
hankak, eta ezin nintzen mugitu. Bat-batean, ospitaleko ohe bat azaltzen zen ur-azalean, eta
ama bertan etzanda. Hilda. Negarrez esnatu naiz orduan, eta, lasaitu ondoren berriro loak
hartzean, amesgaizto bera errepikatu zait. Ostera negarrez esnatu naizen arte. Amona ez da
etorri ni lasaitzera. Gure gelak ez daude elkarrengandik gertu, eta ez ninduen adituko.
Ama lo zegoen atzo bisita egin genionean. Aratinik etzanda, besoak eta hankak luze, ez
zitzaion ile bakar bat ere mugitzen. Amesgaiztoan bezala. Hilik ote zegoen? Aitak esan zidan
sendatzeko lo asko egin behar duela eta medikuek lo egiten laguntzeko botikak ematen
dizkiotela.
Gu han geundela esnatuko zen esperantza neukan.
Masailean muxu eman nionean, ni bertan nengoela nabaritu eta, etxean egin ohi zuen
bezala, besarkada batean bilduko ninduela pentsatu nuen.
Zakur-ametsak deitzen die amonak betetzen ez diren ametsei.
Gosaritan, amona komunera joan den tarte batean, aitak beregana hurbiltzeko keinua egin
dit. Haren beso artean, gaueko amesgaiztoa kontatzeko gogoa izan dut. Gaur lotan nirekin
geratzeko eskatuko diot, amonaren etxeak beldurtu egiten nau gauez, eta egunez ere bai pixka
bat. Medikuek badakite amatxori zer gertatzen zaion, esan dit belarrira. Inori ez kontatzeko
agindu didate, oso gauza bitxia baita, baina zuk gordeko duzu sekretua, ezta? Baiezkoa egin
diot buruarekin, nire belarria bere ahotik gertu. Amonak ere ezin du jakin, ados? Zin egin
diot, eta aitaren begi handiei erne geratu naiz. Ingurura begiratu du, eta gozo mintzatu zait:
Amatxo itsaslamina da. Denbora gehiegi darama uretatik kanpo bizitzen, eta horregatik dago
horrela. Isilik geratu naiz eta hitz egiten jarraitu du aitak.
Gizaki bihurtu zen, badakizu laminak izaki magikoak direla. Baina ez zen sekula itsasora
itzuli. Elkar ezagutu eta maitemindu egin ginen, eta lamina zela ahaztu zitzaion.
Ez dut sinesten, esan diot neure desioaren kontra.
Hara! Gezurrik esan al dizut nik sekula?, erantzun dit aitak, serio. Aurrekoan, itsasoa
deika hasi zitzaion, itzuli egin behar zuela esanez, eta horregatik egin zuen egin zuena.
Sorginduta zegoen.
Joan egingo da orduan? Utzi egingo al gaitu?, galdetu diot, larrituta.
Ez, ez, nola ba!
Aitak zerbait gehiago gaineratu behar zuela iruditu zait, baina amonaren pausoak entzun
dituenean erakuslea ezpainetan jarri eta, irribarrez, gosaltzen jarraitu du.
Leiho ondoko aulkian eseri naiz eta handik egon natzaio begira. Amonarekin egin
beharreko erosketez mintzatzen ari da, alai dagoela dirudi. Lamina? Laminak ez dira
existitzen. Aitak ez lidake, ordea, adarrik joko kontu honekin. Amona, mahaia trapu
bustiarekin garbitu, eta apurrak harraskapeko zaborrontzira botatzeko jiratu denean, aitak
begi-keinua egin dit. Ama ez dago erotuta, sorginduta zegoen. Amarena gertatu eta triste jarri
nintzenean tripetan jaio zitzaizkidan zorriak nabaritzeari utzi diot une batez, baina berehala
itzuli dira.
Leihotik barrena Josetxo ikusi dut etortzen, eta ziztu bizian hartu dut ukuilurako bidea.
Axuriren bati biberoia ematen utziko ahal dit!

Lehen baino argalago dago.


Hori da ama amonaren etxeko atetik sartzen ikusi dudanean pentsatu dudan lehen gauza.
Aitak esan dit tarte batean amonaren etxean bizitzen jarraituko dugula, amatxo indartzen den
arte. Ez zioten batere janari goxoa emango ospitalean. Aitak ez al die esan zenbat gustatzen
zaion oilasko errea? Txokolatezko bizkotxoa? Ziur berehala berreskuratuko duela edertasuna.
Nire ama beti izan da ezagutzen ditudan ama guztien artean ederrena, eta orain badakit
zergatik. Josetxok esan dit itsaslaminak ederrak direla, marinelak sorgintzen dituztela beren
edertasunarekin eta ahots eztiarekin. Aitak beti esan izan du amak sorgindu egin zuela, kolpez
maitemindu zela harekin, ikusi zuen lehen unetik.
Josetxori kontatu egin nion. Banekien sinetsiko zidala eta isilean gordeko zuela. Ama
lamina baldin bada, orduan, ni erdi-lamina naizen galdetu nion. Ez zekien, arrain kontuak ez
zituela kontrolatzen erantzun zidan. Txantxak aurpegi serioarekin egiten ditu Josetxok. Hala
naizela uste dut nik, erdi-lamina, horra zergatik dudan halako abildadea urpean aguantatzeko
arnasarik hartu gabe! Tranpa egiten nuela esaten zidaten Sarak eta Kaiak, eta haserretu egiten
nintzen. Ez naiz gehiago suminduko, apropos tranparik ez dut egin, baina arrazoi pixka bat
bazuten akaso.
Atea irekitzearekin, besarkada ematera joan natzaio lasterka, baina ama ez da makurtu.
Berokitik tira egin diot eta harrituta bezala begiratu dit. Makurtu egin da. Nik besarkada
estu-estua eman diot, berak indar gutxirekin estutu nauela iruditu zait, ordea; baliteke indarra
galdu izana argaltzean. Laminei buruzko galdera sorta bat egin diot, azkar-azkar, bata
bestearen atzetik, hain azkar ere arnasestuka bukatu dudala. Eskuetatik heldu dit, eta
aurpegira begira egon zait, baina ez dit erantzun bakar bat ere eman. Arraro dago. Beste
pertsona bat dela dirudi. Bera da, bere eskuak dira, bere bularra, bere begiak, bere ile luze
leuna, bere sudurra. Eskolako gauza batzuk kontatzen hasi naiz orduan, aitak «nahikoa,
laztana» esan didan arte, amak deskantsatu egin behar duela eta lasai utzi behar dugula.
Eta nigandik berriro banatu eta logelara eraman du.
Ez dakit aitak zergatik uste duen ama ni gabe hobeto sendatuko dela.

Josetxo etorri zait bila ikastolara, zeharo harritu nau horrek. Autoan sartu eta begiekin
galdekatu dut. Aitak zure ama zaintzen geratu behar izan du, esan dit, eta, nire estutasuna
nabaritzean, gaineratu du: Lasai, ondo dago. Ez diot erantzun, hitz egiteko gogo guztia joan
zait eta. Berehala ulertu du nola sentitzen naizen, eta berak ere isilik egin du etxerako bidea.
Horregatik gustatzen zait Josetxo.
Bi aste joan dira ama itzuli zenetik, eta ez da ia altxatu ohetik. Muxu ematen diot goizero
ikastolara joan aurretik, muxu arratsaldero eskolatik etxerakoan; baina apenas egiten didan
hitzik. Eta zerbait esaten duenean, ez diot ondo ulertzen. Batzuetan uste dut nor naizen ere ez
dakiela, edo bera nor den ez dakiela, eta horrek izugarri triste jartzen nau. Aitak dio hartzen
ari den botikengatik dela, Lamina izateari uzteko farmakoak, dio, betirako gurekin bizi ahal
izateko. Baina ez dakit botika horiek ondo funtzionatzen duten. Amaz gain, aita eta biok ere
triste gaude orain. Aitari behin baino gehiagotan esan diot agian itsaso azpian bizi gaitezkeela
hirurok, baina hasi orduko ezinezkoa dela esaten dit, ez dagoela hori egin dezakeen magiarik;
zakatzen ordez birikak dituela berak eta erdi-lamina naizela ni, ez lamina osoa.
Amonaren etxera iritsi baino ehun bat metro lehenago ikusi dut aurrez aurre anbulantzia,
zuria, erraldoia. Bidea estua denez, autoa albo batera baztertu behar izan du Josetxok. Esku
bat jarri dit belaun gainean; nik ezin ditut begiak apartatu ibilgailu zuri madarikatu horretatik,
ama berriro lapurtuko didan munstro gurpildun horretatik.
Anbulantzia poliki-poliki igaro da gure ondotik; gidariak esker-oneko keinua egin dio
eskuaz Josetxori autoa baztertzeagatik. Aita anbulantziaren atzetik doa bere autoarekin, eta
aurpegiera aldatu zaio kopilotuaren eserlekuan ni ikusi nauenean. Ondo baino hobeto ikusi
ahal izan dut nola lehortzen zituen bi begietan behera erortzen zitzaizkion malkoak.
Aitaren autoa gure parera iritsi baino lehentxeago, amorrua borborka nabaritu dut
barrenean. Sumendi baten antzera atera nahi du nire gorputzetik. Atea ireki eta salto batean
jaitsi naiz. Josetxok nire izena oihukatu du. Aita ere autotik atera da eta niri deiadarka hasi.
Baina dagoeneko aldapan gora noa korrika.
Gezurra esan didazu!, oihukatu dut atzera begiratu gabe.
Gezurra, gezurra, gezurra.
Hitz hori behin eta berriz errepikatuz egin dut lasterka amonaren etxerainoko bidea.
Barreneko sumendiaren labak gorputzeko atal guztiak erre dizkit. Une batetik bestera ahotik
sua aterako zaidala iruditzen zait.
Gezurra Josetxok, gezurra aitak, gezurra medikuek.
Denak ari zaizkit gezurretan.

Arnasestuka iritsi naiz ukuilu-atarira, eta bi eskuak belaunetan jarri behar izan ditut orekari
eusteko. Negar eta negar hasi naiz, begietako malko guztiak bota beharrean. Nire amarekin
egon nahi dut. Bost axola zait lamina edo krokodiloa den, baita burutik eginda dagoen ere;
berarekin egon nahi dut lehen egoten ginen bezala.
Halako batean, zerbait nabaritu dut hanka artean. Lurrera begiratu eta nire zapatiletako
lokarriei hozkaka ari zaien axuri txikia hartu dut besoetan. Ukuilura begiratzean, nire
ezustekoa!, ama ikusi dut atean ihes egin berri duen axuriari begira. Pijama arrosa marradun
bat darama soinean, oinutsik dago.
Nahastuta nago erabat. Atzera begiratu dut, Josetxok eta aitak zutik jarraitzen dute
errepide erdian.
Anbulantzia. Ez da ama, beraz, anbulantzian doana.
Lasterka hurbildu naiz berarengana, eta lurrean utzi dut axuria. Kotoizko bolatxo txikiak
ziztu bizian zeharkatu du itxituraren bazter batean dagoen zuloa eta artaldearen erdian kukutu
da. Ama eta biok begiradaz jarraitu diogu eta irribarre txiki bat ikusi ahal izan diot aurpegi
zargalduan. Eta orduan zerbait esan duela aditu dut, dagoeneko ezaguna zaidan ahots hari
mehe ahul batez:
Lili.
Bai, ni naiz, ama, Lili, hemen nago, erantzun diot goxo-goxo.
Hura gertatu zenetik nire izena esaten duen lehen aldia da, eta horrek zerbait ona izan
behar du, seguru.
Isilik geratu da berriro artaldeari begira, hotzez dardarka dago. Eskutik heldu diot, eta,
poliki-poliki, eraman dut ukuilu barrura. Ardien itxitura zabaldu dut kontu handiz, eta, pauso
txikiak emanez, artaldearen erdian babestu gara biok. Bi eskuetatik heldu eta begietara begira
esan diot:
Begira zein ederra den itsaso hau, ama.
Besoetatik tira egin, eta makurtu egin gara biok. Hantxe geratu gara bildu-bildu eginda,
korapilatuta, itsaso zuri epelaren uhinen artean.
EPIZENTROA
—Zelako jatun txarra zen Beatriz ere –Bearen amak Joni.
—Ez horrekin hasi, ama. –Bizkarra emanez mintzatu zaio Bea harraskatik–. Buruz dakigu
hiru egun ezer jan gabe igaro nitueneko kontakizun hura. Eta mesedez, ez ezazu ere esan,
Xuban ez baita jatun txarra.
Jon edalontzi baten bila jaiki da eta bizkarra laztandu dio emazteari.
—Hiru babarrun janda egin du-eta mahaitik alde, zergatik ez dizkiozu purean jartzen?
—Aski da ama, benetan.

* * *

Beari orgasmoak ez zaizkio goraino iristen. Nola datorren nabaritzen du, betiko lez, goraino
ailegatzen zitzaizkionean bezala, berdin-berdin. Aluan metatutako beroa dantzan, presio
jasanezina eta, danba, leherketa. Plazera gorantz, alutik sabelera; plazera beherantz,
izterretara. Baina, diafragmaren parera iristean gelditu eta desegin egiten zaio derrepentean.
Eta kito. Endorfina latzaldia hesteetan triskaturik.
Habitatzen ez duen gorputz bat duela sentitzen du une horretan, belaunetan hasi eta
bularretarainokoa. Saihetsak haztatzen ditu batzuetan, patriketan galdutako txanponak nola
plazera hatz mamiekin ukitu nahian. Klitorira jotzen du noizik behin, bakarrik baldin badago;
suspertze mugimendu errepikakorrak etsi-etsian, plazer-ponpatzaileari erreguka.
Saiakera bakoitzaren lehen unetan, begiak ixten baditu, iraganeko orgasmoen oroitzapen
lausoa pizten zaio eta, harekin batera, sabeleko hesia eraisteko itxaropena. Ezin garirik eskatu
zumarrari, esaten zion aitak istriborreko ur beltzak okaz zuritzen zituen bakoitzean. Ez garirik
ez orgasmorik, antza denez.

* * *

Xuban goiz lokartzea lortu du, azkarrago hartzen du lo bular bat zupatzen dion bitartean beste
titiburua marruskatzen uzten badio. Txikiaren gelatik atera bezain laster entzun du Jonen
erreklamoa, ohatzean dauka zain. Miazkada eta igurtzi gehiago. Erditu zenetik, zaila egiten
zaio bularrak sexu-harremanean kokatzea: sentsibilitatea galdu du titipuntetan, aita eta
semearen laztanak ez zaizkio elkarrengandik oso desberdinak egiten. Normala dela irakurri
du sarean; besterik gabe pasatuko dela batzuek, iraunkorra dela besteek. Aurki beteko ditu
Xubanek bi urte.
Ia oharkabean joan zaio larrualdia, bidean zen orgasmoaren hedadurak kezkatuta. Betiko
lekuan eten zaion arren, normaltasuna antzeztu du. Nahi gabe egiten du, antzeztearena. Jonek
ez du saioa bukatutzat ematen biak korritu diren arte. Zinez eskertzen du jarrera hori, baina
berebiziko sexu-grina izaten du Jonek, eta nekatuta egoten da Bea gehienetan. Horregatik,
arrazoizkoagoak zaizkio baiezko itxuratuak ezezko ozpinak baino. Errudun sentitzen zen
hasieran, maitasun adierazpen gisa bizi du orain; hasi berritan nobioarekin eta haren
alabarekin izotzetan patinatzera joatea edo aitaginarrebaren txiste jator matxistei barre egitea
bezala.
Komunean alua lehortu eta pijama jantzi ondoren ahoz gora etzan da. Ondoko gorputz
kartsua besarkatuko luke, haren izerdi usainetik edan, baina, eskutik heldu dio: bero egiten du
eta ez du gustura hartuko. Betidanik iruditu zaio hotzegia larrua jo osteko haren jarrera
absentea. Esku-barrena ferekatu dio Jonek. Orgasmoekin gertatzen zaiona kontatu nahiko
lioke, luzatzen ari da kontua eta kezkatuta dago. Arazoarekin batera, eskaini dizkion plazer
performanceak esplikatu behar, ordea.
—Ez dakit ideia ona izan den amari laguntza eskatzea –esan dio azkenean.
Jonek ez du ezer erantzun.
—Tentsioa dago gure artean, egiten dudan guztia justifikatu behar dudala dirudi. Ez da
hala?
—Bai, baina, bere laguntza behar dugu.
Erdi lo dago Jon, berehala nabaritu dio ahotsean. Jarraitu egin du hala eta guztiz ere:
—Eszedentzian jarraituko banu…
—Joder, Bea, lo hartzen ari naiz… Zu lanera itzultzea zen aukera bakarra, oroitzen zara?
—Beste moduren bat egon daitekeela uste dut.
—Hitz egingo dugu bihar… Oso nekatuta nago…
Kopetan musu eman eta buelta erdia egin du Jonek, Beak ezer erantzun aurretik. Esna
gelditu da Bea, suertatu den beste aukera horren berri nola emango dion asmatzen, senarrak
jarriko dituen eragozpenei aurre egiteko argudioak eraikitzen, amari esango ez dizkionak
irudikatzen, eteten diren orgasmoei buruzko informazioa mugikorrean bilatzen; Xuban
negarrez hasi eta haren ohean etzan den arte. Hustutzen joan da zupada bakoitzeko, esnez eta
kezkaz; eta semeari besarkatuta hartu du lo, Mickey Mousen izara azpian.

* * *

Eskuz egitea erabaki du. Ordenagailuko orri zuria sakonegia egiten zaio, gorriegia. Lekua
eman nahi die ezabatuko dituen hitzei ere, nahiz eta zirrimarra baten azpian izan.
Ez zion Joni kontatu sendagile naturopata batengana joango zela, yoga saio baten
aitzakian estera eta guzti atera zen etxetik. Eta, noski, ez dio ezer esan hark proposaturiko
barne-ariketari buruz. Aurretik bisitatu zuen osteopatarena bai, esan zion, diafragman blokeo
bat sentitzen zuela azaldu ostean. Horixe bera kontatu zien bai osteopatari eta baita
naturopatari ere, orgasmoen aipamenik ez inori. Orgasmo-arnasa hitz trukaketa eginda ere
tratamendua bertsua izango zela ebatzi zuen halabeharrez.
Ez da erraza izan bere buruarekin egoteko tartea aurkitzea. Amari eskatu dio
bazkalostean Xubanekin paseatzera ateratzeko, mugimenduan ez bada ez baitu siestarik
egiten. Gaizki ohitu zenuten, trapu horretan sartuta beti. Kontra egiten dio amari, baina,
baditu bere zalantzak. Bereziki, besteen umeak haur-kotxeetan ikusten dituenean, eta amak
kafe bat lasai hartzen. Eskerrak gauez behintzat zertxobait hobeto lo egiten hasi den.
Osteopataren saioak ez zion ezertarako balio izan. Naturopatarena ikusteko dago. Esan
zion ez dagoela lagunduko dion botikarik edo dieta berezirik: Diafragma da erraietako
emozioen epizentroa.
Errai.
Emozio.
Epizentro.
Bearen isiltasunari erantzunez, esandakoa errepikatu eta gaineratu zuen: Bertan izaten
ditugu ezkutaturik ezinaren, gorrotoaren eta erreminaren hondakin solidoak.
Ezin.
Gorroto.
Erremin.
Hitzik gabe geratu zen Bea, aldi berean lehertu zitzaizkion sentimendu eta burutapen
lohitsuak eztarrian buxatuta, tabernetako komun-zuloak ordu txikitan nola.
Orriak zuri jarraitzen du. Ez daki zeri heldu: amatasuna, eszedentzia, ama, lana, Katsuren
proposamena. Iruditzen zaio denak duela erraietako emozioekin lotura eta, aldi berean, ezerk
ez.
Hozkailutik txokolate puska bat hartu eta balkoira atera da. Goibel dago zerua, ilun
mendebaldea; euria egingo du. Haur-kotxea euritarako babes-plastikorik gabe eman dio
amari.
Ez dute horrelako bistarik izango etxe berrian, Jonek askotan aipatu zuen kontu hori
aldaketa egin edo ez erabakitzen ari zirela. Beak berak esaten zion ez zela hainbesterako,
Zenbatetan ateratzen gara ba balkoira mendiari begira egoteko? Askoz gehiago gozatuko
dugu lorategia. Zalantzak ditu orain. Arnasa ematen dio laugarren solairuak, perspektiba.
Proiektuz proiektu funtzionatu izan du beti, bizitzeari zentzua eman nahian, eta emozioa; ezin
du monotoniarekin. Asko lagundu dio yogak horretan, burua orainera ekartzen, unean unekoa
bizitzen. Hala ere, uste du etxearena bere Hurrengo Proiektua izan daitekeela eta ez hainbeste
behar edo nahi bat. Urte sabatikoan egindako bidaia, yoga formakuntza, oposizioak, Xuban;
eta orain, etxea.
Bikote gazte bat dago etxe ondoko parkeko banku batean, muxu eta zirri. Institutuko ordu
luzeen ondoko gozamena, burua deskonektatu eta gorputza esnatzekoa. Halaxe egoten zen
Paulekin. Tarteka, irudikatu izan du nolakoa izango litzatekeen bere bizitza Jon azaldu izan
ez balitz, edo Paulekin jarraitu izan balu. Ez da sekula damutu Jonekin aurrera egin izanaz, ez
da hori, kuriositatea besterik ez. Izan ere, enpresari ezaguna da orain bere bikotekide ohia,
nazkagarriki aberatsa Bearen irudimenean. Zaintzaile bat izango luke haurrentzat edo berak
zainduko lituzke? Irakasle lana egingo luke edo yogari emango lioke benetako aukera bat?
Azken txokolate-ontza ahoratu eta barrura sartzera zihoanean, etxe-aldaketa enpresa
bateko kamioneta bat ikusi du. Beraien ezkaratzera hurbiltzen ari da. Hantxe geratu da,
besoak barandan bermatuta, nahiz eta ibilgailuaren kokapenarengatik ezin ikusiko duen ezer.
Apurka-apurka bizilagun eta oinezko batzuk pilatzen hasi dira inguruan. Iheslariaren
identitate eta pertenentzien esklusiba, gaur gertatuko zaien gauzarik interesgarriena ziurrenik.
Penagarri. Destainaz begiratu eta burua altxatu duenean, pareko eraikineko bizilaguna berari
so aurkitu du. Eskuaz agurtu eta etxera sartu da. Orri zuriaren parean esertzean entzun du
ostera sirena hotsa.

* * *

—Hitz egingo al dugu orain?


Hasperen egin eta telebista itzali du Jonek. Kandela bat piztu du, Beak badaki jarrera harkorra
adierazteko bere modua dela. Bed Time infusio bana eskuetan parez pare eseri dira, sofaren
alde banatan.
—Ordaindua dugu etxe berriaren seinalea, maitia, ezin dugu atzera egin.
—Aukera bat sortu da… Ez litzateke irakasle soldata bezain bestekoa izango, baina…
Katsuren proposamen bat jaso nuen duela egun batzuk.
—Katsurena?
—Lanaldi erdian hasi nahi du. Beste lanaldi erdia eskaini dit niri, hiruzpalau yoga saio
egunean.
—Baina diru gutxi litzateke hori…
—Nahikoa hipoteka berriari aurre egiteko; eta Xubanekin neuk bakarrik moldatzea
izango nuke, ama gure etxean egunero sartu gabe. Goizeko orduak eskaini dizkit.
—Ez dakit, tipo hori buruarin samarra da, ez zait oso aukera egonkorra iruditzen.
Xubanen negarrak entzun dira korridoreaz bestalde, eta berehalakoan joan zaio Bea.
Semearen ondoan etzan eta bularra atera du pijamatzat duen elastiko maiztuaren eskotetik.
Begiak zabaldu ere egin gabe igaro da Xuban intzirietatik bularra gozo zupatzera; segituan
lokartuko da berriro.
Badaki zer gertatzen zaion senarrari, ezagutzen du haren ezezkoaren erroa. Oker dabilela
ulertu beharra du, konfiantza gehiago izan. Orgasmoena jakingo balu, agian…, pentsatu du
Beak. Buruaren ezusteko kulunkak bera ere lo hartzen ari dela adierazi dio eta Xuban kontu
handiz apartatu ondoren, egongelara itzuli da.
—Jon, badakizu zenbat maite dudan yoga klaseak ematea.
—Badakit, baina ordu gutxi batzuk gehiago lan eginda lansari bikoitza izango zenuke.
—Baina ez nintzateke hain zoriontsua izango.
—Izugarri zoriontsua zinen oposizioak gainditu zenituenean.
—Katsurengatik da?
—Ez, ez da hori.
—Gainditua behar zenuke, igaro dira urte batzuk; badakizu zu ezagutu aurretik amaitu
zela gure artekoa.
—Ni ezagutu ninduzulako eten zenuen harekin zeneukan txorta-harremana, eta berak
edozein unetan ekingo lioke berriro.
—Ez da inoiz ezertan saiatu. Eta gainera, bera saiatuta ere, nik badut zer esanik, edo?
—Esan dizut ez dela Katsurengatik.
Isilik geratu dira biak. Bizilagunen telebista-hotsak egongelako giro zurruna
distortsionatzen du. Denbora da ez dituela elkarri garrasika entzuten. Ertzainetara deitu zuten
behin, etxe hartara iritsi berritan, haien arteko eztabaidaren lengoaia eta bolumenak
kezkatuta. Ordutik, ondokoek ez diete egun onik esaten, ez daki haserreak edo lotsak
bultzatuta den. Elkar ebitatzen dute igogailuan topo ez egiteko. Bera ez da inoiz modu
horretan inorekin liskartu, ezinak negarrera eramaten du, ez garrasira. Jon bolkanikoagoa da,
baina eztanda egingo duela nabaritzen duenean, erretiratu eta logelan askatzen du kaka
guztia. Elkarrekin egindako urteek aurrera egin ahala, gainera, eztanda kopurua gutxitu egin
dela iruditu zaio Beari. Lo hartu du sumendiak bere ondoan.
—Naturopata batenean izan nintzen aurrekoan.
Harrituta begiratu dio senarrak, ez dira elkarri gauzak ezkutatzen ibiltzen diren
horietakoak. Isiltasunari eutsi dio, Beak azalpenarekin jarraitu dezan.
—Gogoratzen nola duela bi aste osteopatarengana joan nintzen diafragman tope bat
sentitzen nuelako? Ba, hark ez zidan ezer konpondu, eta horregatik probatu dut beste hau.
—Eta?
Beak mediku naturopatak esandakoak azaldu dizkio, hitzak egoki aukeratzen arreta
handia jarriz. Ez ditu orgasmoak aipatu, beranduegi da horretarako. Jonek, lehendabizi,
diafragman sentitzen duena zehatzago azaltzeko eskatu dio kezkatu antzera; eta, ondoren,
mediku alternatibo horren tarifaz galdetu dio, eta ea lanketa pertsonalaz gain botika natural
garestiren bat bidali al dion. Ezezkoa entzutean, tratamenduarekiko mesfidantza apur bat
arindu zaiola sumatu du Beak eta naturopatak nabarmendutako hitzak errepikatu dizkio
ostera: errai, emozio, epizentro; ezin, gorroto,
erremin. Bere ustez eszedentziak eta amaren presentziak garrantzia dutela nabarmendu dio
baita ere.
Egun batzuk eskatu dizkio Jonek, kalkulu ekonomikoak egin eta Katsuren
proposamenaren gainean hausnartzeko. Gogoratu dio sei hilabete barru hasiko direla erosi
duten duplexa eraikitzen eta egin beharko duten ordainketarako hamar mila euro gordetzeko
dituztela oraindik. Baietz erantzun dio Beak. Baietz diruaren kontuari eta baietz erabakia
egun batzuk barru hartzeari. Gurasoek aurretik erabakitako zerbaiti buruz galdetzen ziotenean
bezala sentitzen da: solfeo klaseak, institutuan egingo zuen espezialitatea, aukerako
ikasgaiak, ikasketa unibertsitarioak. Aurre eman zien arte.
Pentsatu du, agian, Jonek bera infantilizatzeko tarteka izaten duen joera hori ere izan
dezakeela diafragmaren epizentroan trebes jarrita; bestelako hondakin guztiekin batera
solidotzen.

* * *

—Gustatzen zaizu purea, ezta? –Bearen amak Xubani; koilarakada bat bestearen atzetik
irensten ari da haurra–. Amatxo lanean hasten denean, pure goxo-goxoak prestatuko dizkizu
amamak, ikusiko duzu.
Harraskan dago Bea eta ez entzunarena egin du, nahiz eta amaren hitzak berari
zuzenduak direla badakien. Amaren berezko jarrera probokatzailea, ez da ba arte horretan
eroriko. Ezustekoa hartu du mugikorrean murgilduta zebilen senarraren ahotsa entzutean:
—Lanean hasten bada…
—Lanean hasiko naiz. –Itsumustuan Beak, aiztoak jaurti dizkio begietatik senarrari.
Txorrotari presio gehiago eman eta, bizkarra zut, harrikoarekin jarraitu du.
—Nola ba, zalantzan al zabiltza oraindik? –galdetu du amak, primeran ikusi badu ere
Beak Joni botatako begirada.
—Ez da ezer ama, lanean hasiko naiz, zu lasai. Ez dut honi buruz orain hitz egin nahi,
Jon.
—Ez al zenuten ba diru hori behar? Nola moldatuko zarete lanean hasten ez bazara?
—Zerbait erabakitzen dugunean kontatuko dizugu, ama.
Tarte batean kristalak kristalaren kontra egiten duen soinua besterik ez da entzun, Beak
lehortu berri dituen edalontziak arasan kokatzean egiten duena. Jonek eten du isilunean
atzera:
—Yoga klaseak eman nahi ditu.
—Yoga? Eta irakasle lana?
—Horixe esan diot nik.
Azken edalontzia dauka Beak esku artean, gogor estututa. Oraingoan ez da elkarrizketan
sartu, zertarako?; sukaldean egongo ez balitz bezala jarraitu dute amak eta Jonek. Ez dio
diafragmarena aipatu, eskerrak, gogaikarria gertatzen zaio amaren kezka. Aipatu dio
Katsurena, hasperen eta irri gaizto artean kritikatu dute haren existentzia. Bere burua
irudikatu du eskuetan duen edalontzia amaren eta Jonen arteko azulejuetara jaurtitzen,
erraietan korapilatuta duen garrasi basatiari ateratzen uzten. Etxea, benetako lana…, amak.
Lorategia, egonkortasuna…, Jonek. Aski da, oihu egiten dio barrenak, baina geldirik
jarraitzen du harraska aurrean; ezin du, ez da gai. Oposizioak. Hipoteka. Yoga. Edalontzia
arasan uzteko mugimendua egitean, eskuetatik alde egin dio, irristatu egin zaio, edo askatu
egin du. Erorketa saihesteko keinurik ez zaio atera.
EXIT
Et, et, et! Badakizu ezin dela hitz potolorik erabili…
Georginak begiak txilotu ditu ezinegon-keinu antzeztuegi batez, eta hitza hartu du berriro.
Ea ba, esan nahi dudana da, gure izaera sexuala definitzeko beharra txikitatik ezarri
diguten zerbait dela.
Eten bat egin du, barra gainean jarri berri dioten kafe hutsari azukrea bota bitartean.
Denak ditu begira, momentuaren elastikotasuna zukutzen ari da. Hankak gurutzatu ditu,
ezkerrekoa tabernako aulki altuaren egurrezko egituran pausatuz. Izter gainean duen ile bati
bi hatzekin heldu, eta lurrera erortzen utzi du.
Ugalketa eta plazera nahasten ditugula da kontua, ez zaizu iruditzen, Liz?
Aterantz begiratu dute gainerakoek.
Orkatila gainetik geratzen zaizkion jeans beltz estuak ditu Lizek, gorputzaren fintasuna
areagotzen diotenak, eta gerrialdea agerian uzten dion animal-print estanpatu gorri-beltzezko
alkandora. Ile hori tindatua motots altu batean darama bilduta, inprobisatu itxura eman nahi
duen orrazkera landuan. Casual looka indartzeko ile-xerlo bat aurpegiaren alde batera
erortzen utzi duen arren, guztiek erreparatu diote ile-sorta horren perfekzioari, Lizen
aurpegiaren eta xerloa osatzen duten ile-kopuruaren arteko proportzionaltasunari; erortzean
eratzen duen uhin ez kizkurregiari, zeinak eskuineko begia apur bat –baina ez gehiegi–
estaltzen dion. Eite perfektua Nike oinetako zahar batzuek hausten dute; berde gastatuak, oso
gastatuak.
Ez zinen, ba, sexuaz ariko orain ere?
Lagun-taldearen algara eragin du Lizen komentarioak. Georginak errugabe goratu ditu
sorbaldak eta zurrutada bat eman dio kafeari.
Banan-banan ahoan muxu emanez agurtu ditu kideak. Georginari eman dio azkenekoa eta
haren ondoan geratu da. Bateria kargatzen ari den smartphonea bezala sentitzen da bien
gorputzek kontaktua egiten dutenean. Haren txutea behar du.

Bizitza goitik behera aldatuko dizun pertsona gutxien espero duzunean azaltzen da.
Georginak, goitik behera ez, behetik gora irauli zuela esango luke Lizek.
Unibertsitateko iragarki-taularen parean egin zuten topo klaseak hasteke zeudela.
Bakoitza eskuz idatzitako bere paper-zatitxoa itsasten, gela huts baten eske Georgina eta gela
huts bat beteko zuen norbaiten bila Liz.
Kasualitateak ez dira existitzen, esan zion Georginak.
Lizek irribarre egin zuen, eta, gutxitan egiten zuen legez, bere buruari jokabide oldarkor
bat baimenduta itsatsi berri zuen iragarkia erauzi eta paperontzira bota zuen.
Kafe bat?, proposatu zion Georginak, bere iragarkia ere zaborrontzira jaurti berri.
Lizek ez zuen orduan adorerik izan kafea ez zitzaiola gustatzen esateko, eta ez zuen
halakorik egin beharrik izan gerora, atsegin zitzaiola erabaki baitzuen hirugarren zurrupadara
iristerako. Hutsa, zorroko azukre guztiarekin.
Hantxe, kafeina-, glukosa- eta endorfina-gaindosi bete-betean, bizikidetza-tratatu oso bat
adostu zuten bi neskek, eta Lizek pentsatu zuen agian etorkizuna ez zitzaiola iragana bezain
maldan gora egingo.

Kafearen kalitate kaskarraz jardun dute tarte batean eta, isilune bat egin dela aprobetxatuz,
Georgina eta Lizen pisukideak, Alimek, hartu du hitza eta aurreko konbertsazioari heldu dio.
Lehen esan duzunarekin ulertu ote dezaket gaur gauean aukeraren bat izan dezakedala
zurekin?
Zakila mozten duzun egunean, erantzun dio itsumustuan Georginak, eta guraizeak
irudikatu ditu atzamarren mugimenduarekin.
Algaraka hasi dira denak atzera, baita Alim bera ere. Ordea, porroari azken zupada eman
eta lurrera bota ondoren, irribarre txiki maltzurrarekin beste gezi bat jaurti dio lagunari.
Diozu ez dugula sexualitate definiturik, baina gero neskekin bakarrik endredatzen zara.
Zure diskurtsoari koherentzia pixka bat eman behar zenioke.
Et, et. Nik teoria azaldu dizuet. Baina praktikan, gizonezko guztiak, eta guztiak
diodanean guz-ti-ak esan nahi dut, zu bezalako gizajoak ere zaku berean –begi keinu-jostari
bat egin dio gizajo hitza esatean–, emakumeen gainetik jartzen zarete harremanetan.
Elkar dastatu duzue guztiek eta marjinatuta uzten nauzue ni!
Performance bat balitz bezala modelatu ditu mugimendu eta keinuak Alimek bere
lagunen dibertimendurako, eta, bukaeran, tristura aurpegiera jarri die beheko ezpaina kanpora
ateraz.
Marjinatuta? Ahaztu egin al zaizu azkenekoan Annettek eta biok begiratzen utzi
genizula? Begiak bai, eskuak ez!, esan dio Junek.
Baina mozkortuta nengoen eta ez nuen ondo ikusten: hori eta atariko haizea, bat!
Lo hartu aurretik ere ez al zenuen ezer ikusi?, gaineratu du Annettek barre egiteari utzi
ezinik.
Tira, abiatu egin beharko dugu, bidea itxiko digute bestela, eten ditu Georginak.

Kale estuak atzean utzi eta hiriaren erdialdera hurbildu ahala jende oldea hazten ari da.
Ezagunak egiten zaizkie aurpegi horietako asko. Emakume txiki ile-kizkurra, hamar urte
inguruko bi haurrekin; luzeraz txikiena denak bandera bat darama kapa modura eta garaienak
makila baten muturrean lotutako beste bat.
Bai, bagoaz gaur ere.
Elastiko erreibindikatzaile berdina janzten duen bikote gaztea, altxatutako ukabila gastatu
bat gaurkoan. Eskutik helduta doaz gehienetan bezala.
Aio, bai.
Soinean daramaten ekipamendua kontuan izanik hirian baino, mendi-espedizio batean
dauden itxura ematen duen jubilatu kuadrilla.
Kontuz ibiliko gara bai, gero arte!
Zergatik da gaurkoa?, galdetu du Georginak lagun boskoteak osatu duen lerroaren ertz
batetik.
Ezta ideiarik ere, erantzun dio Annettek. Norbait galtzen bada, azaldu dadila betiko
lekura azkar; aurrenekoa nire kontu!
Baietz egin diote guztiek eta jubilatu kuadrillaren atzetik jarraitu dute oinez.
Alimek motxilan gordeta zituen harri batzuk banatu ditu lau nesken artean. Georginak ez
du ez motxilarik ez eta gerriko poltsarik harriak sartu ahal izateko eta mutilari eskatu dio
bereak gordetzeko, poliziaren ondotik pasatu arte.
Ez dirudi jende asko bilduko garenik.
Tira, korrika egiteko leku gehiago orduan guretzat.
Gogoratu harriak babesteko dauzkagula, komentatu du Georginak, bakezko jendea gara,
gaineratu du gizonezko ahots lehor eta geldoa imitatuz, atzamar erakuslea zorrotz.
Iji eta aja egin dituzte manifestazioaren hasierara iristeko gelditzen zaizkien azken
metroak.

Elkarrekin joango al gara gaur etxera?


Junek pausoa azkartu du Georginaren besoari heltzeko.
Soinean daraman elastiko more estuak agerian uzten dizkio beso depilatuak. Biluziak. Finak.
Perfekzioa ferekatu dio
Junek eta bere alua bisualizatu du oharkabean; besoa doi bat estututa, egindako
proposamenari enfasia ematen saiatu da. Beretzat nahi ditu gaur: Georgina eta Georginaren
alua.

Bilera feminista askotako eztabaida-iturria izaten da Georginaren gorputzeko ilea edo, hobeto
esanda, ilerik eza. Unibertsitateko talde feministak bai baitaki Georgina pertsona kotizatua
dela fakultatean eta, haren indar zentripetu alferrikaldua gogoan, kargu hartzen diote biloa
kentzen duelako.
Junek duela urte batzuk erabaki zuen ez depilatzea. Asanbladako beste kideekin bat
egiten du Georginaren influencer irudiari dagokionez, baina zalantzak sortzen zaizkio alde
bateko zapalkuntza deuseztatzeko ez ote diren beste era bateko errepresio bat, freno bat,
ezartzen ari. Gainera, Georginaren alua zoragarria iruditzen zaio.
Zer da aldarrikatzen duguna, emakumeen depilazioaren abolizioa edo norbera bere
gorputzaren jabe izatea? Joder, nik nahi dudana egin beharko dut ba!
Ez zaitez pipertu Georgina, esaten duguna da zu depilatuko ez bazina, mototsak hazten
uztera ausartzen ez diren asko atrebituko liratekeela.
Ados, ni neure nahien aurka arituko nintzateke, ordea. Eta denok daukagu garbi borroka
hau norberaren zaintzatik eta defentsatik abiatu behar dela, ala?
Argudiaketarako duen trebeziak balantza Georginaren alde uzten du beti, talde
feministako liderren ernegaziorako. Umetatik izan du gaitasun hori: Gauzak esaten dituzun
bezala esanda arrazoia duzula dirudi, baina ezta hurrik eman ere!, aurpegiratzen zion ahizpa
zaharragoak. Hala zen, Georginak berak ere bazekien ahizpak arrazoi zuela, onartzen ez zion
arren. Denborarekin, kontzientzia eta hiztegia aberastu ahala, ahalmen hori trebatzen-fintzen
joan da argudiaketarako jaidura izatetik manipulaziorako artezia izateraino.
Izan ere, erabilgarria egiten zaio oso.
Talde feministarekin, adibidez, erosoagoa egiten zaio depilatzeko duen eskubidearen
aldarrikapen manipulatu bat egitea egia kontatzea baino: hamazazpi urterekin laserrarekin
gorputz guztia soildu zuela. Aitortza batek beste bat ekartzen baitu normalean segidan, eta ez
du nahi inork jakiterik militantzia feminista beretzat zerbait berria dela; unibertsitatea zapaldu
aurretik, orain hainbeste kritikatzen dituen horietako bat zela bera ere.
Karrerako lehen seihilekoan propultsatu zen aldaketa, Liz diskurtso feministak egiten
entzun zuenean, maitemindu zenean. Hilabete gutxiren buruan feminismoari buruz idatzitako
liburu mordoxka bat ikasi zituen, eta, pixkanaka Lizen mintzaldietan murgildu eta hauek
osatzen hasi zen. Handik gutxira bera zen iniziatiba hartzen zuena eta Liz konponente
osagarria. Eta, azkenean, ordurako bikotekide zuen Lizen makulurik gabe hitz egitea nahiago
izatera iritsi zen, arreta guztia bereganatzearen plazer hutsagatik.

Georginak besoaren estutuari beste estutu batekin erantzun dion arren, ez dio Juneren
galderari jaramonik egin. Oinez, manifestazioko aldarriak oihukatzen ari da.
Estatua, hiltzailea!
Presoak kalera!
Estatua, hiltzailea!
Aspaldi da ez garela elkarrekin egoten, ez zaizu iruditzen?, berrekin dio Junek belarrira
eztiro.
Ez dakit, badakizu nola jartzen naizen parranda post-manifa hauetan. Beste inor topatzen
ez badut agian…
Junek zakarki askatu dio besoa.
Ez haserretu, Junetta!
Lagunari berriro besotik heltzen saiatu da, baina hark ez dio utzi.
Ongi pasatzen dut zurekin, baina gauza berriak probatzeko gogoz nabil.
Gauza berriak, gauza berriak…, esan du Junek; eta eskua eta ahoa mugituz felazio baten
keinua egin du.
Hori, inoiz ez!
Georginak musu eman dio Juneri masailean eta hark bultza egin dio irri artean. Bultzadak
ustekabean harrapatu du Georgina eta, oreka galduta, pankarta bati heltzen ari zaion
manifestari baten aurka jo eta lurrera erori dira biak.
Manifak ez dira jolasteko, joder!, oihukatu dio gizonak besakada batez gainetik kentzen
duen bitartean.
Ez dute-eta ezertarako balio, aitona!
Erdiko behatza atera eta korrika alde egin dute bi neskek barrezka, sei lerro aurrerago
gainerako lagunekin topo egin duten arte.
Lizen bitartez ezagutu zituen Georginak Annette eta June. Lizen eskutik ezagutu du
Georginak bertan ezagutzen duen jendearen erdia baino gehiago. Lehendabiziko kafea hartu
zuten arratsalde hartako Liz isil eta barnerakoia erabat aldatu zen aste gutxiren buruan. Berari
esker izan zela esaten dio, Georginak garbi daukan arren armairutik atera izanari dagokiola
aldaketaren handia. Trangatuta zegoen armairua kolpera zabaldu zuen Lizek, sarrailak
lehertu: metamorfosi koloretsua, oparoa; herri txiki batean hazteak ekarri zion barne eta
kanpo errepresio gogor baten ondoren haizatua. Dena den, Georginak gustuko du Lizek
aurpegi berria berari esker agertu, eta are, sortu dela pentsatzea, eta ez dio inoiz kontra egiten.
Bikote harremana eraikitzen hastea erabaki zutenean adostu zuten sexualki irekia izango
zela, ezinbestean. Lehen hilabeteetan aski izan zuten elkarren gorputzak deskubritu eta
gozatzearekin. Liz izan zen irekita zegoen atea zeharkatzen lehena: Junerengana joateko.
Georginak unibertsitatetik ezagutzen zuen June, erakargarria egiten zitzaion, baita Juneren
bikotekide Annette ere. Ohartzerako ménage a quàtre moduko bat osatu zuten.
Georginak ikaragarri disfrutatzen du larru-jolasean Junerekin. Bestearen plazerera erabat
emana da June, eta Georginari itzela iruditu zitzaion hori. Hasieran. Segituan hasi baitzen
deseroso sentitzen. Junek behin eta berriz esplikatu zion hurkoari plazera ematen gozatzen
zuela berak gehien, zenbat eta beroago bestea orduan eta beroago jartzen zela bera ere, inork
ukitu ere egin gabe korritu zela behin. Azalpena ontzat eman zuen Georginak eta
hezur-haragizko bibradore otzana baliatu zuen denboraldi batean. Ordea, ez zuen lortzen June
erabiltzen aritzearen sentipenetik askatzea, besteak hala
gustatzen zitzaiola etengabe errepikatu arren. Botere sentsazio
hori atseginegia egiten ari zitzaiola nabaritu zuenean ikaratu zen benetan. Kritikatzen zituen
erlazio asimetriko batean ikusi zuen bere burua. Gaitzesten zituen gizonen lekuan.
Adierazi zion Juneri sentitzen ari zen barne zurrunbilo guztia eta baita tarte batean hariak
eteteko beharra ere. Plazera lortzeko bere modua zela eta harremanaren simetria frogatzen
saiatu zen June enegarrenez. Georginak argudiaketa manipulatiboa aktibatu zuen orduan, ez
lagunari kontra egiteko, ezpada horrelako hartu-eman desorekatuak izaten jarraituko zuen
neskaren alde jartzeko. Bien artean asimetriaren ertzak leunduta, Juneren autoestimua onik
atera zen elkarrizketa malkartsu hartatik.

Kazetaritzako nire ikaskide batzuk atxilotu dituzte, protesta egitera deitu dute poliziaren
egoitzaren kanpoaldean, goazen!
Korrika sartu da Liz tabernara, mugikorra esku batean, mototsa erdi askatuta eta aurpegi
gorri bete-betearekin. Arnasestuka. Galtza bakeroetako ezkerreko belaunaldean egin zaion
zuloak azal urratua uzten dio agerian.
Denbora pixka bat bada beste laurak bertan elkartu direnetik eta dagoeneko tekila
txupitoen bigarren errondarekin hasteko asmotan dira. Istiluen ostean adrenalinari eusteko
txupitoak, istilurik egon ezean malenkoniari laguntzeko garagardoak… Gaztaroak
horrelakoetarako ematen duen permisibitateaz tradizio bihurtu dute manifa osteko lehen
tragoaren afera.
Lizen egonezinari jaramonik egin gabe txupito bat eskaini dio Georginak irribarretsu,
baina honek keinu urduri batez uko egin eta hauspoak baretu ahala gertatutakoa kontatu die
zehatzago.
Nik gaurkoz nahikoa izan dut, Liz.
Georginak kamiseta altxatu eta saihets batean duen ubeldura luzanga erakutsi dio.
San Ferminetako korrikalariak bezala aritu naiz borra guzti horien aurrean korrika, a ze
subidoia!
Bi atzamarrekin adarrak egin eta buruan jarri ditu, gero Liz harrapatzeko keinua egin du
kokota makurtuta.
Nire lagunak dira, joder!, haserretu da Liz.
Lagunak ez, ezagunak; eta gainera, badakigu protestarekin edo gabe hiru egun barru
aterako dituztela, ostiaz josirik, bale, baina aterako dituzte. Ezin dugu ezer egin.
Georgina Lizengana hurbildu da eta begi bat estaltzen dion ile-xerloa belarri atzera
eraman dio amultsu. Begietara begiratu dio eskua lepoaldetik urrundu gabe, xamur, eta musu
eman dio. Georginaren mingain jostaria sumatu duenean atzera salto egin du Lizek eta bafada
garratz batez kanporako bidea hartu du.
Inor ez zaio atzetik joan.
Atera orduko sartu da berriro ere tabernara lehengo pauso irmoari eutsiz, eta tekila
txupitoa kendu dio Georginari eskutik. Kolpean edan du, gatzaren eta limoiaren josteta albora
utzita. Ezpainetatik behera irristatzen ari zaizkion tekila tanta txikiak mahukarekin lehortu eta
Alimengana joan da. Zalantza imintziorik egin gabe mingaina eztarriraino sartu dio.
Lehen pena eman didazu zokoratuta uzten zaitugula esan duzunean, esan du Lizek denek
entzuteko moduan.
Tabernako musikaren erritmoan buelta erdia eman eta besteen oihu txoro eta barre artean
borobila osatu du, Annette eta Juneren aldamenean jarrita. Alimen begirada bilatu du eta nahi
zuen lekuan aurkitu: bere begi ninietan iltzaturik.

Duela pare bat hilabete gertatu zen, igande arratsalde batean; Georgina gaixo egon eta
gurasoen etxean geratu zenean.
Euria ari zuen eta elkarrekin zinemara joatea pentsatu zuten Alimek eta Lizek. Ordea,
Georgina zen pelikulak aukeratzeaz arduratzen zena, eta, haren faltan, bietako inork ez zuen
hartarako gogorik eta etxean geratu ziren azkenean. Manta beraren azpian, elkarren ondoan
eserita, edozein katetako edozein pelikula ikusten hasi ziren.
Zergatik gorroto dituzu gizonezkoak?
Galdera, pelikulako sexu eszena baten erdian egin zion Alimek.
Zergatik uste duzu gorroto ditudala gizonezkoak?
Ez al da hala?
Zu ez al zara gizonezkoa?
Gurasoek behartu izan ez bazintuzte, zure pisuan hartuko nindukezun?
Zuk zer dakizu behartu egin ninduten ala ez?
Oker nabil?
Damutu egiten al zara?
Ni ez, eta zu?
Pelikulako gorputz biluzien zauskadei begira geratu ziren biak isilik, harik eta Alim
biratu eta Lizi masailean musu eman zion arte.
Sentitzen dut, ez dakit zer gertatu zaidan.
Lizek beste musu batekin erantzun zion, ordea, ahoan. Ukoa ez da grinaren apalgarririk
seguruena.
Georginaren absentziak sexurako aprobetxatzen hasi ziren lehendabizi. Berehala,
Georginaren absentziak programatzen hasi ziren. Georginaren joan-etorriak kontrolatzeaz
nazkatu ziren, baina Lizek harremana gordeka eramaten jarraitu nahi zuen.
Lotsatu egiten al zara nitaz?
Ez, joder.
Orduan? Zurekin bitan baino gehiagotan txortan egin duten neska guztien izenak
dakizkit. Zure ahotik entzunda.
Zuk esan duzu: neskenak, nire larrukide neska guztien izenak. Zu neska al zara?
Eta zer axola dio horrek! Flipatu egiten dut zurekin, hain liberal, hain liberal… Kaka
zaharra!
Ez haserretu Alim, joder, arrazoi duzu, badakizu arrazoi duzula eta nik ere badakit. Baina
ez naiz bisexuala, ez zait gizonezkoekin larrutan egitea gustatzen. Bai, zurekin bai. Baina
desberdina da. Gustatzen zaizkit emakumeak orokorrean, eta gero, zu. Baina hori besteek
ulertuko dutela iruditzen al zaizu? Ba nik ezetz uste dut.

Alimek trago luze bat eman dio esku artean duen hirugarren gintonikari eta tabako makinaren
gainean utzi du. Esku-
gainarekin ezpainak lehortu eta besoak altxaturik dantzan, ia trantzean dagoen Lizen belarrira
hurbildu da. Distantziak uste baino okerrago kalkulatu eta neskaren masaila jo du berearekin.
Lizek airean zuen hanka lurreratu behar izan du oreka ez galtzeko. Porroari ezpainekin eutsi
eta Alimi eskuetatik heldu dio dantzara batzeko gonbitea eginez. Bien gorputzak gerturatu
dituen mugimendu bat baliatuz, koxk egin dio lepoan, belarri azpian, Alimek.
Eta nik ematen badizut musu orain?, gaineratu du mutilak.
Lizek dantzan jarraitu du, Alimi begirada eutsiz eta irribarre zirikatzailea aurpegitik
ezabatu ezinik. Bero-bero dago. Etxera joan eta mutilarekin larrutan egingo luke une horretan
bertan. Tabernako komun ilun beltzean egingo luke. Baina nahiago, momentuari eutsi.
Badaki gauaren luzean horrelako bi edo hiru beroaldi izaten baditu askoz ere bortitzagoa
izango dela ondorengo orgasmoa.
Alimen gerrira gerturatu ditu eskuak eta bakeroen gerrikoarentzako zinta banatan sartu
ditu bina hatz, indar egin du mutilaren zakila bere aluaren kontra-kontra jarri arte, musikaren
erritmoari axolagabe eutsiz. Puztuta igarri dio nabarmen, eta eskua praken azpitik sartzeko
bulkada ia erreflexuzkoa egin zaio. Begiak itxita eta burua doi bat atzerantz etzanda jarraitu
du dantzan. Alimek Lizen lepoaren panoramika osoa dauka parean, eta tentazioari eutsi
ezinik ahoarekin gerturatzen hasi zaio alu-zakil kontaktu estua hautsi gabe. Bat-batean,
bibrazio segida bat nabaritu dute bi gorputzen arteko ukitze gunetik gertu.
Mugikorrak.
Berehala eten dute dantza.
Goizeko hirurak dira eta biei batera ari zaizkie mezuak sartzen.
Zuei ere iritsi zaizue?, galdetu die Georginak.
Alkohol eta haxix karga handiegia duten begi erreak, iturri desberdinetatik jaso berri
dituzten mezuak irakurri nahian dabiltza mugikorren pantailetatik.
Ostia puta.
Hil egin dutela bat.
Elkarri begira geratu dira denak une batez, ilunpetan. Neoizko argi intermitenteak
aurpegi desitxuratuetan, musika kirrinkaria; giroa eskizofrenikoa da bat-batean. Dantzan
dabilen neska batek bultza egin dio Juneri eta mugikorra erori zaio. Zamatuegi dagoen
animalia baten modura makurtu denean, beste mezu zaparrada bat jaso dute.
Lizek poltsikoan sartu du mugikorra eta zokoratutako mahai batera hurbildu da txaketa
hartzera.
Georgina atzetik joan zaio eta besotik heldu dio.
Joan egin behar dugu.
Baina nola joango gara orain? Paxa-paxa eginda gaude.
Nire ikaskidea zen, joder! Hil egin dute.
Mugimendu zakar batez kendu du Georginaren eskua gainetik eta inguruko garagardo
botila hutsak poltsan sartzen hasi da.
Liz, egon. Lasaitu, ostia.
Alim da hitz egin duena. Hil egin dute bat. Tabernatik kale gutxi batzuetara hilotz bat
dago orain. Bat-batean gorpu hori Liz dela irudikatu du eta adrenalina eztanda bat nabaritu du
hesteetatik gora, biriketatik bidea egin ezinik goraka datorrena. Beste lagunen begiradak
bilatu ditu eta ez du ezer ukigarririk aurkitu. Karga-karga eginda eta aldapa behera galgatuta
dagoen gurdi bat da boskotea. Gurpilen azpian egur tako bat, inork izendatzen ez dakiena.
EGIN BEHAR NUENA EGIN
NUEN
Leihoa irekiko dut, gustura hartuko duzu eguzki apur bat. Ez da hala, Lorena? Jarriko dugu
gero haizagailua.
Bainu bat hartu dut etorri aurretik, gure betiko tokian. Badakizu zeinen gaizki daramadan
udako sapa beroa: termometroa ez da hogei gradutik jaitsi bart gauean.
Duela lau aste bezain zakar dago itsasoa, gaizto. Zuk ez zenuen ikusi, Lorena, pikutara
bidali ninduzun nirekin etortzeko eskatu nizunean; baina, egidazu kasu, gaur bezalaxe
zegoen. Bi sorosle belaunetaraino uretan sartuta, behin eta berriz errepikatzen zen txilibitu eta
imintzio koreografia betean. Haietako bat zure futbol entrenatzailea izandakoa, Gorka ilehori
argal hura, edo Gaizka zen. Satisfakzio moduko bat eragiten dit haien frustrazioak, ezin dut
ebitatu. Hain sinplea eta hain lorrezina. Jendea gerritik gora ez sartzea. Kontrolagarriagoak
dira tristeak alaiak baino, esaten zigun aitona Eustakiok umetan, amona Tereren bizkar eliza
kritikatzen zuenean.
Lau aste bete dira gaur, nire Lorena matte. Hilabete.
Hasieran, orduak zenbatzen genituen; asteka ari gara orain…
Lau.
Batzuetan iruditzen zait bigarren haurdunaldi bat bizitzen ari naizela. Zure lehoi begien
egarri.

A, badakizu? Emma Watsonen azken pelikula estreinatu zuten atzo. Trailerra ikusi dut eta oso
itxura ona dauka. Thriller historiko bat. Ilea moztu du berriz ere Emmak, kasik larru-arras.
Nahi baduzu, elkarrekin ikusiko dugu, Premium areto horietako batean, krispeta eta guzti.
Zinema-ostegunen falta handia sumatzen dut.
Lehengo batean, aita eta biok joan ginen. Bistan zegoen ez zela ideia ona. Filmaren
aurreko iragarkietan ospa egin behar izan nuen. Ez naiz negar erraza duen horietakoa,
badakizu, baina masailak lehertu zitzaizkidan bat-batean, ume bati bezalaxe, intziri, malko,
marru eta guzti. Ostegunak dira zailenak, Lorena. Oscar sarien epaimahaikideak bagina
bezala gidoi, aktore eta iluminazioaren disekzioa, A8ko errebuelta eta bat-bateko
balaztatze-doinu eta neurrian. Oroitzen autopistako irteera oharkabean pasatu genuenekoa?

Ez duzu sinetsiko: gaurko bainuaren ondoren, hanketako hondarrak astintzen ari nintzela,
Danelen ama etorri zait, Garbiñe. Ez naiz bere okindegian sartu zurea gertatu zenetik, ez diot
barkatu semea defendatu izana. Eskerrak eman nahi zizkidan, aurrez aurre; Danelengatik egin
nuena jakin eta telefonoz hots egin zidan, baina ez omen zen nahikoa. Egin behar nuena egin
nuela esan diot. Bihotz handiegia dudala, heroia naizela. Deserosoa izan da.
Zutaz ere galdetu dit.
Ondo zeundela erantzun diot, sinetsi dezakezu? Ondo. Ez dakit zergatik ateratzen zaidan
begirunez jokatzea, belarriko zolda baino eskasagoa naiz.
Alde egin duenean bururatu zaizkit esan nahiko nizkiokeen guztiak. Halaxe gertatu izan
zait beti. Bizitzatik oin puntetan igarotzeko modu bat da, behintzat. Gorputzak ahotsik
baleuka…
Gogoratzen mingainean piercinga egin nahi zenuenekoa? Nire ezezkoaren arrazoiak
idatzita nituela eztabaidatu genuen. Asko haserretu zintuen horrek, modu horretan eztabaida
asimetrikoa zela; kontzeptu hori ezagutzen zenuenik ere ez nekien.
Utziko dizut mihia zulatzen, entzun? Baina lozorroa utzi behar duzu horretarako, matte.
Entzuten didazu?

Egin behar nuena egin nuela zure aitak esaten dit.


Arrazoi izango du beharbada; hala ere, kontrakoa pizten zait hemen ikusten zaitudan aldiro:
Danel bere horretan utzi behar nuela. Batzuetan neure burua ere ikaratzen dut, benetan
sentitzen dudalako, barru-barrutik.
Zer pertsona-klase naiz, Lorena?
Hobe gehiegi ez pentsatzea, jasanezina zait amildegi ertzeko bertigoa.
Zure buruari galdetuko diozu zertaz ari naizen, Danel gora eta behera. Jakin nahiko duzu,
ezta? Terapeutak proposatu zidan zuri kontatzeko; harrak kanpora atera behar ditut, jango ez
banaute.
Aurreko astean gertatu zen, hondartzan.
Urertzetik paseo bat emateko asmoz jaiki eta orduantxe ikusi nituen. Ez galdetu niri
zergatik eseri nintzen berriro ere. Pamela eta eguzkitako betaurreko handien atzean ezkutatu
eta begira jarri nintzaien, amorrua ahalik eta ondoen irentsiz.
Danel. Irribarretsu. Oparo. Kiribil beltzak batera eta bestera dotorekeriaz astinduz. Eta
bitartean, lagunabarra toallak bere inguruan kokatzen, indartsuenaren legeari men eginez,
naturaltasun osoz.
Guapoa denik ez dizut ukatuko. Bere aitaren antza handia du. Ustel galanta hura ere.
Kontatuko dizut egunen batean.
Urrunegi nengoen zertaz ari ziren entzuteko, baina, badirudi mingain trebea ere
oinordetzan jaso duela mutilak, lau hitzez behin barrez lehertzen zituen guztiak. Betiko sex
symbol bat. Esamolde hau ez erabiltzeko esango zenidake orain, mesedez, ama, sex symbol?
Zaharruno totala da hori! Jarriko dizkiozue hamaika izen ezberdin, Lorena, baina gauza
batzuk ez dira sekula santan aldatzen; eta Danel ageriko sex symbola da.
Herrikoak ez ziren hiru neska ere beraiekin batera jarri ziren, bi ilehori eta beltzaran bat;
agian, zuk ezagutuko dituzu, udalekuetatik edo auskalo, ez du axola. Halako batean, neska
beltzarana builaka hasi zen. Ezustean harrapatu ninduen, korrika pasatu zen umemoko batek
hondarrez bete zidan toalla eta huraxe astintzen ari nintzen. Besapeetatik helduta zeraman
Danelek eta hanka banatik Jonek eta Aitorrek. Itsasorako bidea hartu zuten, neskaren
konbultsio
mugimenduei eta garrasiei kasurik egin gabe. Laguntzera joatekotan egon nintzen,
gelditasunari eutsi nion, ordea, ukabilak estututa. Ur-ertza baino pare bat metro lehenago
askatu zuten, intziriak alaitasuna galdu eta metaliko bihurtu zirenean. Danelek besoarekin
inguratu zuen eta muxu jostaria eman zion masailean. Lagun artera lasterrean itzuli zen
gaixoa, hondarra harrotuz, barre-murritz. Besteek, orduan,…

—Egun on, Cristina. Zer moduz zaude?


—Gaur egingo diote eskanerra?
—Bai, laster etorriko dira bere bila.
—Eta, emaitzak?
—Gaur bertan, esango nuke; baina, hobe duzu medikuari galdetu.

Aldaketaren bat egon dela entzun nahiko nuke, matte. Indize bat, dezima bat, zerbait. Lehen
itxaropentsua zen egonkortasuna, eramangaitza egiten zait orain. Pixkanaka lurruntzen ariko
bazina bezala da, eta airea zure esentziarekin betetzen zait. Hemengoa eta etxekoa, eta kalean
habitatzen zenuen zirrikitu bakoitzekoa ere bai. Jasangaitza.
Hau amaitzea desiratu izan dut, batera edo… edo bestera, baina bukatu dadila behingoz.
Ia gauero zurekin egiten dut amets. Amesgaiztoak izango nituela uste nuen, baina
aurkakoa gertatzen da: ondo zaude, korrika egiten duzu, soka-saltoan; umeagoa izaten zara
normalean, beti pozik, lehen bezala. Esnatzen naizenean hasten da amesgaiztoa. Norbaiti
irakurri nion zoriona eguzkiaren modukoa dela, epeltzen gaituela batzuetan, erretzen gaituela
aldizka, eta denboraren ia erdian abandonaturik gauzkala; baina beti urruna eta atzemanezina
dela.
Behar zaitut, Lorena, zu zara nire eguzkia.

Esan dit erizainak ezin naizela zurekin joan, baina lasai egon, hementxe izango nauzu
itzuleran. Globo eta apaingarri hauek kenduko ditut bitartean.
Sekulako tira-bira aurreikusten genuen zeure urtebetetze egunerako, larunbata eta herriko
festak; guk ordu biak, eta zuk bostak. Hiru eta erdiak arte emango genizun baimena, erabakita
genuen. Gela kirofaniko honetan girlandak jartzen jardungo nuenik ez nuen inolaz ere espero.
Nolatan ez nintzen ohartu? Pasatuko zitzaizula uste nuen. Ondo ezagutzen zintudala uste
nuen.

Txolarre bat pausatu da leihoan. Lumaje ederra du, harro-harroa. Guri begira dago. Ez daukat
zuretzako ezer, ttiki, beste nonbait bilatu beharko duzu.
Zure amonak esaten du hegaztiak ez-ohiko lekuetan azaltzen badira mezu bat dakartelako
dela, edo zerbait erakutsi nahi digutelako. Nire ustez, nekatuta daudelako geratzen dira
horrelako lekuetan. Ziur zuk amonarekin egiten duzula bat, betidanik izan zara ni baino
organikoagoa. Eta baita sentiberagoa ere. Nolatan ez nintzen ohartu. Entzun al dezakezu
txoritxoaren mezua?
Ekarzu eskua. Ondo joango da, egingo dugu aurrera oraingoan ere.

Danel. Danelena kontatzen ari nintzaizun. Bainu bat hartzera joan ziren lasterka, harkaitz
handiaren ingurura. Zu ere bertan zinela irudikatu nuen. Esaten nizun haitzaren gainetik
saltorik ez egiteko, gogoratzeko bertan korronteek zurrunbiloa sortzen zutela. Baietz ama,
erantzuten zenidan, kontrolatzen dugula.
Bertan behar zenuen, Lorena.
Ura gora zetorren. Gazte kuadrilla bainulari hezigaitzen saldoan murgildu zen, orain
olatu gainetik, orain azpitik, aurrera eta aurrera, sorosleen txilibituei jaramonik egin gabe.
Emakume bat ikusi nuen alaba txikiarekin ur-ertzean, olatuen aurka lehiatuko zen
itsasontzia eraikitzen. Harriz eta maskorrez apaindua zeukaten. Hala egiten genuen geuk ere,
oroitzen? Maite zenuen urak branka gainditzen zuen unea, zure gorputz ñarroaren naufragioa.
Etengabe eraikitzen ditugu erortzera kondenaturik dauden harresiak. Geure buruen
euste-hormak.
Hormarekin batera eraitsi zinen zu. Zenbat aldiz errepikatu ote nizun, itsasontzia
olatupean birrintzean kopeta iluntzen zitzaizunetan, beti izango genuela barku berria
eraikitzeko beste aukera bat, eta beste bat, eta beste bat. Beti. Harea bukatu zitzaizun
nolabait, eta ezin dut ulertu.

—Oraindik hemen dago. Laster eramango dutela esan dit Fanik, erizainak, bai. Abisatuko
dizut. Bai. Etxera joango naiz bazkaltzera. Ados. Erosi ezazu zuk ogia.

Aita zen. Arratsaldean etorriko zaizu. Garbantzuak egin ditu bazkaltzeko, nahiz eta esan
diodan nahiago dudala entsalada. Nola jango ditugu garbantzuak horrelako bero saparekin.
Kaikua. Pisua berreskuratu behar dudala. Badakit, eta eman dizkidaten azken pilulekin
bizkortu zait apur bat apetitua. Baina, garbantzuak hogeita hamabost graduko egun batean,
ezta pentsatu ere. Entsalada egingo dut etxera iristean.
Dibortziatzeko zorian geunden zurea gertatu zenean. Tira, esan dizut; azken batean, ez
dakit entzuten didazun ere. Nik eman nuen lehen pausoa. Topiko bat da, baina etxe berean
bizi diren bi ezezagun gara, hara eta hona hitz-aspertu goxoan. Gauza onak ahaztu eta
txarrekin bakarrik gelditzen naizela esaten dit Manuk. Ez da hori.
Zure urtebetetzea igaro arte itxaron behar genuen, ez zegoen presarik, ez gara gaizki
moldatzen. Baina ez da nahikoa gaizki ez konpontzea, ondo konpondu behar zara. Bizi.
Benetan bizi. Konpromisoz barre egiteak asko zahartzen zaitu.
Ez dakit zer gertatuko den hemendik aurrera, pentsatuko duzun bezala, erabakia atzeratu
genuen zurea gertatu zenean. Uste nuen itzulerarik gabeko puntu batean zegoela harremana.
Ia ase nituen aspaldiko egarriak beste norbaiten ahotan. Gertatu zaizunak zerbait aldatu du;
elkartu egin gaitu, Costa Bravako hondartzetan begiradarekin irensten ninduenean bezala,
baina beste modu batean. Estatikoagoa, zementuzkoagoa. Azken urteetan eraiki dugunaren
zutabeetara bat-batean itzuli izan bagina bezala. Hain zeuden hondoratuak, ez nituen ikusten.
Ez dakit. Ez dakit zer gertatuko den sendatzen zarenean. Eta sendatzen ez bazara?
Lorena… Lorena, matte, entzuten didazu?

Uretatik itzuli zirenean gertatu zen Danelena, toallak apur bat gehiago hurbildu eta kartetan
hasi zirenean. Ahalegin handiz begiratu nion orduan. Barruan zeraman munstroaren zeinuren
bat behar nuen. Letagin luzeren bat, begi gorriak, ezkatak. Belauniko jarri zen karta garailea
jaurtitzeko. Barre-irria honi, ukabilkada jostaria hari. Mutil arrunt bat ikusten nuen. Zantzu
ilunik ez begiradan, surik ez ahotik.
Nola bururatu zitzaizun zeure buruari horrelako argazki bat egitea, Lorena. Eta bidaltzea.
Tuntuna izan behar du gero. Tuntuna, kaskarina eta inozoa; erredios. Eta putakume galanta
bestea. Bai zabaldu ere. Horixe dute herri txikiek, esaten nizun. Baina, konponduko genuen,
pasatuko zen, denborak dena eramaten du!
Danelek gominola poltsa handi bat atera zuen. Nolako amorrualdia nirea hori ikustean.
Hain ume, hain normal. Eta zu… Nahikoa gihar izan banu, hurbildu eta epelak entzun behar
izango zituen.
Marrubi gominolak jaten ari zen bata bestearen atzetik, zuri gustatzen zaizkizun
horietakoak, azukrez estalitakoak.
Modu instintiboan erreakzionatu nuen, anbulantziakoek salto egin zenuela esan
zidatenean bezala, ez nintzaion laguntzera joango bestela. Egin behar nuena egin nuela esaten
dit zure aitak.
Argazkia berak zabaldu ez zuela esateko odol hotza ere izan ez zuen ba. Ezin dut sinetsi
parranda eta lagunen kontua, hurrengo goizera arte ohartu ez zenik. Kaka zaharra!
Tuntuna izan behar du gero horrelako argazki bat bidaltzeko, Lorena. Arrisku horietaz
nahikoa jardun genuela uste nuen.
Gominola bat irentsi ostean, kolpetik, hazpegia aldatu zitzaion. Eskuak eztarrira eraman
zituen. Eta, nik,…

—Lorena Martinez?
—Bai, bera da.

Zure zain egongo naiz hemen, matte. Globo eta apaingarri hauek kenduko ditut bitartean.
17:03
Langa batzuk oharkabean igarotzen dira. Beste aldean aurkitzen duzu zeure burua, baina ez
zenuke jakingo esaten noiztik. Atzera egiterik ez dagoela dakizu, besterik ez. Hesiaren
gainean besoak bermatu eta beste alderdian geratu denari erreparatuko diozu; iraganari buruz
eraiki duzun fantasiari behatuko diozu bertatik, eta agian, usaindu. Bat-batean, irudituko
zaizu bertan geratu dela askatasuna, arnasa. Preso sentituko zara igaro berri duzun langa
horren itxituran, eta ez duzu oroituko hala sentitu zinela iraganean ere, langa horren aurretik
beste bat zeharkatu zenuenean. Bizirik irauteko modu bakarra aurrera egitea izango da,
zerrailuaren beste muturrerantz, etorkizun esaten diozun fikzio likidorantz. Ahaztu egingo
zaizulako, berriro, igarotzen dituzun langa guztiek, izan oharkabean izan apropos, itxituraz
itxitura eramaten zaituztela. Nolanahi ere, beste muturrera iristerako eroso sentituko zara
bertan, aske. Beste langa bat igaro duzun arte.

17:03

Emakumearen eskuek ukitu dutenean, langa baten beste aldean ikusi ditu Anitak elkarri
emandako masajeak. Anitak Enekori ematen zizkionak, Enekok Anitari ematen zizkionak,
elkar ukitze hutsak kitzikatzen zituenekoak. Hesi hori iragan zuten unea identifikatzeko
premiaz ekin dio hausnartzeari. Masajea zeregin bihurtu zen egunean izango zen. Baina noiz.
Eskaini ordez eskatzen hasi zirenean, agian, giroa sortzeko musika beharrezko bihurtu
zenean, edo bainugelako krema hidratatzailea nahikoa ez eta the ritual of hammam massage
oil erosi zutenean. Beharbada, pentsatu du, bietako bati bestearen eskuen monogamia
gainezka egiten hasi zitzaionean.
Bukatu dezala lehenbailehen. Uxatu ezinik dabil izpiliku-usaineko gela txikira sartu
denetik buruan darabilen pentsamendu ezkorra. Aldaka-mugimendu sotil batzuez gorputza
eroso jarri duen arren, egonezinak harrapatuta dauka. Eneko tematu zelako dago ohatilan
etzanda, burdinazko egitura hotzari begira. Eneko tematu zelako eta ez ziolako mukerraldi bat
gehiago gehitu nahi izan azkenaldiko liskar-zerrenda luzeari. Animatu zaitez, Anita,
masajerik onena, aromaterapia eta guzti. Deluxe Relaxing Experience.
Esku latzak ditu ba emakume honek, esfoliazio ederra egingo dit. Ez diot zerbikalak
ukitzen utziko, badaezpada, batek daki ze ikasketa egin dituzten hauek.
Berandu jabetu zen Enekoren amarrukeriaz, atzera egiteko berandu zela. Anitaren
baiezkoa jaso eta berehala, berak ere masaje berbera hartuko zuela gaineratu baitzuen:
Kapritxo bat eman beharko diogu ba elkarri noizean behin!, esan zion Enekok, eta Beste
norbaiten eskuek laztandu nazaten nahi dut, aditu zuen Anitak. Ez dut horrelako kapritxorik
nahi, pentsatu zuen Anitak, baina Horixe baietz!, erantzun zion Enekori.
Ez, ipurmasailetan ez; a ze lotsa, granoak nabaritu ditu seguru. Grano horiek atera
zaizkionetik ez dio uzten Enekori atzean jartzen. Uko egin dio larrualdiaren gorena izaten
zenari, plazeraren ur handitan itotako marruekin askatzen zuen guztiari. Lotsa ematen dio.
Zergatik ez? Asko gustatzen zaizu eta. Ez dudalako nahi, eta kito. Interneteko foroetan
jendeak dio egunean ordu asko eserita igarotzen dituzunean ateratzen direla horrelakoak,
bulegoko lan sedentarioaren albo-kaltea. Probatu ditu hainbat krema, probatu erremedio
natural likatsuren bat ere, lehertu ditu pare bat grano; okerrera egin du panoramak, ordea.
Gainera, zauriak dituenetik ezin ditu bizar-xaflarekin moztu ipurtzuloaren inguruan ateratzen
zaizkion ileak. Ilez eta granoz beteriko ipurdia nola utziko dio ba Enekori?
Halere, azkenaldian ez du sexu grina handirik. Kafeinak bezala eragiten dio: ematen
badio soilik eskatzen dio gorputzak. Eroso dago oraingo asexualitatean. Baina horrelakorik
ere ez dio esango Enekori.
Soinean daraman paperezko tanga mugitzen nabaritu duenean, gogoetak kolpera desegin
zaizkio eta masajistaren hatz puntetan bildu zentzumenak. Oharkabean, Eneko irudikatu du
paper-zati erdi gardena soinean, jantziak eta duintasuna hormako kakoan zintzilik utzita.
Betileak ere laztu zaizkio bikotekidearen biluztasuna eta masajista txirikordatzen dituen
proiekzioaren erruz, eta film batean ikusitako amaiera zoriontsuko masaje zentroa etorri zaio
gogora. Mutilaren orduko erekzioaz oroitu denean, erabaki du ez zaiola batere gustatu
itxarongelatik ikusi dituen hiru edo lau langileen egote ederra. Lasaitu da, hala ere, masajea
ematen ari zaion emakumearen errepasoa egitean: itsusia eta nahiko zaharra, eta oso masaje
eskasa ematen ari zaio, gainera. Ateratzerakoan arduradunarekin hitz egingo du, itzela izan
den aitzakian Enekok masajista berbera izan dezan.

—Terapia geotermala emango dizut, oso tenkatuak dituzu bizkarreko giharrak.


—Nola? –Ia lotan zegoen Anita.
—Bizkarra erlaxatzeko harri beroak jarriko dizkizudala.
Harriak, harriak jartzeagatik ordainduko dut. Lehendabizikoa bizkarraren erdi-erdian jarri
dio. Beroa. Sorbalda hezurren parean beste bi. Gorputza urtzen hasi zaio, bare. Gerrialdea.
Hankak. Gora egin du musikaren bolumenak, ate-hotsa. Burua altxatu du astiro, 20 minutu
falta dira oraindik masajea bukatzeko. Harriak jarri eta alde egin ez du ba. Ahaztu egin zaio
Enekori esatea garbigailua martxan utzi duela. Arropak zabaldu beharko ditu bueltakoan.
Adeitsuagoa zen lehen, detailezaleagoa.
Elkarrekin egin zuten lehen bidaiaz akordatu da: Berlin. Hilabete gutxi batzuk baino ez
zeramatzaten elkarrekin bidaia hura antolatu zutenean. Iraila, turismo gutxiago, merkeago.
Itun bat egin zuten: biek gordeko zituzten opor-egunak urtero data horietan elkarrekin bidaia
bat egin ahal izateko. Berlinen pare bat egun egin ostean, Lübbenaura joan ziren Spreewald
natur parkea ezagutzeko. Oroitzapenek diote dena izan zela zoragarria: tren-bidaia, etxetxoak,
ur-kanalak, garagardoa, garagardora etortzen ziren liztorrak; dena ezti eta kuttun, baita
aleman hutsean zeuden kartetatik
eskatutako jakirik lirdingatsuenak ere. Barne-turismora bideraturiko lekua zen
Brandenburgoko eskualde hura, eta bertakoek errusiera zuten bigarren hizkuntza eta ez
ingelesa. Iritsi eta berehala taberna batean wifirik bazegoen galdetu zuten ingelesez, baiezko
erantzunarekin eseri ziren terrazan tren-txartel batzuk online erosi eta kafea hartzeko asmoz;
hara non azaltzen den zerbitzaria bi kopa ardo zurirekin: white-wine, wi-fi. Orduan egin
zituzten algarak gogoratuta barrezka hasi da Anita. Ardo zuria sabelean joan ziren wifia
zeukan lekuren baten bila.
Biek diote bidaia ahaztezina izan zela, baina ez dute horrelakorik errepikatu. Berak,
Anitak, hautsi zuen akordioa lehendabizi, ama gaixotu eta opor-egun guztiak udaberrian hartu
behar izan baitzituen hura zaintzeko. Urtebete geroago, ordea, Eneko izan zen, Anitak
ezinbestean hautsitakoa betirako ezereztuta-edo, zer eta lagunekin surf egitera Maldivetara
joateko. Sekulako eskaintza aurkitu omen zuten, Horrelakoak bizitzan behin suertatzen dira.
Anitak ez dio saldukeria barkatu, galduta dituen eztabaidetan erabiltzen duen arma nuklearra
da. Boom!
Atearen kirrinka hotsak ohatila gainera ekarri du atzera. Emakumeak harriak kendu
dizkio eta ezer esan gabe jarraitu du masajearekin. Ez al dit galdetuko zer moduz nagoen?
Lehen baino indar handiagoz ari da; gainera, olio asko bota dio bizkarrean, eta eskuaren
kontaktua ez zaio hain latza egiten ari. Esku-ertzekin kolpetxoak ematen hasi zaio, eta
Enekok ere hala egiten zuela oroitu du.
Izan dituen harreman guztiak okertzen hasi dira hiru urteren muga igaro ondoren.
Enekorekin bestela izango zela uste zuen. Hau bai. Bera da. Nire bera da. Duela aste batzuk,
kopa bat ardoren ezinbesteko konpainian Hiru urteko krisialdia gainditzeko trikimailuak
tekleatu zuen nabigatzailean. Izenburu horixe bera zuen artikulu bat irakurtzen ari zela iritsi
zen Eneko, ez zuen pantaila beste leiho batera aldatu. Krisialdian gaudela iruditzen zaizu?
Hitz egin zuten luze eta sakon. Berak hitz egin zuen, Enekok esateko gutxi baitzuen. Baina
nola sentitzen zara? Nola ikusten duzu gure harremana?, errepikatu zion Anitak. Ondo,
gustura. Maite zaitut.
Alferrik ari zela onartu behar izan zuen eta, harremanaren gainbeherari atea zabalduz,
hura ez oztopatzea erabaki zuen. Onartu nahi ez duen arren, badakielako urtebeteko kontua
izango dela gehienez ere, bietako bat bestearentzat gogaikarri hutsa bihurtzen den arte.
Aurrekoekin gertatu zitzaion moduan. Harremana oraintxe etetea izango litzateke egokiena,
amaieraren hasiera honetan, baina indarra behar da bizimodu erosoa zaborretara botatzeko.
Beste pisu bat bilatu, etxe-aldaketa, azalpenak… Gainera, orain egiten badu bera izango da
bestearen bihotza zartatuko duena. Hobe higatzen utzi, Eneko ere nazkatu arte.
Modus operandi honi eusten dio, baina ez inoiz funtzionatu diolako. Beti azaltzen baita
beste norbait. Eta orduan, harekin harreman bat hasteko –edo klandestinitatean hasitakoari
ofizialtasuna emateko– bikotea uzten duenean, bera bihurtzen da gaiztoetan gaiztoena; eta,
beraz, jasandako azken hilabeteek zentzua galtzen dute. Baina hor dago berriro ere, bukatuta
dagoena bukatu ezinik. Indar faltagatik, ausardiarik ezagatik, edo tarteka baduelako dena
konponduko den esperantza; edo, agian, iruditzen zaiolako beste gizonezkoen begietan
erakargarriagoa izango dela bikotea baldin badauka.
Bukatu du bizkarraldearekin, pasatu da zerbikaletatik eta burua masajeatzen ari zaio
orain. Anita ez da ezezkorik esatera ausartu zerbikaletara heldu denean. Ausardia falta. Hori
leporatzen zioten bikotekide ohiek, beste irain askoren artean, jakiten zutenean beste
norbaitengatik utziko zituela. Harremana lehenago eten ez izana bizkarreratzen zioten.
Arrazoi zuten. Baina ausardia ez da derrigor biziraupenaren lagun. Beharbada, etxera iristean
Enekorekin hitz egin beharko luke. Baina, gero, maletak egin beharko lituzke eta alde egin;
eta arropak garbigailuan daude, bere titietako gustukoenak daude bertan, eta ezin du titietako
horiek gabe alde egin. Biharko utziko du. Edo etzirako beranduenez.
—Bukatu dugu –esan dio masajistak.
—Hartu lasai behar duzun denbora altxatu eta janzteko. Mila esker. Oso gustura egon
naiz.

17:03

Kalez nahastu da. Bosgarrengo aldiz goizeko zazpi eta erdietan hasi denetik. Behar baino
lehen hartu du eskuinera, eta, orain, norabide bakarreko kale batean aurrera egin beharra
dauka Silviok. Akatsaz ohartu denean, kolpe lehor bat eman dio bi eskuez furgonetako
bolanteari. Púchica! La gran púchica! oihukatu eta beste kolpe sorta batez astindu du larruzko
biribil beltz koloregabetua.
Kale horretan bertan aurkitu duen zamalan-gune batean utzi du furgoneta, errazena
paketea oinez eramatea izango da. Trafiko izugarria egoten da arratsaldeko ordu horietan,
lanetik etxera bueltan gehienak. Berandu amaituko du berak.
Entregatu beharreko paketearen tamaina ez dator bat duen pisuarekin eta bizkarra
txikituta eta biraoka iritsi da ezkaratzeraino. Txirrina jo du. Ez du inork erantzun. Telefonoz
deitu dio jabeari, eta hark eskatu bezala 2B-ko gizon hitz-totelari utzi dio paketea, hainbat
kexa ulertezini estu erantzun ostean.
Lasterka itzuli da ibilgailura: gaurkoez gain, bezperako pakete batzuk ditu entregatzeko
oraindik ere, eta dagoeneko badaki ez diola dena egiteko astirik emango. Nagusiak garbi utzi
dio zer gertatuko zaion beste erreklamazioren bat jasotzen badute. Alferrik mintzatu zaio
Silvio esleitzen dioten entrega kopuruaz edo hiriko semaforo eta trafikoaz; trufaka eskegi du
telefonoa nagusitzat duen Callopistes maculatus muskerrak. Paperak lortutakoan
biologia-ikasketek zerbaitetarako balioko ziotela sinetsi ez zuen ba garai batean.
Paperak.
Barneratu ezinik dabil larrua beltzegia eta espainola desberdinegia izango dituela beti
bertakoentzat; onartu nahian, legalitatea juridikoa ez ezik soziala ere badela. Irribarrea
garraztu egiten zaio paperak araupetu zitueneko ospakizun-festa gogora ekartzen duen
bakoitzean, egun hartan sentitzen zituen askatasuna, lasaitasuna eta paperik gabeko
lagunekiko handikeria hura irudikatzean. Ergela. Urtea beteko da laster paper madarikatu
horiek eskuratu zituenetik, eta ez du orduko eta oraingo egunerokotasunaren argazkietan
desberdintasunik aurkitzen.
Despistatuta harrapatu du nagusiaren deiak. Ondo ari naiz. Bai, gaur bukatuko dut.
Bezperan, amak galdetu zionean ea bazkalorduan hiriko beste muturrera eramango al zuen,
baiezkoa erantzun zion Silviok, nahiz eta otordurako tarterik ez izan. Berdin gertatu zitzaion
lan hura aurkitu zuenean, ez zuen indarrik bildu autonomo gisa hartuko zutela esateko;
lan-karga handia zeukatenean soilik deitzen ziotenik ez zekien amak, ezta aurrekoan
furgonetari eman zion kolpe txikiaren konponketa bere soldatatik ordaindu beharko zuenik
ere.
Ama.
Nahikoa zuen etxe horien guztien garbiketekin eta arratsalderako aurkitutako lanarekin;
zertan hasi zela esan zion? Formicidae gaixoa, ama, txindurritxo langile eternala; haren
kontsolamendu bakarra semeak behintzat ganorazko lan bat zuela jakitea zen. Horregatik,
bezperan laguntza eskatu zionean, Silviok ez zuen zalantzarik egin. Etxe batean ohi baino
luzeago joan zitzaizkion lisaketa-lanak, eta, eramaten ez bazuen, berandu iritsiko zen
arratsaldetako lan berrira. Zergatik utzi ote zuen atso hura zaintzeko lana? Gaizki tratatzen
zuela zioen. Zer espero zuen ba: andre maitagarria izango balitz, senideek zainduko lukete
gehiago eta langileek gutxiago. Gainera, amak etorri nahi zuela esanaz deitu zionean, Silviok
garbi utzi zion hemengo egoera ez zela hangoa baino askoz ere samurragoa izango. Baina
tematu egin zen emakumea, ondo egongo zela amonatxoren bat zaintzen, besterik egiten ez
zekiela. Zaindu. Zeure burua ez beste denak, pentsatu zuen Silviok.
Hurrengo paketea hartzeko gorputza furgonetaren barnealderantz makurtu duenean,
krakatekoa nabaritu du gerrialdean. Kausa-efektu erlazioa. Atsoaren zaintza-lanak utzi eta
lotarako lekurik gabe geratu zen ama. Eta berak, nola ez, etxea eskaini zion. Pisukideek
muturra okertu zuten etxean zortzigarren bati lekua egin behar izateagatik. Ama-estatusa izan
emakumeak, eta onartu egin behar. Egoera berriak ez zuen Silvio bera ere batere
gogobetetzen: etxean ez ezik logelan ere hartu behar izan baitzuen. Ohea amari utzi eta
lurrean lo egiten hasi zen, neguko beroki batzuez inprobisaturiko ohatze batean. Beste lan bat
aurkitzen dudan arte, errepikatu zion elkarrekin egindako lehen gauetan, bien arteko
altuera-desberdintasunak, kokotserainoko mantak eta kaleko farola baten argi apurrak
ezkutatu ezin zuten ahots errudunaz.
Airean geratu ziren hitz horiek, logelako sabaitik zintzilik. Berandu baino lehen aurkitu
zituen lanak ez ziren langile egoiliar moduan izan; eta, hala, garbitzen zituen etxeetako
batetik ekarritako estera zaharrak iradoki zion amak ez zuela bizikidetza-egoera aldatzeko
intentziorik. Horrela hobeto egingo duzu lo. Silviok komentatu zion egoera luzatzen bazen
egokiagoa zatekeela bakoitzak bere logela izatea, eta, esaldia amaitu aurretik, sutu egin zen
ama: berak ez zuela lanik egingo hemengo jauntxoak beren neurrigabeko alokairuekin
aberasteko, ahalik eta diru gehien bidali behar zutela Guatemalara.
Guatemala.
Han daude bi anaiordeak, ama eta biak jotzen zituen putasemea utzi ondoren ama eta
biak jotzen zituen beste putaseme batekin izandakoak. Amaren izeba baten etxean bizi dira
orain. Bi putasemeengandik ihesi, hiru semeekin eta esku-hutsik joan zen harengana.
Abokatu bat ordaintzeko
dirurik ez duten emakumeak, etxetik gosea uxatzeko lain ere ez dutelako.
Lasaituko zen ama diru-kontuekin. Hasieran, zeukan guztia bidaltzen zuen Silviok berak
ere. Huehuetenangora begira bizi zen, edo, hobeto esanda, ez zen bizi. Greta azaldu zen arte.
Gretak ekarri zuen bizitzara, bizitzera. Guatemalan gutxiagorekin ere moldatuko zirela
sinetsita, garagardo, afari eta zinema-sarrerak oparitu zizkion bere buruari; lantzean behin
hasieran, sarriago ondoren. Gretak ez zuen bere soldatarekin beste inor zaindu beharrik, eta
dena ordaintzeko prest agertzen zen; Silviori, ordea, lotsa ematen zion eta ezezkoan tematzen
zen. Lasai, gizona mantentzen duen emakume asko dago hemen!, esaten zion neska-lagunak
barrez, hitz-jario maliziatsuan.
Greta.
Hankekin lurra ukituko ez balu bezala mugitzen da, lirain eta printzel. Greta oto, bere
kristalezko tximeleta. Suminduta dago. Elkarrekin gela bat alokatzekoak ziren amarena
gertatu aurretik, plana atzeratu behar izan zuten. Behin-behineko egoera zena, iraunkortzen
ari da ustekabean. Pare bat asteko kontua izango da, errepikatzen dio Gretak, trufari,
larrutako lekurik ez dutenetik ematen dituzten paseo luzeetan. Silviok badaki, nolanahi ere,
hori ez dela Gretaren haserrealdiaren arrazoi nagusia. Ez dio oraindik aurkeztu ama. Lehen,
langile egoiliarra zen aitzakia jartzen zion, eta, orain, benetako zergatia azaltzen dio:
Guatemalara diru gutxiago bidaltzearen errua Gretari leporatuko dio amak, eta berak ez du
halakorik gertatzerik nahi, ikusiezina eragingo diolako, eta zinez maite du berak –maite
zaitut, Greta–, amak begiko izatea nahi du. Orain artean neska-lagunak ulerkor jokatu
izanagatik, pazientzia gainezka egiten ari zaio; eta egoera asko luzatzen bada, Greta galduko
duen beldur da Silvio. Greta oto. Amari gela utzi behar duela esan edo ez esan erabaki ezinik
dabilela, sekulako sustoa eman dio telefonoak.
Eneko Astiz.
Eskegi bezain azkar, zerrendan izena bilatu eta google mapsen begiratu du helbidearen
lokalizazioa. La gran púchica!, oihukatu du ordulariari begiratu dionean. Ezinezkoa izango
zaio seietarako iristea: tartean banatu beharko lituzkeen guztiak utzita ere, ez da ailegatuko.
Pakete hori bezperan entregatu behar zuen berez, ama eramateagatik banatu gabe geratu ziren
horietakoa da. Mehatxua bete eta Amazoni erreklamazioa jartzen badio, kaleratu egingo dute.
La gran púchica!
Lehen martxa sartu du. Enbragea azkarregi askatu eta ia jo du aurrean duen autoa. Ezin
du lana galdu. Bigarren martxan. Hirugarrena. Semaforoa laranja dago, azeleratu egin du
eskuinera biratu ahal izateko. Lepoko garesti hura erosi nahi dio Gretari urtebetetzeetarako.
Gorria parez pare. Behatzekin bolantea jo du urduri. Dirua behar du. Oinezkoen semaforoa
dardarka dagoela ikusi eta azeleratzen hasi da. Bigarren martxa. Ezkerrera. Bozina jo dio
aurreko autoari.
Motelegi doa. Zer esango dio amari. Eskuinetik aurreratu du. Hirugarren martxa. Berriro
ezkerrera. Desengainu handia hartuko du. Beste semaforo gorri bat. Berde dago baina aurreko
autoa ez da mugitzen. Bozina. Eskuinera biratu du berriro. Ezin du lana galdu. Semaforoak
berde daude eta azeleratu egin du. Telefono-hotsa. Esku librekoa konektatzea ahaztu zaio.
Callopistes maculatus, nagusi musker mukerra. Makurtu egin da ondoko eserlekutik
telefonoa hartzeko. Begirada jasotzean, batera etorri zaizkio semaforoaren gorria, ezkerretik
etorri den autoak emandako kolpearen hotsa eta mina. Gorria. Odola. Burrunba. Ezin du
hanka bat mugitu. Silvio hor zaude?, entzuten du telefonoaren beste aldetik. Istripu bat izan
dut, erantzun dio enkargatuari ahots etenaz.
Istripua.
Joder, berriro? Paketeren bat hautsi da? Anbulantziaren hotsak ez dio nagusiaren azken
esaldia entzuten utzi. Ez, ez daki zer gertatu den. Bai, badaki nor den. Ez, ezin du hanka
mugitu. Bai, amari deitzea nahi du. Eta Gretari. Kolpearen eraginez furgoneta deformatu egin
dela eta ezkerreko hanka trabatuta geratu zaiola esan dio anbulantziako medikuak, lasai
egoteko, berehala etorriko direla suhiltzaileak. Eta ez mugitzeko, buruan kolpe handia hartu
duela. Amari deitu, nire amari deitu. Tentelduta sentitzen hasi da Silvio. Erizainak Silvioren
mugikorra hartu eta amari deitu dio, baina hark ez du hartzen. Berriro saiatu da, ezer ez.
Suhiltzaileak. Zarata. Mina. Tximeletak. Logura. Odola. Tximeletak eta txindurriak, eta
logura. Ohatila batean jarri dutela nabaritu du azkenean. Anbulantzia barrura daramate. Ateak
itxi aurretik, bere furgonetari erreparatu dio: ezagutzen ez duen pakistandar bat dabil
paketeak beste furgoneta batera sartzen, berea bezalako elastikoa jantzita.

17:03

Erlojuari begiratu dio, laugarren aldiz Anita joan denetik. Garbitu berri dituen bi ardo-kopak
sukaldeko trapu baten gainean buruz behera utzi eta eskuak lehortu ditu. Sukaldeak eta
egongelak eremu bakarra osatzen dute Anita eta Enekoren etxean. Sukalde erabat zuriaren eta
altzari marroi ilunez eraikitako egongelaren arteko trantsizioa urki argi koloreko mahai batek
egiten du. Ardo-kopak mahai gainekoekin sintonian kokatu ditu: bi mahai zapi txiki, bakoitza
laukizuzen formako plater eta zotz japoniar pare banarekin. Kopa bat hartu eta, elastikoaren
azpialdearekin ur-orban txiki bat garbituta, bere lekuan utzi du berriro ere.
Aulki batean eserita, Amazon Shopping aplikazioan sartu da eta, eskuarekin lepoaren
atzealdea igurzten duela, paketea zein banaketa-enpresak ekarriko duen begiratu du. Lepoa
utzi eta azkazalak jaten hasi da banaketa-enpresaren telefonoa bilatu bitartean; baina, bertara
deitzeko ikur berdeari sakatu behar dion unean, soinu batek arreta piztu dio korridorearen
beste aldetik. Mugikorra egongelako mahai gainean utzi eta norabide horretan abiatu da.
Atzean utzi du lanerako erabiltzen duten gela, atzean logela, eta, ezkerretara dagoen atea
gurutzatuta, garbigailuaren gelatxora sartu da.
Sorbaldak goratuta hasperen egin du makinaren ate biribila irekitzean. Denboraz larri
dabil, baina ezin ditu zabaldu gabe utzi. Bere elastiko bat hartu du lehendabizi, eta astindu
txiki bat eman dio eseki aurretik. Anitaren praka batzuk izan dira hurrenak, eta kontu
handiagoz zabaldu ditu horiek, lauzpabost harroaldiren ondoren. Operazio berbera errepikatu
du janzki bustien saskia hustu duen arte: astindu txiki bat bere arropentzako, fundamentuzko
lauzpabost astinaldi Anitarenentzako; pintza bat bere elastikoentzako, bi pintza –ez
herdoildu– neska-lagunaren oihaleriarentzako.
Pauso bizian itzuli da egongelara eta mugikorra hartu orduko banaketa-enpresara deitu
du.
—Amazonek esan zidan atzorako iritsiko zela.
Lurra erritmikoki jo du oin batez telefonoaz bestaldeko azalpenak entzun bitartean.
Ezezko keinua buruarekin.
—Arratsaldeko seiak baino lehen behar dut hemen, erreklamazioa jarriko dut bestela
–esan du lehen baino ozenago, libre daukan eskua astinduz.
Bueltaka hasi da mahaiaren inguruan, buruarekin ezezko keinuak etengabe errepikatuz;
harik eta egongelako altzari baten ondoan geratu den arte, papertxo batean bederatzi zenbaki
elkarren jarraian idazteko.
—Nik ez diot zertan banatzaileari deitu, zuen langilea da, zeuek konpondu.
Hasperen egin du deia bukatzean, eta telefono-zenbakiari begira geratu da. Behar du
oparia Anitari proposamena egiteko. Egongelako paretako erlojuaren eta papertxoan daukan
telefono-zenbakiaren artean mugitu du begirada, tenis partida bateko ikusleak nola eta,
madarikazio artean zenbakiak telefonoan tekleatuta, ikur berdea sakatu du.

Gutun azal hori bat atera du kontu handiz logelako leiho ondoan dagoen apalategiko liburu
artetik. Samurtu egin zaio aurpegiera lehorra. Barrukoak atera, eskuz idatzitako folio zuri bat
hegazkin txartel batzuetatik bereizi, eta ahots goran irakurri du:

Badakizu zeinen zaila egiten zaidan sentitzen dudanaz mintzatzea, baina gaur garden
agertuko natzaizu.
Maite zaitudalako. Zure ni naizelako eta nire zu zarelako.
Nahi dugun hura, irudikatzen dugun guzti-guztia izango dugulako etorkizun.
Sentitu dezagun ba lortu nahi dugun hori egia bailitzan eta bizi dezagun dena oraindik
bertatik. Itxaron gabe bihar arte, edo larunbat arte, edo Pragara joan arte.
Maite zaitut, Anita. Izugarri pila maite zaitut.

Boligrafo bat hartu eta orriaren beheko aldean, eskuinean, bere izena eta data idatzi ditu.
Gutuna lehengo lekutik arretaz tolestu eta gutun-azal horian sartu du, Pragarako
hegazkin-txartelekin batera. Bi eskuekin heldu dio eta tarte labur batean hari begira egon da,
zutik, geldirik. Garden agertuko natzaizu, gaurtik aurrera. Bat gatoz, bat etorri behar dugu.
Maite zaitut. Korridorea zeharkatuta gutun-azala mahai gaineko plateretako batean utzi du,
ordulariari berriro begiratu aurretik.
Bi txalo jo eta amantala hartu du. Lotzen duen bitartean, sukalde-gainekoan dagoen
sushia egiteko liburu batean jarri du arreta guztia. Anitaren jakirik gustukoena. Arroza, nori
alga eta izokin gordina liburuan bezala banbuzko estera txiki batean kokaturik maki bat
egiten saiatu da. Lehen, jatetxe japoniarrean ospatzen zuten bizitza. Alga egoki bildu ez eta
arroza sakabanatzen hasi zaionean, sabaira begiratu eta biraoa bota du. Ez dira aspaldi joan.
Egiten ari dena utzi, eskuak garbitu eta logelarantz hartu du; baina, iritsi eta berehala,
behatzak klaskatu eta buelta eman du, egongelako armairu bat ireki eta ardo botila bat
ateratzeko. Botilaren aurpegi guztiak aztertu eta etiketa irakurri du adi-adi, bere lekuan utzi,
eta, beste botila bat hartuta, gauza bera egin du. Hau bai, esan du bere kolkorako. Maturana
zuria: azidoa eta freskoa, glizerikoa, egitura oparo eta iraunkortasun handikoa. Botila ireki,
ardoa usaindu eta mahai gainean utzi du.
Gelara joan eta tableta hartuta itzuli da. Sushia egiteko tutorial bat ikusten hasi da aulki
batean eserita.
Ezustean harrapatu du txirrinaren hotsak; ordulariari begiratu, eta lasaitu egin da. Mantso
ireki du hala ere atea, eta, nahikoa leku egon denean, burua atera du, kanpokoak barnealdea
ez ikusteko moduan.
—Mireia.
—Uste nuen Anita egongo zela etxean.
—Bakarrik nago. Sartu nahi?
Pauso zalantzatia eman du Mireiak, baina ate ondoan gelditu da.
—Ardoarentzako kopa bat eskatzera etorri naiz; bi hautsi zaizkit ontzi garbigailutik
ateratzean, eta bakarrarekin geratu naiz, badakizu zeinen baldarra naizen…
—Zerbait ospatzeko duzue Aitorrek eta biok?
—Sorpresa bat eman nahi nion, besterik gabe. Zuk ere ideia berbera izan duzula dirudi.
—Bai.
—Zer moduz zaudete?
—Hobeto azkenaldian, tira, ez duzu kopa itzuli beharrik.
Bere burua erortzen utzi du aulkian, itxi berri duen ateari so. Garden agertuko natzaizu,
gaurtik aurrera.

Sushia egiteko tutorialaren iraupena begiratu ondoren, play ikurra sakatu du. Hirutan
aurreratu du bideoa. Amantala berriro jantzi eta bigarren saioari heldu dio. Itxurosoa atera
zaio oraingoan izokin-makia eta garaile astindu ditu besoak.
Mahaiari begiratu dio sukaldetik. Mugimendu azkarrak eginez, bi aulkiak zuzendu eta
aurrera mugitu ditu doi bat, berriz kanpora, eta, azkenik, guztiz sartuta utzi ditu mahaiaren
azpian. Gutun-azal horia kopa baten kontra jarri du tente. Sarrerara hurbildu eta atearen
kontra jarri du bizkarra. Ezezko keinua buruaz. Mahaira itzuli eta sobrea Anitaren plateraren
gainean ipini du. Aulkiak mahai azpitik atera eta hamar bat zentimetrora utzi ditu. Eskuak
igurtzi eta erlojuari erreparatu dio beste behin, garaiz iritsiko dela esan dio banatzaileak.
Pauso lasaiagoan, sofan eseri da. Mugikorra hartuta, hankak dantzan, azazkalak ahoan.
Mireiaren zenbakia bilatu du, haren argazkia azaldu zaio kontaktuaren biribiltxoan. Irudia
handitzen saiatu da, baina mugikorrak ez dio aukera hori ematen. Irribarrea garbi ikusten zaio
hala ere, Mireia beti irribarretsu, distiratsu.
Argazki galeriara jo du eta hiru urte egin du atzera; orduan maitemindu zen Anitarekin,
orduan ez zen Mireiarik existitzen. Irudiak pantaila handian jarri gabe, guztiak ikuskatzen
aritu da. Argazki batean pausatu eta pantaila handian jarri du: Anita eta biak barrez lehertzen
terraza batean, eskuetan kopa bana ardo zuri. Maite zaitut, Anita. Izugarri pila maite zaitut.
Irribarretsu egin du aurrera, hatzarekin pantaila behetik gora igaroz. Bederatzi hilabete
geroagoko argazki batean gelditu da orain: egongela batean azaltzen dira biak, jendez
inguraturik eta elkarrekin dantzan, besarkatuta. Argazkiak aurrera pasatzen jarraitu du, eta
beste argazki bat pantaila osoan jarri duen unean jo du txirrinak.
Beste garaipen-keinu bat egin du paketea ekarri dion banatzaile pakistandarri eskerrak
emanda atea itxi ostean.
17:03

Bi. Bi masaje besterik ez dizkiote esleitu gaur ere. Beste lanetan baino hobeto ordaintzen
diote, eta, horregatik, merezi du bertaraino hiria gurutzatzea. Baina, bi eman beharrean lau
emango balitu, uko egin ahal izango lioke taberna zikin hori goizaldeetan garbitzeari; eta,
batez ere, taberna baino nardagarriagoa den nagusia aguantatzeari. Gizonak beti gizon,
Guatemalan eta hemen, erantzun zion izebari astean behin egiten dituzten deietako batean.
Eskuak masaje-olioarekin igurtzi ditu Delfinak. Esku-barrenetako babak nabaritzean,
pentsatu du tabernako lurra lanbasarekin hain gogor igurtzi beharko ez balu eskuek ere
leuntasun apur bat berreskuratuko luketela. Ohatilan etzanda dagoen neskak laztasuna
nabarituko ote duen kezkarekin hasi zaio hanketan masajea ematen. Silviok ezetz esaten dio.
Badaki, ordea, semeari lastima ematen diola, eta masajea lixarekin emanda ere erantzun
berbera emango liokeela hark.
Zurruna zer dago ba neska hau goitik behera. Bezero askori kostatzen zaio hasieran
erlaxatzea, baina neska bereziki estu dago. Zer gertatuko ote zaio. Aspaldi ulertu zuen
gorputzetik mintzo garela, gorputza dela lengoaiaren eroalea. Gogoratu du izeba zaharra
auzokoaren telebistari begira, hiru gizonezko klima-aldaketari buruzko hitzaldi bat ematen.
Mahai baten atzean ageri ziren, eserita eta mikrofono bati hitz eginez. Horrela hitz egiteko
gaitasuna izan nahiko nuke, esan zuen Delfinak bukatu zutenean. Hitz egin?, oihukatu zuen
izebak, horiek hitzak esaten ari dira, gorputzik gabe ezin da ezer komunikatu! Gorputza,
Delfina, ez gara ezer gorputzik gabe.
Ipurmasail ingurura iritsi denean, grano mordoxka batekin egin du topo. Parean daukan
gorputz gaztea oraindik eta gehiago uzkurtu da; paperezko tanga pixka bat egokitu eta
gerrialdera pasatu da. Ipurdian granoak zituelako jo zuen behin Silvioren aitak, ordu txikitan
tabernatik etxeratzean bortxatu zuen batean. Zakila moteldu zitzaion, eta errua Delfinari eta
bere ipurdiko granoei botata, izugarrizko matrailekoa eman zion. Garai hartan, normalagoa
zitzaion aurpegia minduta edukitzea, ez edukitzea baino. Hamabi urterekin ezkondu zuten
putakume harekin, haurdun zegoelako, hark bortxatu zuelako noski. Huehuetenangoko
lurrezko bideak zeharkatzen zituen negarrez. Ez zion lau urtean ama ikusten utzi.
Hotzikara batek zeharkatu du, eta ezezko keinua egin du buruarekin, gerrialdea
masajeatzen jarraitu duen bitartean. Nola ez zuen ikusi. Nola ez zuen ikusi Mario eta
Jonathanen aita ere horrelakoa zela. Kalean ezagutu zuen Diego, bataren artisau-lanen postua
eta bestearen aperitiboena elkarren ondoan jarrita. Han kontatu zion Silvioren aitak nola
tratatzen zuen. Ez lehendabiziko astean, ezta bigarrengoan ere. Huehuetenangoko huipil
ederrenak egiten zituela esan zion egunean izan zen. Berekin alde egiteko eskatu zion
Diegok. Eta alde egin zuten. Zegoen moduan egonda, arloterik arloteenarekin ere joango
litzateke pozarren, eskurik lohienaren laztanak ere eskertuko lituzke. Baina, kale-kantoi
hartan, atole eta huipil artean irudikatu zuen bizimodu erromantiko berria trabatzen joan zen
Diegok lanik aurkitzen ez zuen egun bakoitzeko. Gizonak ezin zuen eraman etxeko ekonomia
Delfinak mantentzea; ezina amorru bilakatu zitzaion zurrunbilo etiliko apartsuan, aurrekoaren
jipoirik bortitzenak gainditzeraino. Hain zara patetikoa, zortzi urteko zure semeari ere lastima
ematen diozu! Delfinaren gibelean iltzaturik jarraitzen du kolpe eta malko artean entzun zuen
esaldi horrek; nola deuseztatu, nola suntsitu, oraindik ere Silvioren begiradari erruki berbera
badario. Silviok jasotako jipoi batek eman zion izebarengana alde egiteko behar zuen indarra.
Mugikorraren argi isilak Guatemalako oroitzapenak itzali eta izpiliku-usaineko gela
argiztatu du. Hanka-puntetan jarri da Delfina, deika dabilena Silvio dela ikusi ahal izateko.
Ahaztu egingo zitzaion lana nuela. Ilundu bezain laster piztu da pantaila berriro ere. Silvio.
Orduari begiratu dio Delfinak: bost eta erdiak pasatuta. Hirugarrengoz Silvio deika duela
ikusi duenean, kezkatu egin da eta zerbait egin behar duela erabaki du.
—Terapia geotermala emango dizut, oso tenkatuak dituzu-eta bizkarreko giharrak.
—Nola?
—Bizkarra erlaxatzeko harri beroak jarriko dizkizudala.
Lasaitasun eta normaltasun itxurak eginez jarri dizkio harri beroak bizkarrean, bakoitza
non jarri behar duen zehazki jakingo balu bezala. Harriak amaitu zaizkionean, musikaren
bolumena igo eta gelatik atera da.
—Zer gertatu zaiola Silviori?
Erizainak gertatutakoa kontatu dionean, gorputz osoa ikaratu zaio, ahaztu egin zaio
komun baten barruan ezkutuko dei bat egiten ari dela; eta ozenegi ari dela ohartuta, ahoa
estali du esku batez, telefonoz bestaldekoak informazio gehiago ematen dion bitartean.
—Baina ondo dago? Harekin hitz egin nahi dut!
Komunak hartzen duen metro koadroan biraka dabil Delfina. Semeak hanka batean
haustura desplazatu bat duela eta sedatu egin dutela, ebakuntza egin beharko diotela, buruan
ere baduela kolpe bat, baina ez dirudiela larria, hala ere, proba batzuk egin beharko dizkiotela
barne-odol-jarioak baztertzeko, joateko lehenbailehen ospitalera.
Poliki ireki du masaje-gelako atea, mugikorra lehengo lekuan utzi, eta harriak kendu
dizkio banan-banan ohatila gaineko emakumeari. Profesionaltasunari eutsi nahian, bi aldiz
saiatu da zer moduz dagoen galdetzen, baina malkoz beterik dauka eztarria, eta ez da gai izan.
Olioa hartu eta, eskuak dardara batean, gehiegi isuri du neskaren bizkar biluzian. Alde egin
nahi du. Korrika atera eta semearen eskuari heldu. Baina alde egiten badu, lana galduko du.
Eta lan hau galtzen badu, bi edo hiru etxe gehiago garbitu beharko ditu; edo okerrago: beste
atso petralen bat zaintzen hasi. Gainera, sedatuta dagoela esan diote, eta bizitza arriskuan ez
duela ziurtatu; ebakuntza egiten badiote, zain egon beharko du kanpoan. Emozioak irentsiz
hartu du erabakia: geratzen zaion beste masajea emandakoan joango da.
Haragia indartsuago sakatuta ere ez du dardara menderatzea lortzen, eta eskuen
ertzarekin kolpetxoak emanez jarraitu du masajearen azken txanpan. Eskerrak Silvio
kontratupean dagoen; duela hilabete batzuk gertatu izan balitz, diru-sarrerarik gabe eta lanik
gabe geldituko zen gizajoa istripuaren ondoren. Benetako ohe batean egingo du lo behintzat,
pentsatu du irribarre mingots batez; eta Silvioren neska-laguna etorri zaio gogora bat-batean.
Duela aste batzuk ezkaratzetik ateratzen ikusi zituen biak, lanetik ohi baino lehenago bueltatu
zen batean. Gainezka egiten zien zoriontasunak. Gaur kontatuko dit, esaten dio bere buruari
egunero; nahiz eta gaia zeharka ateratzen saiatu den, Silviok ez du aipatu ere egiten. Ondo
tratatu dezala, erregutzen du gaueroko otoitzetan.
Semearen konfiantza faltak tristura sortzen dion arren, pozik dago harekin ikusi zuelako.
Erruduntasuna arindu egin zaio bederen. Neskak zainduko du bera joaten denean. Silviok ez
baitaki ezer bere intentzioez. Ez daki zergatik ez duen beretzako gela bat alokatu nahi, ez dio
kontatu masajeak emateko lana aurkitu zuenean –eta irabazi zezakeen diruaz ohartu zenean–
zer bururatu zitzaion: diru nahikoa bildu ondoren, Guatemalara bueltatuko da. Han negozio
bat irekitzeko lain duenean. Bi txikiek bere beharra dute, eta berak ere behar ditu haiek.
Nola egongo ote da nire mutil gaixoa, seiak dira hormako erlojuan. Eskerrak bi masaje
baino ez dizkidaten esleitu gaur. Astiro, manta kendu dio ohatilan dagoen neskari eta
adeitasun handiz mintzatu zaio:
—Bukatu dugu. Hartu lasai behar duzun denbora altxatu eta janzteko.
—Mila esker. Oso gustura egon naiz.
Eskerrak
Eskerrak eman nahi dizkiet bide luze honetan lagundu didaten guztiei, konbertsazio, iritzi,
bultzadatxo horiek gabe ez nintzatekeen honaino iritsiko; baina, bereziki Uxue, Harkaitz eta
Imanoli, lagundu didazuelako ikasten eta lagundu didazuelako ikusten.

You might also like