"Lapur taldearen aurka 189 aktuazio egin diren arren, aske jarraitzen dute; kokoteraino gaude"

Xabi Gorostidi 2019ko mai. 8a, 12:31

Herriko lapurreta gehienak eragin dituen taldearen "inpunitatearekin amaitzeko" Gipuzkoako Fiskaltzari gutuna igorri zion astelehenean alkateak. Bertan batutako datuen berri eman dute gaur: 16 lagunek osatutako taldea da –tartean bi adin gabeko–, denak Arrasaten bizi dira, eta guztira 189 aktuazio egin dira euren aurka. "Horietako batek 42 aktuazio jaso ditu, baina hala ere, aske geratzen jarraitzen du". 

Duela hilabete Gipuzkoako Fiskaltzarengana joko zuela iragarri zuen Udal Gobernuak, herrian lapurreta gehien eragin dituen lapur taldeak duen "inpunitatearekin amaitzeko". Hala, astelehenean, gutuna bidali zion Ubarretxena alkateak, euren aurkako neurriak hartzeko eskatuz, eta lapurrek eragindako kalteei buruzko txosten bat ere bai. 

Gaur, ordea, txosten horretan batutako datuak eman dituzte aditzera Maria Ubarretxenak, Iñaki Arriaga udaltzainburuak eta Amaia Frontaura udaltzainburu ordeak. Emandako datuen arabera, herrian lapurreta gehien eragin dituen taldea 16 lagunek osatzen dute: denak Arrasaten bizi dira, eta 16 eta 31 urte bitartean dituzte.

Emandako datuen arabera, taldeko kide guztiak dira berrerorleak, eta guztira 189 aktuazio dituzte bizkar gainean. "Taldeko batek 42 aktuazio jaso ditu, eta hala ere, aske geratzen da epailearen aurretik pasa ostean. Gure esku dagoen guztia egiten dugu, baina inpotentzia itzela sentitzen dugu, behin eta berriz aske geratzen direla ikustean. Kokoteraino gaude".

Behin eta berriz lapurretan egitera bultzatzen dituzten arrazoiei buruz galdetuta, zera adierazi du Iñaki Arriaga udaltzainburuak: "Batzuek drogekin arazoak dituzte, bai, baina ez denek. Beste batzuentzat euren bizimodua ateratzeko bidea da; ez dute ez ikasten, ez lanik egiten, eta hortik bizi dira".

Drogekin arazoak dituztenen artean askotariko drogak kontsumitzen dituztela aipatu dute, eta heroinarekin arazoak dituztenak horietako talde murriztu bat dela. "Nik dakidala, bik dituzte arazoak heroinarekin" adierazi du alkateak. 

Gaizkile taldeak bururik edo arduradunik duen galdetuta ondorengoa azaldu dute: "Bi lagun dira taldeko buru. Horietako bat kartzelatik irten da duela gutxi, eta berriz eror ez dadin gazteago direnek egiten duten orain lan zikina" azaldu du Arriagak.  

"Botere judizialak du giltza" 

Herrian dagoen segurtasun faltaren ardura, hein handi batean justiziarengan dagoela esan dute: "Botere judizialak dauka giltza. Hemen kontua ez da lapurrak ez ditugunik harrapatu, edo atxilotu. Guztiz kontrakoa: harrapatuak izan dira, atxilotuak izan dira, behin eta berriz, eta hala ere aske geratzen dira. Horietako batek 42 atxiloketa ditu, beste batek 25, beste batek 20... eta hurrengo egunean aske geratzen dira, eta berriz egiten dituzte delituak. Hori dela eta eskatzen diogu fiskaltzari, mesedez, neurriak har ditzala". 

Udal Gobernuak hartutako neurrien artean honakoak aipatu ditu Ubarretxenak: "Hiru gutun bidali dizkiogu Jaurlaritzako segurtasun sailburuari: 2016ko abenduan, 2018ko urtarrilean eta 2019ko martxoan. Epaitegietara joan gara eta epaileekin hitz egin dugu. Baita gaizkileen abokatuarekin. Eta orain, fiskaltzara jo dugu".  

Delituak 'in crescendo'

Gaizkile talde honen aurka egindako aktuazioek gora egin dute, hauek egindako delituek gora egin duten heinean. 2014tik hona 193 aktuazio egin dira horien aurka, eta igoera hori nabaria da, batez ere, azken hiru urteetan.

  • 2014: 16 aktuazio
  • 2015: 14 aktuazio
  • 2016: 13 aktuazio
  • 2017: 29 aktuazio
  • 2018: 70 aktuazio
  • 2019: 51 aktuazio 

Fiskaltzaren neurriak

Gutuna bidaltzearen helburua Gipuzkoako Fiskaltzak neurriak hartzea da. "Epaileen lanean sartzea ez zaigu gustatzen, baina alkate moduan ez dut beste irtenbiderik, eta gure esku dagoen guztia egiten ari gara. Gutunaren helburua da fiskaltzak neurriak azkarrago hartzea: kartzelara bidaltzeko, erreformatorio batera bidaltzeko edo desintoxikazio zentro batera bidaltzeko" azaldu du Ubarretxenak.

Gaizkileen abokatuari neurriak hartzeko eskatu diote: "Uste dugu abokatuak zerbait egin dezakeela. Ez diogu eskatzen bere bezeroak kartzelan sartzeko, baina sar ditzala zentro batean, edo terapia batean". 

Gaizkileak aske

Zaila da ulertzeko hainbat delitu bizkar gainean dituzten gaizkileak behin eta berriz aske geratzea. Horri buruz galdetuta zera azaldu dute: "Hiru edo lau urte pasa daitezke gaizkile hauen aurkako sententzia irmo bat heldu arte, eta hori gehiegi da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak